Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lau beka jarri ditu abian hizkuntza ete genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko

Berdintzen.jpg

2019.eko azaroak 15

  • Berdintzen programak 60.000 euroko aurrekontua izango du eta, besteak beste, euskararen biziberritze prozesuan emakumeek izan duten papera aztertuko du.

 

Gasteiz, 2019/11/15       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Berdintzen programa jarri du abian hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak sustatzeko. Programa berri honen bitartez lau beka jarriko dira martxan, ikerlariek euskara eta generoari lotutako gai ezberdinak jorra ditzaten. Proiektuak 60.000 euroko aurrekontua izango du.

                Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lehen aldiz bultzatu du proiektu hau, genero-berdintasunarekin Eusko Jaurlaritzak duen zeharkako konpromisoaren baitan. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duenez, helburua da genero ikuspegia txertatzea euskararen inguruko ikerketaren alorrean. “Genero Berdintasunaren Planaren baitan, gogoeta eta ikerketa sustatu nahi dugu. Gure asmoa da pausoak ematea ikerketan sakontzeko; izan ere, datuek esaten digute generoak eragiten duela hizkuntza portaeran eta aldagai esanguratsua dela. Bestalde, badakigu emakumezkoen papera euskara biziberritzeko prozesuan oso garrantzitsua izan dela, eta hori ere ikertu nahi dugu”, adierazi du.

Esleituko diren beken ikerketa-gaiak honakoak dira:

  1. Lehenengo beka: Hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
  2. Bigarren beka: Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
  3. Hirugarren beka: Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan-mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
  4. Laugarren beka: Hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Ikertzaileek 12 hilabeteko epea izango dute ikerketak gauzatzeko. Ondoren, epaimahaiak baloratu eta aztertuko du eraikitako ezagutza berriaren zabalkundearen nondik norakoa zein izango den.