Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Emakumeek euskal landa eremuaren garapenean duten rola erreibindikatu dute Durangon

Landa_eremuko_emakumeak_2019.jpg

2019.eko urriak 15

• Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren XVI. edizioak 120 lagun inguru elkartu ditu Durangon, euren eskualdeetan garapen jasangarria eta berdintasunezkoa lortzeko esperientziak partekatzeko.

• Ekitaldiaren ardatz nagusiak izan dira “Zuhaitza” proiektua, Landa XXI elkartearena, eta Errioxako Nalda herriko “Colletero” elkarteak bultzatzen dituen ekimenak.

• Halaber, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzan egiten ari diren aurrerapenak aztertu dira, Emakume Nekazarien Estatutua inplementatze aldera.

Aurreko urteetan bezala, jai giroa nagusitu da Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren XVI. edizioaren ospakizunean. Durangoko San Agustin Kultur Gunea goizean goiz euskal geografiako puntu desberdinetatik iritsitako emakumez bete da, euren eguna ospatzeko, eta hitzorduaz baliatzeko, landa eremuko gizartean zein lanaren esparruan jokatzen duten rola erreibindikatzeko.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak, HAZI Fundazioaren bitartez, eta Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak antolatu dute, eta elkartzeko, eztabaidatzeko eta proiektuak aurkezteko gune bihurtu da, lan eremuetan garapen jasangarria eta berdintasunezkoa lortzeko, nahiz eta, adierazi dutenez, helburuan “aurrera egiten ari garen arren, oraindik asko dagoen egiteko”.

Jone Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria, Ima Garrastatxu, Durangoko alkatea, eta Maite Peñakoba, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendaria arduratu dira jardunaldia inauguratzeaz. Guztiek adierazi dute emakumeek jokatzen duten rola funtsezkoa dela lurraldean mantentzeari eta iraunkortasunari dagokionez, eta adierazi dute beharrezkoa dela hasitako bidean jarraitzea, erabaki eta gobernu organoetan eragin handiagoa lortzeko.

“Zuhaitza” eta Colletero elkartea

Landa XXI elkarteak –bere helburua da landa eremuko emakumeen eta familien interesak defendatu, ordezkatu eta sustatzea– “Zuhaitza” lana aurkeztu du, gaurko jardunaldirako berariaz prestatu dena. Proiektuak landa eremuko hainbat emakumeren lanak, bizipenak, hausnarketak, helburuak eta ilusioak biltzen ditu irudi eta hitzen bitartez, hainbat belaunaldi kontuan hartuta, amamengandik bilobenganaino. Lana argazki erakusketa eta bideo baten bitartez aurkeztu da.

Ekitaldira gonbidatutako elkarte moduan, “Colletero” elkarteak hartu du parte jardunaldian. Elkartea Errioxako Nalda herrikoa da, emakumeek gidatzen dute, eta hainbat lan esparru lantzen ditu, udalerriaren egoera sozial eta ekonomikoa hobetzeko. Hori guztia autogestio, parte hartze, prestakuntza, enplegu, dinamizazio eta ekimen txikietarako laguntasunaren bitartez, 1.000 biztanle inguru dituen herrixka horretako pertsona guztiak kontuan hartuta.

Azkenik, Jorge Garbisu, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaria, Landa Emakumeen Estatutua guztiz inplementatzeko egiten ari diren azken pausoen berri jakinarazi du: Estatutua 2015. urtean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta legearen helburua da emakumeek lehen sektorean eta landa ingurunean duten lan egoera arautzea, emakume nekazarien lana ikusgarriago bihurtzeko, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatzeko eta ustiategien titulartasuna lortzeko helburu nagusiarekin.