Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ekoetxea Meatzaldea atxiki zaio Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-zentroen sareari

Argitalpen-data: 

  • Ekoetxea Meatzaldeak Gallartako Corta Eraikinean gauzatuko dituen jarduerak irailaren amaieran hasiko dira, ikasturte berriarekin batera
  • Ekoetxea sareak 800.000 pertsonaren baino gehiagoren bisita jaso du azken hamarkadan
  • Peñas Negraskoa integratzen duen ingurumen-zentroa meategien Biotopora sartzeko atea izango da

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailburu Iñaki Arriolak iragarri du, gaur goizean, Ekoetxea Meatzaldea atxiki zaiola Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-zentroen sareari. Urdaibai, Txingudi, Azpeitia eta Peñas Negrasko Ekoetxeak biltzen dituen sare hau zortziehun mila pertsonak baino gehiago bisitatu dute azken hamarkadan.

Ekoetxea berria Gallartako Corta Eraikinean dago kokatuta, Zugaztietaren, Triano Mendien eta Galdamesen ingurunean, eta Peñas Negrasko zentroari gehitzen zaio. Hala, aurrerantzean, bi zentroek ingurumen-hezkuntzarako zentro bakar bezala funtzionatuko dute, eta horri esker Meatzaldea meategien Biotopora sartzeko atea izango da.

“Garrantzitsua da aintzatestea eta nabarmentzea zentro honen hazia Peñas Negrasek -1994an sortu zenez geroztik- garatu duen jarduera osoan dagoela. Zentro hori aurrendaria izan zen bere garaian, eta 25 urteko ibileraren ostean erreferente bihurtu da, bai Euskadiko ikastetxeetarako eta bai tokiko herritarrentzat eta publiko orokorrarentzat. Horrela frogatzen du eskola-talde gehienen eta bertako jardueretan parte hartzen duten pertsonen fideltasunak", adierazi du Iñaki Arriola sailburuak.

Ekoetxea Meatzaldeak auditorio paregabe bat du, ehun pertsona har ditzakeena eta Corta Meategiaren gaineko ikuspegi pribilegiatua eskaintzen duena; berau eraikinaren kanpoko balkoitik ere ikus daiteke. Halaber, badu tailer-eremu bat, jarduerak ikasleekin egiteko. Gainera, zentroak erakusketa iraunkor bat izango du, “bertan erakusteko gizakiok natura-ingurunearen gaian dugun eragin handia, eta nabarmentzeko oso garrantzitsua dela pertsona guztiok haren kontserbazioan parte hartzea”, esan du Arriolak.

Eraikin berri honetako jarduerak irailaren amaieran hasiko dira, ikasturte berriarekin batera. Zentroa abiatzeko prozesua 2014an hasi zen, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Anbato-Zierbeneko Udalak eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioak sinatu zutenean Ekoetxea berria gaur hartzen duen bukatu gabeko eraikinaren obrak bukatzeko akordioa.

“Eraikin berri honek ahalbidetzen digu ingurumen-hezkuntzako eta Meatzealdeko biotopoaren interpretaziorako programen eragin-eremua hedatzea eta ingurune hau bistatzen duten pertsonen konforta eta harrera hobetzea. Lurraldeko beste eragile batzuekin batera lan egingo dugu Meatzealdea ezagutzera emateko eta haren balioa nabarmentzeko, lekua bisita lezaketen pertsonentzat erreferentzia kultural erakargarria izan dadin laguntzeko”, azpimarratu du Ingurumen sailburuak.