Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu euskal itsas ondarea babesteko, ezagutzera emateko eta balioa emateko proiektuak laguntzen  (Gobernu Bilera 2019-09-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 17

  • Ontziak museoratzea, ontziolak eraberritzea edota egurrezko ontziak egokitzea dira diruz lagundu daitezkeen ekimenetako batzuk

Eusko Jaurlaritzak onartu du, bere gaurko saioan, 200.000 euroko aurrekontua euskal itsas ondarea babesteko, hedatzeko eta horri balioa emateko. Dirulaguntza deialdi hau iaz jarri zen abian eta bost modalitate jasotzen ditu. Ondorengo ekintza hauek babestuko dituzte dirulaguntzek:  egurrezko ontziak museoratzea; jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak konpontzea eta armatzea; lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako beste elementu batzuk) balioa ematea; egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzea; eta, azkenik, ondare horri balioa emateko ekitaldiak antolatzea.

Kontuan izanda historikoki itsas ondarea ez dela behar bezala babestu, deialdi honen bitartez oraindik geratzen dena babestu nahi duten ekimenak bultzatuko dira. Izan ere, motorrak eta teknologia berriak sartzean edota materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu gabe) aldatzean, sektorea eraldatzen joan da eta bere elementu historiko asko galdu ditu. Horrela, dirulaguntzek arreta berezia jarriko dute norbanakoek eta elkarteek dituzten egurrezko ontzi tradizionalak zaintzen, gero eta gutxiago baitaude euskal portuetan.

Dirulaguntza hauen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emateko edo horiei balioa emateko helburuarekin egingo diren inbertsioen % 50 ordaindu ahal izango da gehienez.  Hona hemen laguntzen barruan jaso diren bost modalitateak:

Egurrezko ontzietan lanak egitea, horiek museoratzeko helburuarekin. Diruz lagundu ahal izango dira:

  • Esku hartu edo zaharberritu aurretik irizpideak finkatzeko behar diren azterketak edota analisiak.
  • Ontzien barruko zein bertan sartzeko segurtasuneko eta sarrerako obrak edo elementuak.
  • Ontziaren izaerarekin loturarik ez duten eta interpretaziorako beharrezkoak diren kartelak, taulak eta erakusketako beste edozein mekanismo.
  • Bertan ez dira sartuko ontziaren zaharberritze-lanak edo egitura-ekipamenduak (motorrak, belak, mastak…).

Jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak armatzea eta prestatzea.

  • Segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendu-gastuak barne hartzen dira, baita ontziari balioa emateko gastuak ere (halakorik baleude).
  • Nabigatzeko behar diren egitura-obrak.

Lehorreko instalazioak balioestea: ontziolak, lonjak eta portuko elementuak. Ontziralekuak bezalako egitura txikiagoak ere barne hartzen dira. Balioa handitu dezaketen elementuek hala jasota eta baloratuta egon beharko dute Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren kultur ondareko katalogoetan. Modalitate horren barne honako hauek biltzen dira:

  • Aurretiko azterketak: esku hartzeko irizpideak zehazteko behar diren azterketa historikoak, arkeologikoak edota ondarezkoak.
  • Balioa ematearekin bateragarri ez diren zatiak edo elementuak ezabatzea.
  • Eraikinak erabiltzeko prestatzea. Proiektu teknikoak, obren zuzendaritza eta instalazio orokorrak.
  • Burutu beharreko museoratzeari edo balioa emateari lotutako azpiegiturak, taulak eta kartelak.
  • Ez dira zaharberritze- eta urbanizazio-obrak barne hartzen.

Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak. Nabigatzeko ontziak behar dituen lizentzien eta baimenen tramitazio-gastuak barne hartzen dira, baldin eta esku-hartzea ontziaren ezaugarrietara mugatzen bada eta ondare-balioak kaltetzen ez badira.

 Egurrezko itsasoko kultur ondareari balioa emateko ekitaldiak edo jarduerak. Itsasoko kultur ondareari balioa emateari zuzenean lotutako ekitaldien parteak edo jarduerak diruz lagunduko dira (ontzi tradizionalen kontzentrazioak, erakusketak, hitzaldiak...).