Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadiko Landa eta Itsasertzaren Garapenerako Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzek 318 proiektu abiarazi dituzte, 50 milioi euro inguruko inbertsiorekin

2019.eko urtarrilak 25

  • Leader, Erein eta Itsaspen lerroen bitartez finantzatu dira, Euskal Herriko Landa Garapenerako 2015-2020 Progamaren baitan (OSOA)
  • Igandean, Gipuzkoako Aia herrian, Andatza auzoko eskola lokal polibalente bihurtzeko egokitzapen lanen inaugurazioa egingo da, eta Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendari Irma Basterra bertan egongo da

 Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro baino gehiagoren laguntzak martxan jarri ditu Leader, Erein eta Itsaspen programen bitartez, Euskadiko landa eta itsasertz ingurunetako udalerrien garapen sozialean eta dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko asmoarekin. Finantzatutako 318 proiektuek 50 milioi euroren inguruko inbertsioak aurreikusten dituzte eta batez ere enpresak sortzera, handitzera eta modernizatzera, besteren konturako kontratazioak egitera, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak eraikitzera eta konpontzera, turismoa sustatzera, eta gune horietako biztanleen bizi kalitatea eta etxebizitzen sarbideak hobetzera zuzenduta daude.

Mendinetek –Euskadin dauden Landa Garapeneko 18 Elkarteek eta Hazi Fundazioak osatutako taldea– kudeatzen ditu laguntza hauek; Euskadiko Landa Garapeneko Programak (OSOA) –gure Autonomia Erkidegoan landa eta itsasertzaren garapenerako funtsezko oinarria– dituen tresna finantzario nagusienetako bat dira laguntza horiek.

OSOAren barruan, erakundeak elkarrekin ari dira lehen sektoreak eta landa inguruneak dituen erronka nagusiei aurre egiteko, hala nola hauei: belaunaldi arteko erreleboa, lehen sektorearen modernizazioa, berrikuntza eta lehiakortasun ideien garapena, eta nekazaritza elikagaien, abeltzaintzaren eta basogintzaren eremuen gaineko prestakuntza.

Leader programa

2015ean Landa Garapeneko Plana abian jarri zenetik Leader Programaren bi deialdi egin dira (2017 eta 2018). Deialdi horien bitartez Eusko Jaurlaritzak 17 milioi euroren laguntzak onartu ditu (7 milioi 2017an eta 10 milioi 2018an), eta diru horrekin 382 proiektu finantzatu dira guztira Euskadiko landa guneetan, proiektuetan 45 milioi inguruko inbertsioak eginda. Lurralde historikoen arabera, Bizkaiari 3,47 milioi egokitu zaizkio (inbertsioak, berriz, 4,84koak izan dira 2018an eta 9,6koak 2017an), Gizpukoari 3,56 milioi (aurreikusitako inbertsioak, berriz, 8,2 milioikoak izan dira 2018an eta 6 milioikoak 2017an), eta Arabari ia 10 milioi (inbertsioak, berriz, 5,98 milioikoak 2018an eta 12 milioikoak 2017an). Proiektuen tipologiari dagokionez, azpimarratzekoa da proiektu gehienak azpiegitura publikoetarako (174), landa guneetan kokatuta dauden nekazaritzakoak ez diren enpresetan inbertsioan egiteko (102) eta landa guneetan nekazaritzakoak ez diren enpresak sortzeko (54) izan direla.

2018an, 458 eskaera aurkeztu dira guztira Leader programan (233 Araban, 148 Bizkaian eta 77 Gipuzkoan), eta horietatik 187 onartu dira (97 Araban, 49 Bizkaian eta 41 Gipuzkoan). Guztira, 9,97 miloi euro jaso dituzte, aurreikusitako inbertsioak 33,9 milioikoak izanda (20,8 Araban, 8,2 Gipuzkoan, eta 4,84 Bizkaian).

