Lanarekiko aurreikuspenei dagokienez, Euskadiko emakume gazteak gizon gazteak baino ezkorragoak dira
Gazteen Euskal Behatokiak Aurrera Begira izeneko ikerketaren seigarren edizioa, 2018 urteari dagokiona, aurkeztu du.
Ikerketa hau Gazteen Euskal Behatokiak burutzen du urtero 2013tik eta helburua bikoitza da: alde batetik, Euskadiko gazteek nola antzematen duten oraina jakitea eta, bestetik, epe laburrean, zeintzuk diren beraien etorkizunerako aurreikuspenak ezagutzea.
Horretarako Euskadiko gazteriaren lagin adierazgarri bati inkesta bat egiten zaie telefonoz. Lagina 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gaztek osatzen dute, 756 gizonek eta 756 emakumek.
2018an gazteen lan aurreikuspenei lotuta dauden hiru adierazleek hobekuntza nabarmena izan badute ere, hobekuntza hori ez da neurri berekoa izan emakumeen eta gizonen artean.
Lanean dabiltzan emakumeen % 38k uste dute litekeena dela urtebeteko epean lana galtzea edo lan baldintzak okertzea. Portzentaje hori gizonen artean % 23koa da.
Langabezian dauden gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino lana aurkitzeko itxaropen handiagoa dago: gizonen % 86k uste du epe laburrean lana aurkituko duela; emakumeen artean, ostera, % 77k uste du.
Ikasleen artean ere, beren prestakuntzari lotutako lana izatearen itxaropena handiago da gizonen artean emakumeen artean baino (% 82 eta % 70 hurrenez hurren).

Lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua izena duen adierazleak zera neurtzen du: urtebetean enplegua galtzea edo beren lan-egoera okertzea oso edo aski litekeena delako ustea duten langile gazteen ehunekoa. Adierazle honek ehuneko hiru puntuko beherakada izan du 2017ko datuarekin alderatuz, baina beherakada horren arrazoia lan egiten ari diren gizonen artean soilik gertatu da.

Lana aurkitzea aurreikustea adierazleak honako hau batzen du: urtebeteko epean enplegua aurkitzea espero duten langabe gazteen ehunekoa. Kasu honetan, bai emakume zein gizonen portzentajeek gora egin dute. Horrela ere, gizonen portzentajea emakumeena baino 9 puntu handiagoa da.

Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea izena duen adierazlea ikasten ari diren gazteak aztertzen ditu eta ikasketak bukatutakoan prestakuntzari lotutako enplegua aurkitzea espero duten ikasleen ehunekoa neurtzen du. Aurrekoan bezala, gizonen eta emakumeen artean hobera egin duen arren, gizonen ehunekoa 12 puntu handiagoa da. Gizonak emakumeak baino baikorragoak dira ikasketak bukotatuakoan prestakuntzari lotutako enplegua aurkitzeko itxaropenean.

Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean kontsulta daiteke eta bertan urtez urteko bilakaera eta adin-taldearen eta lurralde historikoaren araberako aldeak ikusi.
