Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ehun bat pertsonak parte hartu dute Gorliz-Plentziako hondartzan egindako itsas kutsaduraren simulazioan

Argitalpen-data: 

Ariketaren bidez Euskadiko kostaldera istripuz iritsitako ustezko egoera kutsatzaile baten aurrean abian jarritako erakundeen arteko lankidetza probatu da

Gorliz, 2019ko azaroak 13.

Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko eta beste hainbat erakunde eta organismotako baliabideek parte hartu dute gaur Gorliz-Plentziako hondartzan egin den simulakroan. Itsas kutsaduraren simulazioa erakundeen arteko lankidetza ebaluatzeko egin da, Itsasertza - Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezian jasotako planei jarraituz eta era horretako arazoen aurrean planaren eta Erantzuteko Sistema Nazionalaren (SNR) inbrikazioa aztertzeko.

Simulakroan izan dira, beste hainbat agintariren artean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Gobernuaren Ordezkaria, Jesús Loza, María Presa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeko zuzendari nagusia, Itziar Martín Trantsizio Ekologikorako Ministerioko zuzendariordea, Nagore Utxupi Gorlizeko alkatea eta Elixabete Uribarri Plentziako alkatea.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua da Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziko larrialdi-fasea aktibatzeko arduraduna, eta gaur Gorlizeko hondartzan egin den simulakro-ariketako erakundeen arteko lankidetza balioetsi du, bai eta atzo Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako egoitzan, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak gainbegiratuta, egin zen simulakro-ariketa teorikoa ere.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan sailburuak azpimarratu duenez, “atzokoa bezalako simulazio-ariketei eta gaur egindakoa bezalako simulakro praktikoei esker lekuan bertan ebaluatu dezakegu gure kostaldera eta gure hondartzetara irits daitezkeen isurketa kutsatzaileen aurrean administraziook baliabideak koordinatzeko eta laguntza logistikoa emateko dugun ahalmena”. Bestalde, eskerrak ere eman dizkie simulakroan lagundu duten administrazioetako teknikariei euren inplikazioagatik eta profesionaltasunagatik: “baldintza meteorologikoak ez dira simulakro bat egiteko egokienak izan, eta, hain zuzen ere, horregatik du meritu handiagoa Gorlizeko hondartzan egindako ariketa praktikoak. Eskerrak eman nahi dizkiet ariketa gauzatu ahal izateko lan egin duten pertsona guztiei, eta horrek agerian jartzen du egoera txarretan ere koordinatuta lan egiteko gai izango garela”.

 

Aurretik simulazio teorikoa Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako Zentroan

Atzo Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako Zentroan, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak gainbegiratuta, egin zen simulakroan fuel-olioa, 4.000 tona, zeramatzan petrolio-ontzi baten eta merkantzia-ontzi baten arteko talka simulatu zen Billano lurmuturraren inguruan, eta itsasontzia jitoan geratu zen.

Simulazio teorikoan kalkulatu zenez, hasierako isurketa 175 t/orduko izan zen, eta ondoren 1.000 t/orduko, eta haizeak eta mareak isurketa Gorliz-Plentziako hondartzara desbideratu zuten.     

Simulakro teorikoaren baitan, istripua izan zuen petrolio-ontziaren kapitainak hartu zuen lehenengo erabakia izan zen gertaeraren berri Bilboko Itsas Salbamenduko eta Kutsaduraren aurkako Zentroari ematea, eta honek ‘Alcyone’ salbamendu-ontzia, ‘María de Maeztu’ atoiontzia eta itsas salbamenduko Helimer helikopteroa mobilizatu zituen eta gertatutakoaren berri Bilboko Itsas Kapitaintzari eman zion. Hau, berriz, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko SOS Deiak zentroarekin harremanetan jarri zen.

Hortik aurrera, SOS Deiak zerbitzutik itsas-kutsaduraren IGM taktika aktibatu zen, eta horren, baitan, besteak beste, hondartzak garbitzeko Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza aktibatu ziren.

Egoera ikusita, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Itsasertza - Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-fasea aktibatu zuen, isurketa kostaldera irits zitekeela ikusita, eta berez halaxe gertatu zen simulakroan.

 

Simulakroa Gorlizeko hondartzan.

Garatu zen simulazio-ariketaren konplexutasunaren ondorioz ehun bat pertsona mobilizatu eta koordinatu behar izan ziren ongi antolatuta lagundu zezaten Gorliz-Plentziako hondartzan. Baliabideak isurketa aurkitu, identifikatu, bolumena neurtu eta garbitzera, itsas eta kosta azpisistemetako planak koordinatu eta integratzera, hondakinen garraioa eta kudeaketa simulatzera, eta isurketak kaltetutako fauna hartzeko eta tratatzeko zentroak simulatzera bideratu ziren.

 Simulakroa amaitu ondoren, eta bertan jasotako informazioarekin eta aurre egin behar izan zitzaien gorabeherak kontuan hartuta, zerbitzu ezberdinen arduradunek ariketa baloratuko dute aurrera begira jardun behar izaten denerako hobekuntzak egiteko.