Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioiren bekak iragarri ditu nekazaritzako elikagaien sektoreko ikertzaile eta teknologo gazteentzat (Gobernu Bilera 2019-10-29)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 29

  • Nekazaritzako elikagaien balio kateak etorkizunean edukiko dituen profesionalei garapen teknologikoko eta berrikuntza enpresarialeko alorretan laguntzeak exekutibo autonomoarentzat duen garrantzi estrategikoa berresten dute 
  • 2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 240 beka finantzatu dira guztira (107 gazte ikertzaileentzat eta 133 gazte teknologoentzat)

2020an Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Programako gazteentzako hamabi beka (doktoretza aurrekoak) eta nekazaritza eta arrantzaren sektoreko eta elikagaien sektoreko ingurune zientifiko-teknologikoan eta enpresakoan Teknologoen Prestakuntzarako Programako hamar beka deitzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken kontseilu bileran. 1,8 milioi euro inguru bideratu dira beka horietara.

2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 240 beka finantzatu dira guztira (107 gazte ikertzaileentzat eta 133 gazte teknologoentzat); datu horrekin, ideia bat egin dezakegu zein garrantzi estrategiko duen exekutibo autonomoarentzat etorkizuneko profesionalei laguntzeak, nekazaritzako elikagaien balio kate osoan I+G+B jarduera sustatze aldera.

Hala jasotzen du Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoak (GEPE), zeinak exekutibo autonomoaren politikaren ildo nagusietako bat izanik berrikuntzaren bitartez, ezagutza berriak txertatuz eta agente guztien lankidetzaz Elikaduraren Balio Katearen agente guztien lehiakortasuna oro har hobetzea bilatzen baitu, besteak beste.

Laguntzak estuki loturik daude, halaber, Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako finkatutako Herrialdeko Helburuetako batzuekin, hala nola hauekin: langabezia %10etik behera jaistea eta gutxienez 20.000 gaztek lehen lan esperientzia eduki dezatela lortzea.

Laguntzen zenbatekoa

Prestatzen ari diren ikertzaileek (doktoretza aurreko bekak) 19.000 euro eskuratuko dituzte lehen urtean, 20.000 bigarren urtean, 22.000 hirugarrenean eta 28.000 laugarrenean. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 2.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, beste ikerketa zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko edo beste kurtso batzuk egiteko erabiliko da, esaterako.

Teknologoen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 14.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuotak. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 1.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko gastuak ordaintzeko erabiliko da, gastuak justifikatu ondoren.

Laguntzen onuradun diren pertsonak sektorean erreferenteak diren ikerketa zentroetan sartuko dira, hala nola Neikerren, Aztin eta Leartikerren. Beketako batzuk, halaber, EHUko zentro batzuetan eta Basque Culinary Centerren ere garatuko dira. Prestatzen ari diren ikertzaileen kasuan, haiek atxikita daudeneko organismo, zentro edo erakunde bakoitzak ikertzaileek jasoko duten ordainsari gordina eta kotizazio motei dagozkien gizarte segurantzako kuotak eta hobariak eskuratuko ditu. Teknologoen kasuan, Eusko Jaurlaritza bera da erakunde ordaintzailea.

Aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindua EHAAn argitaratzen den egunean kontatzen hasita. Eskaerak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren menpeko Elikagaien Kalitateko eta Industrietako zuzendari helaraziko zaizkio, helbide honetara bidalita: Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

Interesdunek kanal telematikoa zein presentziala erabili ahal izango dituzte, eta kasu bietan Eusko Jaurlaritzako Egoitza elektronikoan sartuko dira http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ webgunearen helbidean.