Osasun Saila

Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute farmazialarien kolektiboak pazientearen segurtasuna bermatzeko betetzen duen "funtsezko zereginaren" garrantzia

2019.eko irailak 24

  • Ziurtatu dute osasun-sistema osatzen duten agente guztien inplikazioa behar dela pazientearen segurtasunaren kulturan aurrera egiten jarraitzeko.
  • Euskadin farmazia zaintzaileen sarea abian jartzeko lan egiten ari da. Sare horren xedea izango da sendagai baimenduen erabilerarekin lotzen diren segurtasun-arazoak saihestea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi dute pazientearen segurtasunekin duten konpromisoa; eta adierazi dute arlo horretan aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa dela “osasun-sistema osatzen dugun agente guztion inplikazioa”. Farmazialarien kolektiboaren inplikazioa ere bai, kolektibo horrek “funtsezko zeregina” betetzen baitu gure gizartean pazientearen segurtasunaren kultura sustatzeko garaian. Hala eman du aditzera Iñaki Betolaza Farmaziako zuzendariak, irailaren 25ean ospatzen den Farmazialarien Mundu Egunaren inguruan. Farmazialarien Mundu Egun horren leloa da Sendagai seguru eta eraginkorrak denontzat.  

Ildo horretan, Euskadiko farmazia zaintzaileen sarearen sorreran lan egiten ari da. Sare horren helburua izango da sendagai baimenduen erabilerarekin lotzen diren segurtasun-arazoak saihestea. Farmaziako zuzendariak azaldu duenez, farmazia-sare hori arduratuko da medikazio-erroreak hautemateaz eta jakinarazteaz, baita sendagaiek eragindako aurkako erreakzioak jakinarazteaz ere.

Farmaziak osasun-agentetzat jotzen direnez gero, haiekin ere lotzen da ekimen hori eta, hartara, Pazientearen Segurtasunaren Estrategian, 2017-2020, sartzen dira. Estrategia horren bidez aurreko 2013-2016 aldiko estrategiarekin erdietsitako lorpenak sakondu nahi dira —lehen estrategia horrek jasotzen zituen Osakidetzak sustatutako pazientearen segurtasunaren arloko proiektuak—, eta erakundeak arlo horretan egindako bideari jarraipena eman nahi zaio.

Farmaziako zuzendariak sendagai eraginkorren eta berritzaileen eskuragarritasuna bermatzeko ahaleginaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. Sendagaien segurtasunaren ebaluazioa eta sendagai horien eraginkortasunaren analisia da arlo horren lehentasunetako bat. Ildo horretan, eta segurtasunaren esparruan, Osakidetzaren Farmakojagoletzako Unitateak garrantzi handiko lana egiten du sendagaien erabilerarekin lotuta sortzen diren aurkako erreakzioak erregistratzeko garaian.  

“Farmazia Zuzendaritzak, farmazialari profesionalekin eta medikuekin elkarlanean, sendagaiak zentzuz eta egoki erabiltzeko gomendioak jasotzen dituzten oharrak prestatzen ditu, osasun-sistemak baimendutako eta finantzatutako indikazioetan. Helburua da sendagaien erabilera eraginkorra eta segurua bermatzea”, erantsi du Iñaki Betolazak.

ERREZETA ELEKTRONIKOA, BESTE URRATS BAT SEGURTASUNAREN BIDEAN

Pazientearen segurtasunaz hitz egiten dugunean, nahitaez aipatu behar da errezeta elektronikoa, errezeta horren ezarpena mugarria izan baitzen arlo horretan. Euskadin, 2012tik 2019ko irailera bitartean guztira 198 milioi baino gehiago errezeta elektroniko egin dira. Estatu mailan elkarreragingarritasuna abian jartzea ere segurtasuna hobetzeko beste urrats bat izan da, ziurtatu baita Estatuko edozein farmaziatan eman daitekeen sendagaia bat datorrela medikuak agindutakoarekin. 2018ko urtarrilean elkarreragingarritasuna abian jartzearekin, 1,8 milioi  errezeta elektroniko jaulki dira eta 160.000 hartu dira.

Errezeta elektronikoa onuragarria da erkidegoko farmazietan sendagaiak emateko garaian; sendagaiak behar bezala erabiltzen direla errazten du eta sendagaien eraginkortasuna eta segurtasuna handitzen du. Horrez gain, patologia zehatz baten inguruko tratamendu uniformeagoa ahalbidetzen du, eta horrek gaixoaren atxikidura erraztuko du. Era berean, tratamenduen kudeaketa hobea ekarri du, baita bikoiztasunak, medikazioen aurrerapenak eta abar saihestea ere.   

Bestalde, eta pazienteak une oro haien medikazioaren partaide izan daitezen, laguntza-tresna egokiak dituzte pazienteek, hala nola tratamendu aktiboko orria, pazienteen historial farmakoterapeutikoa modu sinplean jasotzen duena. Osasun-zentroan eta farmazian daude eskuragarri, eta Osakidetzaren web-orriko Osasun Karpeta atalaren bidez ere kontsulta daitezke.

Eskuragarri duten beste laguntza-tresnetako bat Nire tratamendua app-a da. App horri esker sakelako telefonoaren bidez kudea dezakete haien medikazioa.