Osasun Saila

Emakumeei bereziki erasaten dien iktusaren aurrean lanean ari dira Osasun Saila eta Osakidetza arretan ekitatea bermatzearen alde

2019.eko urriak 28

  • Iktusa heriotzaren lehenengo kausa da emakumeen artean, kontuan hartuta gizonak baino beranduago joaten direla larrialdietako zerbitzuetara aurreneko seinaleak antzemandakoan

  • Osakidetzako langileekin izandako elkarraldi batean, Osasuneko sailburuak nabarmendu egin du garrantzizkoa dela herritarrek sintomak identifikatzen jakitea, detekzio goiztiarrak lagundu egiten duelako pronostikoa hobetzen

 

Iktusaren Munduko Egunaren bezperan, sailburuak iragarri duenez, Osasun Saila eta Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoan iktusa duten pazienteen Arreta Plan bat lantzen ari dira, helburu dituena, besteak beste, gaixotasun hau duten pertsonei ematen zaien arretan ekitatea lortzea, kontuan hartuta emakumeei erasaten diela batik bat. Gogora ekarri beharra dago iktusa dela kolektibo horren heriotzaren kausa nagusia.

Sailburua gaur goizean bildu da iktusaren prebentzioan, zainketan, tratamenduan edo ikerketan Osakidetzan lanean diharduten emakumeekin. Guztiak datoz bat honetan: garrantzizkoak dira kontzientziazioa eta gaixotasuna ezagutzera emateko premia, eta herritarrek iktusaren aurreneko seinaleak identifikatzen jakitea. Iktusaren inguruan dagoen ezagutza okerrak eragin zuzena du gizartean sorrarazten duen inpaktuan: hilkortasuna, desgaitasuna eta karga handia osasun-zerbitzuetarako eta familientzako "pazienteak etxean behar izaten duen zainketagatik".

Jakitera eman dutenez, Europan urtean 650.000 pertsona inguru hiltzen dira arrazoi horren ondorioz, eta Espainiako Neurologia Elkartearendatuen arabera, sei pertsonatik batek iktusa jasango du bere bizitzan zehar. Iktusa lehenengo heriotza-kausa da emakumeentzat, eta normalean gizonak baino beranduago joaten dira ospitaleko urgentzietara aurreneko sintomak antzematen dituztenean. Jokabide horrek baliteke, sailburuak gogorarazi duenez, emakumeak eguneroko bizitzan betetzen dituen rol eta zeregin ugariengatik izatea. “Joera hori geldiarazteko garrantzizkoa da herritarrak kontzientziatzea gaixotasun hori garaiz detektatzeak duen garrantziaz”, azaldu du Nekane Murgak.

 

BIZKOR EKITEAK MURRIZTU DU HILKORTASUNA

Zorionez, Euskadin iktus baten ondoriozko heriotzak gutxitu eta egonkortu egin dira, batez ere iktus kodearen ezarpenari, aurrerapen klinikoei eta pazienteei ematen zaien arretari esker bost unitate espezializatuetan (Gurutzeta, Basurto, Galdakao, Donostia Ospitalea eta AUO). Funtsezkoa da berehala ekitea aurreneko sintomak antzematen direnetik, hilkortasuna eta, bizirik iraunez gero, garuneko kaltea murrizteko.

Arlo desberdinetako adituekin lankidetzan garatzen ari den arreta-planak hainbat alderdiri heltzen die, besteren artean: ospitalez kanpoko arreta, ospitalekoa, errehabilitazioa eta iktus pediatrikoa. “Paziente horien abordajean tartean sartzen diren kate-maila guztietan berehala ekitean jarri da fokua, bai Lehen Mailako Arretan, bai arreta espezializatuan bai Larrialdietako zerbitzuetan”, azaldu du.

Iktusa prebenitzearen garrantzia ere azpimarratu du sailburuak, eta horretarako ohitura osasungarriak eta ariketa egitea sustatu behar direla adierazi du. Konpromiso horren emaitzaz, gogora ekarri du Osasun Saila eta Osakidetza arrakastaz ari direla garatzen Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak proiektua eta SANO - Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia.

 

ZEINTZUK DIRA SINTOMAK?

Bat-batean antzematen dira:

  • Indarra edo sentsibilitatea galtzea besoan, hankan edo aurpegian
  • Ikusmena galtzea osorik edo partzialki
  • Mintzamena galtzea edo hitz egiteko zailtasuna

 

Sintoma horietako bat izanez gero, berehala 112 zenbakira deitzea gomendatzen da.

Informazio gehiago eta bideo didaktikoak Osakidetzako webgunean: https://www.osakidetza.euskadi.eus/ictus/ab84-oescvcon/es/

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriak 28