Osasun Saila

Euskadik, 2018ko urtarriletik aurrera, beste 1.932 emaile gehitu ditu munduko emaileen erregistroan, eta gaur egun 15.459 pertsona dira

2019.eko irailak 20

Joan den urtean 68 transplante alogeniko egin ziren Euskadin, 24 izan ziren ahaidetuen artean eta 44 ez-ahaidetuen artean

 

Bihar, irailaren 21a, da Hezur-muinaren eta Zilbor-hesteko Odolaren Emailearen Mundu Eguna; emate hori eskertzeko eta sustatzeko eta emateaz kontzientziatzeko eguna da. Euskadin jada 15.459 emaile daude erregistratuta José Carreras Nazioarteko Fundazioaren Hezur-muinaren Emaileen Erregistroan (REDMO) eta urtetik urtera balizko emaileen kopuruak gora egiten du.

Zehazki, 2018ko urtarriletik gaur egunera, Euskadik beste 1.932 balizko emaile erregistratu ditu Hezur-muinaren Emaileen Erregistroan, munduko edozein lekutan transplantea behar duten pazienteentzat.  

100.000 biztanleko 719 emaileko tasarekin, Euskadi Estatuko batez bestekoan dago, baina efektibitate-tasarik handienetako bat du (erregistratuta dauden 1.000 emaileko 3,76 emaile efektibo). Horretan, eragin handia du eskaintzen den informazio egokiak zein balizko euskal emaileen konpromisoak.

Hartara, nabarmendu behar da, programaren hasieratik, 56 emate erreal egin ahal izan direla. Emate horien hartzaileei honako herrialde hauetan egin diete transplantea: Turkian 2, Frantzian 4, Argentinan 3, Irlandan 2, Australian 2, Holandan 4, Alemanian 6, Ameriketako Estatu Batuetan 5, Suitzan 1, Txekian 1, Errumanian 1, Eskozian 1 eta Espainian 24.

Horri Aitzindari Hematopoietikoen beste iturria gehitu behar zaio, zilbor-hesteko odola. Euskadin 7.036 zilbor-heste bildu dira, premia duen munduko edozein pazienterentzat. Zilbor-heste horiek Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren zilbor-hesteen bankuan biltegiratu daude, eta Hezur-muinaren Emaileen Erregistroan (REDMO) eskuragarri daude edozein transplante egiteko. Horietako 42 unitate erabili dira 10 herrialdetako pazienteei transplantea egiteko: Frantzian 6, Norvegian 2, Italian 4, Belgikan 1, Uruguain 1, Ameriketako Estatu Batuetan 18, Singapurren 1, Holandan 4, Finlandian 1 eta Espainian 4.

Emaileen bilaketari dagokionez, Hezur-muinaren Emaileen Erregistroari euskal pazienteentzat urtero batez beste 50 / 60 emaile bilatzea eskatzen zaio eta emaile bateragarri bat aurkitzeko itxaronaldia gutxi gorabehera 30-40 egun artekoa da gaur egun.  

Azken 8 urteotan 372 transplante alogeniko egin dira; 163 izan dira ahaidetuen artean eta 209 ez-ahaidetuen artean. Horrek Europako inguruko herrialdeen antzeko tasetan kokatzen du Euskadi. Joan den urtean, esate baterako, Euskadiko erreferentziako zentroan (Donostia Unibertsitate Ospitalean) 68 transplante alogeniko egin ziren, 24 izan ziren ahaidetuen artean eta 44 ez-ahaidetuen artean.

Datu horiek kontuan izanik, Nekane Murga Osasuneko sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie euskal emaileei, egiten duten ekarpenagatik eta haien eskuzabaltasunagatik, baita bizirik irauteko transplantea bat behar duten pertsonekiko konpromisoagatik ere.

Eta, jakina, eskerrak eman nahi izan dizkie Osakidetzako profesionalei, haien lanagatik eta arduragatik; baita pazienteen elkarteei ere, sentsibilizazioaren arloan egiten duten lanagatik. Izatez, guztia funtsezkoa da Euskadiko  elkartasun-maila handi hori ulertzeko eta mantentzeko.

 

NOLA EGIN EMAILE

18 eta 40 urte arteko edozein pertsona osasuntsu izan daiteke emaile.

Osakidetzaren web-orrian kontsulta daiteke informazio guztia. Osakidetzak web-orri hau gaitu du Hezur-muinaren Emaileen Euskadiko Erregistroan izena emateko: https://euskadi.medulaosea.org

Orrialde horretan, ere eskuragarri dago herritarrek, izena eman aurretik, irakurri beharreko informazio guztia.

Erregistroa amaitzean, Transplanteen Koordinazioaren telefonoa eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren telefonoa ematen dira, osasunaren arloko langileekin elkarrizketa pertsonala eskatzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 20a