Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ainara Muntek irabazi du aurtengo Etxepare " LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

2019.eko urriak 23

  • Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? Liburuaren katalanerako itzulpenarengatik suertatu da garaile; itzulpena Pol·len Edicions argitaletxeak atera du.

  • Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horien sustapenerako.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren bosgarren edizioan, Ainara Munt Ojangurenek (Zaragoza, 1975) eraman du saria. Lan saritua Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? poema liburuaren katalanerako itzulpena izan da, És morta la poesía? izenburua duena; eta Bartzelonan egoitza duen Pol·len Edicions etxeak atera du argitara.

Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso du saria, Jordi Panyella Pol·en Edicionseko editorearekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. Han izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenaren garrantzia nabarmendu du euskal kultura nazioartekotzeko bidean: "Itzulpengintzarekin lotutako proiektuak sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen du itzulpengintzaren garrantzia eta ahalegin bat egiten du itzultzaileen lana aitortzeko. Kasu honetan, Etxepare-LABORAL Kutxa Sariaren bitartez, euskaratik beste hizkuntzetara egiten diren itzulpenik bikainenak aitortu nahi ditugu, garrantzitsuak baitira euskaraz sortzen den kultura munduratzeko. Horrez gain, Euskadi Literatura Sarien bidez, Lan Literarioaren Itzulpena modalitatearen bitartez, aitortzen dugu mundu osoko literatura euskarara ekartzeko egiten den lana. Gure kulturak behar-beharrezkoak ditu itzulpenaren bi norabideak".

Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Itzultzailearen ibilbidea eta itzulitako generoaren, poesiaren, balioa ere aintzat hartu dira baloratzerako orduan. “Itzulpen zaindua eta zehatza izatea, idazleak jatorrizko hizkuntzan bilatutako esanahia katalanez islatzeko jarritako arreta eta jatorrizkoaren musikalitateari eta efektu adierazkorrari eusteko ahalegina" nabarmendu du epaimahaiak bere adierazpenean. Era berean, argitaletxearen lanari dagokionez, zera azpimarratu du: “nabarmentzekoak izan dira euskal literatura eta, bereziki, Sarrionandiaren lana kataluniarrei helarazteko urtetan egindako ahalegina”.

Sariaren bosgarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna LABORAL Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Jose Manuel Lopez Gaseni, idazlea; Elizabete Manterola, UPV/EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea (Euskarazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea); Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Mikel Lasa, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio arduraduna.


Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2018. urtean argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du . Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Ainara Munt

Ainara Munt Ojangurenek aita katalana eta ama euskalduna ditu, eta Bartzelonan egin ditu bere bizitzako urte gehienak. Itzulpengintza eta interpretazioa ikasi zuen Vic-eko Unibertsitatean, ingelesean eta alemanieran espezializatuz, eta Kataluniako Itzultzaile eta Interpreteen Erakunde Profesionaleko kide da. Literatura, saiakerak, ikerketak edota erakusketetako esku-orriak itzuli ditu batik bat Muntek, baina itzulpengintza zientifiko-teknikoan edota ikus-entzunezkoan ere badu eskarmentua. Aurretik ere, Joseba Sarrionandiaren lan gehiago itzuli ditu katalanera; hain zuzen ere, Ni ez naiz hemengoa (Jo no soc d’aquí) eta Moroak gara behelaino artean? (Som com moros dins la boira?). Hilda dago poesia? izan da Sarrionandiari egin dion azken itzulpena, eta lan honek, besteak beste, Mallorcako Cavall Verd literatura sarietan Rafel Jaume saria irabaztera eraman du Munt, urteko poesia itzulpen onenarengatik.

Pol.len Edicions

Pol.len Edicions argitaletxe independente bat da, Bartzelonakoa. Ekoedizioaren irizpideak jarraitzen ditu, eta bere argitalpenekin pentsamendu kritikoa eta eztabaida sustatu nahi ditu. Narratiba eta saiakera argitaratzen ditu gehienbat, eta gizarte zientziak, feminismoa edota ekologismoa bezalako gaiak jorratzen dituzten liburuak ateratzen ditu, besteak beste.

Es morta la poesia? liburua Pol·len Edicionsek, Pamiela argitaletxearekin elkarlanean argitaratu duen Sarrionandiaren hirugarren lana da, aldez aurretik Som com moros dins la boira? (Moroak gara behelaino artean?) eta Jo no sóc d’aquí (Ni ez naiz hemengoa) argitaratu baititu.

Azken urteetako irabazleak:

2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa

2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera

2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukrainera

2018

Amaia Gabantxo

Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)

Poesia

Ingelesa