Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak, UNErekin elkarlanean, kalitatea kudeatzeko bost ISO arau euskaratu ditu, eta enpresen artean hedatzen hasi da

ISO_bat.jpg

2019.eko urriak 28

Gasteiz, 2019/10/25       

Arlo sozioekonomikoan euskara bultzatzeko bere helburuarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak euskaratu ditu ISO kudeaketarako bost arau, eta dagoeneko enpresen esku utzi ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UNEk 2017an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenari esker egin ahal izan da urrats hori. Jaurlaritzak, gainera, zirkular bat igorri die euskal enpresei, aipatutako arauak euskaraz eskuragarri dituztela jakinarazteko.

                Euskarara itzulitako bost arauak honako hauek dira:

  • UNE-EN ISO 9001 Kalitatea kudeatzeko sistemak. Eskakizunak.
  • UNE-EN ISO 14001 Ingurumen-kudeaketako sistemak. Erabiltzeko eskakizunak.
  • UNE-EN 91OO Kalitatea kudeatzeko sistemak. Abiazio-, espazio- eta defentsa-organizazioetarako eskakizunak
  • UNE 19601 Konplimendu penalerako kudeaketa sistemak. Eskakizunak eta erabiltzeko gomendioak.
  • UNE-EN ISO/IEC 27001 Informazioaren teknologia. Segurtasun teknikak. Informazioaren segurtasunaren kudeaketa-sistemak. Eskakizunak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Javier Garcia Diaz UNE Espainiako Normalizazio Elkarteko zuzendari nagusiak 2017ko amaieran sinatu zuten neurri horiek bultzatu dituen akordioa. Hitzarmenaren helburua da ISO arauak euskarara itzultzeko programa bat garatzea hitzarmenak iraungo duen lau urteetan, baina epe hori baino gehiago luzatu ahal izango da. Arau tekniko horiek merkatuak jardunbide egokiei buruz duen adostasuna islatzen dute, erakundeen lehiakortasunerako funtsezkoak diren gaiei heltzeko orduan, enpresen ziurgabetasuna ezabatuz. Euskaratzeaz gain, ISO arauak  galiziera eta katalanaera ere itzultzen dira.

Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, hitzarmenaren xede den programaren UNE arauak euskaratzeaz arduratzen da, baita beharrezko eguneraketez ere. Horrez gain, urteko programan txertatu nahi diren arauen zerrenda sinatuko da urtean behin.

 

 

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak arauen euskarazko itzulpena entregatu behar die UNEko arduradunei, bertsio hori eta UNE arauari dagokion jatorrizko bertsioa bat datozela bermatuz. Bestalde, hitzarmenaren indarraldian zehar, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urteko partida bat jasotzen du aurrekontuetan arauen itzulpengintzarako.

Azkenik, UNE arduratzen da, beste gai batzuez gain, hitzarmenaren xede den lan-programatik eratorritako arauen euskarazko bertsioak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abalatuak, editatu eta hedatzeaz. Edizioaren kostuak UNEk hartzen ditu bere gain. Erakunde horrek baimendu egiten du EUSKALTERM Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatzea hitzarmen honen xede diren UNE arauetan barne hartutako terminoak eta jendartean hedatzea, betiere beren jatorria azalduta.

Normalizaziorako Espainiako Elkartea, UNE, Espainiako Estatuan arau teknikoak garatzeaz legez arduratzen den erakundea da, eta ehun ekonomikoaren eskueran jartzen du munduko katalogo osatuenetako bat. UNE Espainiako ordezkaria da Nazioarteko normalizazio-erakundeen aurrean (ISO eta IEC), baita Europakoen (CEN eta CENELEC) eta COPANTen aurrean ere. Gainera, Espainiako normalizazio-erakundea da ETSIn.