Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

2019ko Basque Culinary World Prize saria eskuratu du Anthony Myintek

2019104-TAPIA-338.jpg

2019.eko urriak 24

  • Antony Myint sukaldari estatubatuarrak irabazi du 2019ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomia gizarteak dituen erronkarik premiazkoenetako bati, hau da, klima aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik
  • Joan Roca sukaldariak presiditutako eta munduan eragin gehien duten sukaldarietako batzuek eta nazioarteko adituek osatutako epaimahai batek aukeratu zuen sukaldari irabazlea
  • Sariarekin, zeinari 100 mila euro esleitu baitzaio, Anthony Myinten Zero Foodprint ekimena bultzatuko da. Ekimenarekin, berriz, jatetxeen karbono aztarna murriztu nahi da, establezimenduen ingurumeneko inpaktua murriztuko duten neurrirako soluzioen bitartez

Gaur arratsaldean, Donostia-San Sebastiango Tabakalerako Prisman egingo da Anthony Myint sukaldari estatubatuarrari 2019ko Basque Culinary World Prize saria emateko ekitaldia, Gastronomiaren bitartez aurre egiten baitio gizartearen erronkarik larrienetako bati: klima aldaketari, alegia. Ikerketa eta tresna praktikoak konbinatuz, Myint mundu osoko jatetxeekin elkarlanean ari da ingurumenean duten inpaktua murriztuko duten neurrirako konponbideak aurkitzeko.

Basque Culinary World Prize saria bakarra eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzak "Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan" eta Basque Culinary Centerrek "gastronomian liderra den erakunde akademikoa" emandakoa. Garaikur honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituzten chefen lana aitortzen du, hainbat arlotan: berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikadura industria eta gizarte eta ekonomiaren garapena.

Euskadiko elikaduraren sektoreko agintari eta pertsona ospetsuen aurrean zituela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak 100 mila euroko balioa duen saria emango dio Anthony Myinti.

Bere ZeroFoodprint proiektuaren bitartez eta The Perennial Farming Initiativeren bitartez, jatetxeen eta ingurumenaren arteko harremana esploratzen du Myintek. Sukaldariak karbono aztarna murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen dizkie elikagaien enpresei, eta karbono igorpenei dagokienez neutrala izateko moduak ere proposatzen dizkie.  Gama handiko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu mundu osoan, iraunkortasunaren alde berak gidatzen duen mugimenduarekin bat egin dezaten, tartean Noma (Danimarka), Benu (San Frantzisko) eta Atelier Crenn (Dominique Crenn) jatetxeak direla.

2019an, The Perennial Farming Iniative ekimenaren bitartez, Kaliforniako estatuarekin ere indarrak batu eta “Restore California” programa abiarazi zuen. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnaren gaineko informazio gardena ematen die hornitzaile eta kontsumitzaileei, erabaki hobeak hartu ahal izateko.  Zerrendan sartzen diren jatetxe guztiak neutroak izan daitezke karbonoan, edo tokiko nekazariei lagundu diezaiekete eguratseko karbono dioxidoa kentzen.

Ekonomian eta Asiako Ikerketetan titulua edukita, Myintek, bere emazte Laren Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumeneko aktibismoa eta aktibismo soziala sartu ditu bere ahaleginen artean, 2008an Mission Street Food jatetxe ospetsuan bere karrerari ekin zionetik.

Basque Culinary World Prize sariari esleitutako 100 mila euroak Zero Foodprint ekimena planetan zabaltzeko erabiliko dira, bai eta hainbat establezimenduri beren baldintzetara egokitzeko moduko jardunbide eta soluzio iraunkorrak garatzen laguntzeko ere, horrela azken helburura iristeko: gizarte osoari kontzientzia harraraztea klima aldaketari modu globalean aurre egiteko premiaz. Anthony Myint sukaldari irabazlearen hitzetan:

 “Basque Culinary World Prize saria jasotzea da sukaldaritzan egin dudan ibilbideari egindako ohorerik handiena. Baina garrantzitsuena da sariak eta epaimahaikide izan diren sukaldari ospetsuek Zero Foodprint ekimenean parte hartzeko erakutsitako konpromisoak munduari erakutsiko diotela nola jatetxeek klima aldaketari aurre egitera eraman dezaketen gizartea.”

