Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak klima-krisiaren aurrean hartu dituen neurriak aurkeztuko ditu NBEren Klimaren Goi Bileran eta New Yorkeko Klimaren Astean

Argitalpen-data: 

  • Irailaren 23tik 29ra, AEBetako hiri hori klima-aldaketaren inguruko eztabaidaren erdigunea izango da, Parisko Akordioaren betearazpena bultzatzeko xedez mundu osoko gobernuak, gizarte zibila, erakundeak eta enpresak bildu nahi dituen zita batean
  • Ingurumeneko sailburu Elena Morenok Euskadiko Klima-aldaketaren etorkizuneko legearen xehetasunak azalduko ditu politikaren eta enpresaren alorreko 600 liderren baino gehiagoren aurrean 
  • Klimaren Goi Bilera eta New Yorkeko Klimaren Astea abenduaren hasieran Txilen egingo den COParen ataria dira

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak eta Aitor Zulueta Natura Ondare eta Klima-aldaketaren zuzendariak gidatzen dute Nazio Batuen Erakundearen Klimari buruzko Goi Bileran eta Klimaren Astean parte hartzeko xedez gaur bertan New Yorkerantz abiatu den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza. Ezin saihestuzko bi zita dira, bertan neurtuko baita berokuntza globala gelditzeko xedez gobernuek hartu duten konpromisoa. Halaber, Parisko Akordioaren betearazpenerantz egin diren aurrerapenak ere aztertuko dira.

Moreno sailburuordearen agendan dagoen lehenengo ekitaldia bihar astelehenean izango da, irailak 23, NBEren Klimaren Goi Bileran parte hartuz. Idazkari Nagusi António Guterresek eskatu die lider guztiei 2020 uretarako plan konkretu eta errealistekin joan daitezela New Yorkera, ezarrita dagoen jarraibidea betez, alegia, berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murriztea hurrengo hamarkadan eta zerora 2050erako.

Asteartean, irailak 24, euskal ordezkaritzaren ekitaldi nagusia egingo da. Bertan, Ingurumeneko sailburuordeak lurraldeak klima-krisiaren aurren dituen erronka nagusiak aurkeztuko ditu, eta baita Euskadiko Klima-aldaketaren etorkizuneko legeak jasotzen dituen neurriak ere –legea tramitazio prozesuan dago gaur egun-. Aurkezpena The Hub foroan egingo da. Berau goi mailako foro bat da, mundu osoko politika eta enpresaren alorreko 600 lider inguru bilduko dituena The Climate Groupek sustatzen duen Klimaren Astearen ekitaldien baitan.

Irailaren 25 eta 26rako, aurreikusita dago bi aldeko bilerak egitea eskualde-gobernu batzuekin, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritzaren egoitzan. Topaketa horietan, lan-ildo konpartituak esploratuko dira klima-ekintzaren alorrean, eta eskualde-gobernuek klima-krisiaren aurrean jotzen duten rol garrantzitsua errebindikatuko da; izan ere, gobernu horiek erraztu dezakete estatuek nazioarteko akordio nagusiak betetzea, eta toki eta udal mailan aplikatzeko politika eta jarduerak bultzatu ditzakete.

Txileko COP 25aren aurrekoa

Nazio Batuen Erakundearen Klimaren Goi Bilera eta Klimaren Astea COP 25 hasi baino bi hilabete baino lehenago soilik egiten dira, hau da, Alderdien Klima-aldaketari buruzko hogeita bosgarren Konferentzia hasi aurretik. Aurten, konferentzia Txileko Santiagon izango da, abenduaren 2tik 13ra bitartean, “Jarduteko garaia da” lematzat hartuta, kontuan hartuta beharrezkoa dela herrialde guztiek areagotu ditzatela euren konpromisoak berokuntza globala 1,5ºC-tik behera mugatzeko.