Proiektuen tipologiaren arabera, onartu diren proiektu gehienak hauetarako erabili dira: bizi kalitatea hobetzeko (98 proiektu, aurreikusitako inbertsioa 22,95 milioi eurokoa izanik), jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko (89 proiektu, 11,9 milioi euroko inbertsioa izango dutenak), eta azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko (82 proposamen, 18 milioi euroko inbertsioa izango dutenak). Enpresak edo Start-upak sortzeko 34 proiektu, etxebizitzak sortzeko edo hobetzeko 16 proiektu eta langileak kontratatzeko 11 proposamen ere onartu dira.

Eskualdeka begiratuta, onartu diren proiektu kopururik handiena (22 proiektu, 2,55 milioiko inbertsioarekin) Bizkaiko Enkarterrialdean kokatzen dira, eta horren ondoren, proiektu kopuruari dagokionez, Gipuzkoako Tolomendi (21 proiektu, 3,83 milioiko inbertsioarekin) eta Arabako Mendialdea (20 proiektu, 6,26 milioiko inbertsioarekin) daude.

Erein programa

Erein programari dagokionez, udalerriei ez ezik Leader programan sartzen diren landa guneek baino landa izaera txikiagoa duten guneetan dauden era guztietako erakundeei ere zuzenduta dago –elkarteak, Administrazio Batzarrak, Koadrillak, Mankomunitateak–.  Dirua Eusko Jaurlaritzak baino ez du jarriko eta bi lerro ondo bereizita dauzka: Lehen lerroko laguntzak udal erakundeei eta beren sozietateei zuzenduta daude, eta bizi kalitatea hobetzeko eta turismoari lotutako ondare kulturalean eta naturalean inbertsioak egiteko proiektuak laguntzeko dira, baita erabilera publikorako aisialdi, turismo eta informazio azpiegituretarako ere. Bigarren lerroa, berriz, dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko eta enpresak sortuz eta garatuz enplegua sortzeko jarduerak finantzatzeko erabiltzen da.

2017an eta 2018an, 12,75 milioi euroren laguntzak eman dira guztira; 7,2 milioi 2017ko deialdian eta 7,6 milioi 2018koan. Laguntzekin bultzatu diren 242 proiektuak –132 proiektu 2017an eta 110 proiektu 2018an–40 milioi euro inguruko inbertsioak aurreikusten dituzte guztira.

Itsaspen programa

Itsaspeni dagokionez, bere fondoak itsasertzeko guneetako bizi kalitatea modernizatzeko eta hobetzeko jarduerak finantzatzera bideratuta daude. Programaren helburua da itsasertzeko ondarea zaintzea eta hobetzea, eta programan proiektuak aurkeztu ditzakete administrazio publikoek eta beren organismo autonomoek, fundazio publikoek; partzuergoek; irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek; Aldi Baterako Enpresa Elkarteek eta irabazi asmorik gabeko ondasun erkidegoek.

2018an, 572.000 euro onartu dira guztira programa honetan, eta diru horrekin 11 proiektu finantzatuko dira guztira, 2 milioi euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusita.  Proiektu horien artean daude, besteak beste, herri hauetan egingo diren ekimenak: Getaria (kiroldegia eraberritzea), Bermeo (Nardiz tar Jon kaleko orubeak leheneratzea), Zierbena (Kardeo auzoko saneamenduko kolektorea), Deba (Santa Katalinako talaia egokitzea), Leioa (bidegorriak egokitzea) eta Lekeitio (San Andres arrantzale auzoa birgaitzea eta urbanizatzea eta gazteguneren eraikina egokitzea musika eskola gisa ere erabiltzeko), Elantxobe (Urdaibai itxasoari begira), Mutriku (itsas ondarea berreskuratzea ) eta Orio (Mutiozabal ontziolari balioa ematea).

LANDA GARAPENEKO 2018KO LAGUNTZEN LABURPENA

 

PROGRAMA

2018

LAGUNDU DAITEKEEN INBERTSIOA

LAGUNTZA

BABESTUTAKO PROIEKTUAK

LEADER

27.967.761,65 €

9.969.104,74 €

187

EREIN publikoak

11.732.570,35 €

5.749.972,41 €

83

EREIN pribatuak

8.214.584,98 €

1.888.839,84 €

37

ITSASPEN

1.939.117,49 €

572.787,73 €

11