Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana aurkeztu dute Erandioko Ertzaintzaren Egoitza Nagusian

2019.eko martxoak 13

  • Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana Ertzaintzako unitate polizial guztietako arduradunei azaldu zaie ekitaldi formal batean

Gaur, martxoak 13, 2018-2022 urteetarako Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana aurkeztu zaie Ertzaintzaren unitate polizialetako arduradunei Erandioko Egoitzako areto nagusian. Bertaratuen artean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria eta Gerbasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria izan dira, Segurtasun Saileko zenbait zuzendari gehiagorekin batera.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eman dio hasiera ekitaldiari, Ertzaintzak ere pausoz pauso gero eta euskaldunagoa izan behar duela azpimarratuz, zailtasunak gainditzen dituen heinean. Ondoren, Giza Baliabideen zuzendari Miren Karmele Ariasek Euskararen II. Erabilera Planaren bidez jauzi esanguratsu bat emateko urratsak finkatzen hasi nahi direla azaldu du. Jarraian, Aitor Azkuenaga Giza Baliabideen Zuzendaritzako Prestakuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Ataleko buruak Euskararen II. Erabilera Planaren gako nagusiak azaldu ditu.

Segurtasun Sailak ibilbide luzea du eginda hizkuntza normalkuntzaren arloan, hogei urteko ibilbidea, hain zuzen ere, une honetan 2027. urtera arte iraungo duen III. plangintzaldiaren barruan kokatzen baikara. Plangintzaldi honi hasiera emateko, Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko bost urteko plana (II. Plana) onartu du Segurtasun Sailak. Plan honek bat egiten du urteetan, estrategian eta helburuetan Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiko Plan Nagusiarekin (2018-2022). Hortaz, Eusko Jaurlaritzako sail guztietan gertatuko den bezala, Ertzaintzan ere plangintzaldi hau, oroz gainetik, euskararen erabilera modu eraginkorragoan bideratuko duen kudeaketa eredu berriaren plangintzaldia izango da, horixe da aurreko plangintzaldien eta oraingo plangintzaldiaren artean dagoen alde nagusia. Horrenbestez, euskararen kudeaketak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa orokorraren barruan egon behar du txertatuta; euskararen planifikazioa ezin daiteke geratu kudeaketa orokorretik kanpo.

Era berean, berritasun bezala, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek dituzten euskararen erabilerari buruzko helburu nagusiekin ere bat egin du Ertzaintzak. Hortaz, III. plangintzaldiko helburuei dagokienez, zerbitzu-hizkuntzan eta lan-hizkuntzan ezarri dira helburuak, modu honetara: zerbitzu-hizkuntzan, herritarrekiko harremanetan hizkuntza eskubideak %100ean bermatzeaz gain, lan-hizkuntzan, lehentasunezko unitate eta lan-eremuetan euskara ohiko lan-hizkuntza bilakatzea plangintzaldiaren amaierarako, 2027. urterako.

Azkenik, Kike Amonarriz soziolinguistaren euskararen egungo egoeraren eta erronken inguruko hitzaldiarekin amaiera eman zaio ekitaldiari. Ertzaintzan euskararen etorkizuna erabilera dela eta bizi dugun unea erabakigarria dela nabarmendu du adituak. Haren hitzetan, Ertzaintzaren ekarpen handienetako bat izango da gizarte osoaren aurrean euskarari prestigio soziala eman diezaiokeela.