Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Haizearen Orrazia kultura-ondasun kalifikatu gisa aitortzea onartu du, monumentu-multzo kategoriarekin (Gobernu Bilera 2019-12-26)

Argitalpen-data: 

logoconsejo.jpg

Babes proposamenak alegazio fasea gainditu du jada, eta Peña Gancheguik diseinatutako Plaza, Eduardo Chillidaren hiru eskulturak eta inguru naturala hartzen ditu bere baitan.

 Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, bere gaurko bilkuran, onartu du Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan sartzea Haizearen Orraziko Eskulturek eta Plazak osatzen duten multzoa, bere inguru naturalarekin. Azken urrats honen ondorioz, alegazioen fasea gaindituta, multzoa kultura-ondasun kalifikatu gisa aitortzen da, monumentu-multzo kategorian, ondasun horri balio emanez eta baldintzarik onenetan zaindua izango dela ziurtatuz.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak joan den otsailean aurkeztu zuten Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatzen duten multzoa babesteko proposamena. Egun hartan bertan argitaratu zen espedientea hasteko proposamen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 20 eguneko alegazio-aldia hasi zen. Orain, alegazioak ebatzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak babes kalifikazio gorena onartu du.

Haizearen Orraziaren multzoaren babesak hiru esparru hartu ditu kontuan: Peña Gancheguik diseinatutako Plaza, Eduardo Chillidaren hiru eskulturak eta natura-ingurunea. Inguruaren babes horren barruan, obraren ikusizko ikuspegia sartzen da (1.500 metroko ikusmen-irismenarekin), obraren inguruko itsas paisaia ere babestuz, paisaia babesteko beste araudi batzuetan babestu den modu berean. Izan ere, babes-proposamenaren ardatzetako bat obraren eta naturaren arteko lotura da: "Obraren izaera hiritarraren eta izaera naturalaren arteko muga hori funtsezko faktorea da proiektuaren ikusmoldean", jaso zuen babes-espedienteak.

Otsailean aurkeztutako babes-proposamenarekin alderatuta, aldaketa nagusia itsas ingurunea babesteko neurrien zehaztapenarekin dago lotuta, etorkizuneko Atlantikoko Itsas Mugapeko Itsas Eremua Antolatzeko Planaren mende geratuko baita. Izan ere, Gobernu zentralaren mendeko Kosta Zerbitzu Probintzialak alegazioak aurkeztu zituen, azpimarratuz babestutako itsas ingurune naturala itsasoko estatuaren jabari publikoaren parte dela, eta, ondorioz, babes-neurriek koherenteak izan behar dutela etorkizuneko Itsas Eremuaren Antolamendurako Planarekin.

Babes hori onartu ondoren, multzo hori osatzen duten elementuak babesteko araubide bat ezarri da. Ondasunaren elementuak ondoko babes-mailen arabera babestuko dira: babes berezia, erdi-mailako babesa, babesik gabeak eta, azkenik, bat ez datozenak. Proposamenak zehaztu egiten du zein izan behar duen elementu bakoitzari dagokion babes-mailak.

Babes bereziko elementu bezala onartu dira funtsezko balio arkitektoniko edo artistiko duten ondasunak. Honako hauek izango dira:

  • Eduardo Chillidaren burdinezko hiru eskulturak; bere harkaitz-oinarriak hartzen dira barnean.
  • Plazaren jatorrizko arkitektura, ‘babesik gabeak’ atalean zerrendatutako elementuak izan ezik.
  • Igeldoko mendi-hegal naturala.
  • Iraunkorki murgilduta ez dauden harkaitz-behealdeak.

Ingurune hori kultura-ondasuntzat kalifikatzeak ingurua babesteko neurriak hartzera behartzen du Donostiako Udala, dagoeneko egiten ari den bezala. Era berean, kalifikazio hori ezinbesteko baldintza da UNESCO Gizateriaren Ondare izendatzeko balizko prozesu bati ekiteko.