Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen sailburuordeak eraikuntza jasangarria nabarmendu du zuraren sektoreko negozio-aukeren artean

Argitalpen-data: 

jornada_basquegur.gif
  • Euskadik urtean 11 milioi tona material erauzten du, eta % 35 biomasa da.
  • Ekonomia zirkularraren hurrengo estrategiak bertan ekoitzitako lehengai berriztagarriak erabiltzearen alde egingo du, erauzketa- eta inportazio-prozesuekiko mendekotasuna txikitze aldera.

Ingurumen sailburuorde Elena Morenok eraikuntza jasangarria zuraren sektorerako negozio-aukera izan daitekeela nabarmendu du, basogintzaren sektoreri lotutako ingurumen-ziurtagiriei eta lehiakortasun-tresna berriei buruz egin duten jardunaldian, gaur, Bilbon. Hala, adibide bat aipatu du: Eusko Jaurlaritzaren mendeko Visesa sozietate publikoak zura erabili du Hondarribian Europako hego-mendebaldeko zurezko eraikinik handienaren eraikuntzan.

Elena Morenok azpimarratu du Euskadik urtero lurraldean erauzten dituen 11 milioi tona materialen % 35 biomasari dagokiola, eta 2016an 300 mila tonatik gora paper eta kartoi inportatu zirela birziklatzeko.

Gainera, sailburuordeak azaldu du Eusko Jaurlaritzak laster onartuko duen Ekonomia zirkularraren estrategian zuraren sektoreak zeregin garrantzitsua izango duela. Estrategiaren jarduketa-ildoetako bat tokian toki ekoitzitako lehengai berriztagarrien erabilera izango da, erauzketa- eta inportazio-prozesuekiko mendekotasuna gutxitzeko helburuz, eta beste bat, produktuen eta eraikinen ekodiseinua. Ildo horretan, Elena Morenok eraikuntza-sektorea etxebizitza eta bulego modularrak, iraunkorrak eta jasangarriak eraikitzera bultzatu du.

Azkenik, basogintzaren sektoreak klima-aldaketaren borrokan duen eginkizuna nabarmendu du, batetik klimaren krisiak basoetako ekosistemetan izandako eraginekin lotuta, eta bestetik, basoek CO2 xurgatzeko duten ahalmenarekin. «Lehentasuna eman behar diogu basogintzaren sektorean berotegi-efektuko gasen isuriak gutxitzeko eta klima-aldaketara egokitzeko lagungarriak diren neurriak txertatzeari», adierazi du Morenok.