Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hizkuntza politikaren alorreko lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordeak hizkuntza ofizialak bultzatzea aldarrikatu du Bilbon, "akordioa eta hizkuntza bizikidetza" oinarri hartuta

2019.eko azaroak 20

  • EAEko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako gobernuetako ordezkariek urteroko ohiko bilera egin dute, berezko hizkuntzak sustatzeko ekintzak koordinatzeko
  • 'Hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa 'azpimarratu dute hizkuntza koofizialak dituzten sei erkidegoetako exekutiboek adierazpen batean
  • Gobernuek erabaki dute Estatuko Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria Guadi Galego galiziarrari ematea, bere azken lanarengatik: ‘Inmersión’

Euskadiko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako Erkidegoko gobernuek parte hartzen duten hizkuntza-politikaren arloko lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordeak urteko ohiko bilera egin du gaur Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Saio honen helburua izan da beren komunitateetako hizkuntza-politiketarako interesgarriak diren hainbat gai jorratzea, bai eta beren hizkuntzak sustatzeko ekintzak diseinatzea eta koordinatzea ere. Bilkura horretan, hizkuntza koofizialak dituzten sei autonomia erkidegoetako gobernuek adierazpen bat adostu dute, eta bertan "hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa" azpimarratzen dute, "akordioa eta hizkuntz bizikidetza" oinarri hartuta.

 Bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendaria; Valentin Garcia, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Agustina Vilaret, Balear Uharteetako Gobernuko Unibertsitate, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkaria; eta Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikako eta Eleaniztasunaren Kudeaketako zuzendari nagusia.

Bileran landutako gaiak honako hauek izan dira: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren hurrengo jarraipen-txostena; zinpeko itzultzaileak zuzenean gaitzea edo Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Hizkuntzen Bulegoko Ministeriora itzultzeko eskaerak; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD, ingelesezko sigletan); Hizkuntzaren teknologiak eta Europako beste proiektu batzuk; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Arkimedes Sariak; Estatuaren Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria, gobernuek Protokoloaren esparruan ematen dutena; edo urteko baterako lan-plana

Hizkuntza-politika eraginkorra eta hizkuntza-bizikidetza

Ekitaldi berean, ordezkari autonomikoek Bilboko Adierazpena plazaratu dute, eta gogorarazi dute "eleaniztasunaren, elkarrekiko errespetuaren eta ahultasun handieneko egoeran dauden hizkuntzen aldeko ekintza irmoaren ikuspegia partekatzen" dutela. Testuak nabarmentzen duenez, "derezko hizkuntzak dituzten gobernu autonomikoek, sentsibilitate eta aukera politiko desberdinetatik abiatuta lan egiten dugu, eta errealitate oso desberdinetan jarduten dugu, baina aniztasun horrek ez digu inolako oztoporik jartzen arazoak antzemateko eta konponbiderako proposamenak elkarrekin adosteko, hain zuzen ere, sinetsita gaudelako hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetza, elkar ezagutzea eta aitortzea, bai eta elkar aberastea ere, demokrazia sakonenaren isla direla".

Lankidetza Protokoloa

2007an, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak hizkuntza-politikaren arloko lankidetza-protokolo orokorra sinatu zuten, eta, ondoren, Balear Uharteetako Gobernua eta, 2017an, Valentziako Generalitatea eta Nafarroako Gobernua atxiki zitzaizkien. Hizkuntza propioa duten eta ofizialtasun-estatusa duten autonomia-erkidego guztien lehen lankidetza-esparrua da, dagozkien autonomia-estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Protokoloak esparru orokor bat eta metodologia bat finkatzen ditu komunikazioaren arloan elkarrekiko lankidetza garatzeko, bilakaera soziolinguistikoaren jarraipena egiteko azterlan eta ikerketei buruzko informazioa trukatzeko, argitalpen elektronikoak zabaltzeko, hizkuntza-eskubideen arloan emandako urratsak zabaltzeko eta hizkuntza-planak ezartzeko esperientzietarako.

Terminologiaren arloan, metodologiei eta lan-prozesuei, terminologiaren normalizaziorako irizpideei, hedapen-estrategiei eta ezarpen-mailaren jarraipena egiteko metodoei buruzko informazioa trukatzea aurreikusten da. Estatuko Administrazioaren eta EBren esparruan hizkuntza ofizialak babesteari eta erabiltzeari dagokionez, sustatuko da horiek arau-neurriak eta -ekintzak har ditzaten eta beren erakundeetan gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialak erabiltzea ahalbidetu dadin. Arlo sozioekonomikoa, irakaskuntza, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, hizkuntzaren erabilera soziala edo nazioartean zabaltzea ere kontuan hartu dira.