Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi sormenaren alorrean egiten ari den lana aitortu du Europak, Berrikuntzaren Europako Agentziak sustatu duen "Creative Cities Monitor" txostenean

Cities.jpg

2019.eko urriak 22

  • Txostenak Bilboko eta Donostiako kultura-eskaintza eta sortze-ekosistema nabarmendu ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzak Kultura eta Sormen Industrien alde egin duen apustua ere.

 

Gasteiz, 2019/10/22       

Euskadik presentzia esanguratsua du Creative Cities Monitor izenburuarekin Europar Batasunak hirien eta sormenaren inguruan argitaratu duen urteko txostenean. Europako Batzordeko Berrikuntzaren Europako Agentziak aipatu txostena argitaratu berri du, eta bertan Bilboko eta Donostiako kultura-eskaintza eta sortze-ekosistema nabarmendu ditu, sormenaren alde egiten duten lana dela-eta azpimarratuak izan diren 190 hiri eta lurraldeen artean duten papera nabarmenduz. Txostenak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren ikuspegia jaso du, sormenaren alde Europa mailan egin duen apustua nabarmenduz.

Europako Batzordeak, gainera, txostenean parte hartzeko gonbita egin zion Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozi, Europako agendaren barruan berrikuntza eta Kultura eta Sormen Industriak sustatzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den ibilbidea aitortuz. Europar Batasunarentzat erreferentzia diren beste zenbait agintari publikorekin batera, eskualde-dimentsioak eskaintzen duen potentzialaz profitatzeko, berrikuntza sustatzeko eta kulturgintzaren eta sormenaren arloko eragile guztien (hiritarrak, agintari publiko eta pribatuak, sektorea, besteak beste) arteko lankidetza bultatzeko beharra defendatu du sailburuordeak. Hala, Berrikuntzaren eta Espezializazioaren Europako estrategiak eskaintzen duen potentziala nabarmendu du Joxean Muñozek, eta gaineratu du Europako eskualdetan aplikatu beharreko bere osagarriak eta ad hoc egindako planak (Euskadiko ZTBP bezalaxe) funtsezkoak direla sormenaren eta kulturaren arloak trakzio-ikuspegi batetik sustatu ahal izateko.

Lankidetza hau Europako agendan Euskadik izan nahi duen posizioa bermatzeko Eusko Jaurlaritzak abiatu dituen ekintza ezberdinei esker izan da posible, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzaren lanari esker Europako erakundeekin landutako elkarlanen eta konplizitateen emaitza da. Honela, Europa-mailan eta euskal agendaren barruan nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Interreg Europe Creadis3 izeneko proiektu europarrean duen lidergoa.

Euskal erakundeek, halaber, kultura eta sormenaren euskal arloetako parte-hartzea babesten ari dira EBk bultatzen dituen proiektu eta aukeretan, bai eta Europako beste kide batzuekin gauzatutako sare-lana edo kultura-diplomaziak eskaintzen dituen espazioetan izandako parte-hartzea ere. Ondoko erakundeek elkarrekin lan egiten dute, aipatu ildoa sendotzeko xedearekin: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Etxepare Euskal Institutua, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi eta Zineuskadi, besteren artean.

Honela, Kultura eta Sormen Industriei lotuta Eusko Jaurlaritzak gauzatzen dituen ekintzak Berrikuntzaren Europako Agendarekin lerrokatuta daude. Euskal erantzuna eta aplikazioa, zehazki, ZTBP/Espezializazio Adimentsurako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren bitartez gauzatzen da, Kultura eta Sormen Industriak aukera-hobi gisara sartuz. KSI Berritzaile izeneko programaren bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berrikuntza sustatu eta Kultura eta Sormen Industrien inguruko berezko euskal estrategia bat bultzatzen du.

Europako finantzazioaren itzulkinari dagokionez, kultura eta sormenaren euskal arloak Europa-mailako proiektu eta ekimenetan agertzen duten inplikazio eta proaktibotasuna nabarmendu beharra dago. 2014. urtetik hona, 2014-2020 Europako programen barruan jasotako zuzeneko finantzazioak 16 milioi euroak gainditu ditu. Bestalde, European Film Forumeko kide den Zinemaldiko aurtengo edizioan aurkeztutako euskal lau pelikulek Creative Europe programak eskaintzen duen finantza-bermearen babesa izan dute.

Informazio gehiago, hemen.