Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak 1.850.000 euro onartu ditu enpresetan euskara planak egiten laguntzeko, Lanhitz deialdiaren bitartez (Gobernu Bilera 2019-07-16)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • Lerro honen dirulaguntzei esker, iaz 49.971 langile dituzten 136 enpresa lagundu ziren; deialdiak iaz baino 200.000 euro gehiago izango ditu aurten

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, bere gaurko bileran, 1.850.000 euro onartu ditu Lanhitz deialdirako, iaz baino 200.000 euro gehiago. Dirulaguntza lerro honen helburua da Euskadiko enpresei laguntzak ematea euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko beren lantokietan. Laguntza hauek jasoko dituzten enpresek diru kopuru bat izango dute euskara planak garatu ahal izateko. Iazko deialdiaren bitartez 49.971 langile dituzten 136 enpresa lagundu ziren.

Finantzazio-lerro hau eremu sozio-ekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzeko dagoen bide garrantzitsuenetako bat da. EAEn lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen euskara-planaren diseinua eta kudeaketa-plana laguntzen dira deialdi honen bidez. Zehazkiago, euskara-planak modu sistematizatuan diseinatzen, jarraipena egiten eta ebaluatzen laguntzeko eratu zen Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) ezarritako helburuak eta jarduerak enpresa pribatuetan gauzatu ahal izateko berariazko diru-laguntza izan nahi du.

Deialdi honen bitartez, gehienez ere 35.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete eskatzaileek eta 1.000 eurotik beherako dirulaguntzarik ez da esleituko. Halaber, proiektuaren autofinantzaketak gutxienez % 40koa izan behar du. Gainerako % 60rainoko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok helburu bertsurako eman ditzakeenekin. Eskatzaileak 250 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko du.

Iaz 136 enpresa lagundu ziren deialdi honen bidez: 82 Gipuzkoan, 49 Bizkaian eta 5 Araban. Sektoreei dagokienez, % 53 zerbitzuetakoak izan ziren eta % 47 industriaren sektorekoak. Lagundutako enpresa guztien % 34 txikiak izan ziren (50 langile baino gutxiago), % 37 ertainak (50 eta 250 langile bitartean) eta, azkenik, % 29 enpresa handiak ziren (250 langile baino gehiago). Lagundu ziren enpresetako langileen % 49 elebiduna da (euskara-gaztelania).