Munduan eragin handienekoak diren zenbait chef eta adituk osatutako epaimahaiak Antony Myint aukeratu du irabazle, hamar finalisten artean. Epaimahai horren buru Joan Roca sukaldaria izan da (Celler de Can Roca), eta harekin batera beste pertsona ezagun hauek: Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Eneko Atxa (Azurmendi), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Yoshihiro Narisawa (Narisawa), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Enrique Olvera (Pujol), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Katina eta Kyle Connaughton (SingleThread), Tucker Taylor (Jackson Family Wines) eta Jock Zonfrillo (Orana), 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.

Ekimen eraldatzailea

Basque Culinary World Prize saria 2016an hasi zen ematen, gastronomia indar eraldatzailea izan daitekeela erakusten duten adibideak eskaintzeko, azpimarratuta bikaintasuna bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana; jende berritzaile eta sortzailearen lana, jende saiatuarena, baina, batez ere, bere gizartearekin konprometituta dagoen jendearena.

Basque Culinary World Prize sariaren laugarren edizio honetan 42 herrialdetako 150 hautagai izan dira: inoizko partaidetza indizerik handiena, 230 izendapenekin. Sarian parte hartu ahal izateko, gaur egun gastronomiaren munduan lanean diharduen beste profesional baten izendapena behar izan dute sukaldariek.

Hiru hilabetean, industriaren sektoreko profesionalek eta erakundeek mundu osoko sukaldariak izendatu dituzte, zeintzuek erakutsi duten gastronomia izan daitekeela hainbat arlotan aldaketa ekarriko duen motorra; esaterako, berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean eta gizarte zein ekonomiaren garapenean.

Ekainaren 18an, Basque Culinary Centerren bildu zen Batzorde Teknikoak aukeratu zituen 10 finalistak. Zehazki, honako hauek osatu zuten batzordea: F. Xavier Medina, Gizarte Antropologiako doktorea eta “Elikadura, Kultura eta Garapena” UNESCOren katedraren zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikagaien Zientzia Saileko irakasle afiliatua; Pia Sörensen, bere Zientzia eta Sukaldaritzako programaren zuzendaria; Carlos Zamora sukaldaria, Deluz Taldekoa; eta Iñaki Martinez de Albeniz, Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoa (UPV/EHU).

Hauek izan ziren Basque Culinary World Prize sariaren hamar sukaldari finalistak: Selassie Atadika (Ghana), Siew-Chinn Chin (Malaysia/ Estatu Batuak) Giovanni Cuocci (Italia), Mario Castrellon (Panama), Xanty Elias (Espainia), Virgilio Martinez (Peru), Cristina Martinez (Mexiko/ Estatu Batuak), Douglas McMaster (Erresuma Batua), Anthony Myint (Estatu Batuak) eta Lars Williams (Estatu Batuak/ Danimarka).

Uztailaren 15 eta 16an, Basque Culinary World Prize sariaren epaimahaia San Frantziskon elkartu zen eta bere erabakiaren berri eman zuen maila internazionalean. Antony Myint 2019ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle bihurtzen zen.

Basque Culinary World Prize sariaren banaketa zuzenean jarraitu ahal izango da, 19:00etatik aurrera, honen bitartez:

https://www.facebook.com/176507439381478/posts/937196749979206?sfns=mo

*Sari banaketaren ondoren, argazki galeria osatuko da Irekian.

 

Editoreentzako oharrak

  • Anthony Myinten argazkiak eta bideoak, argitaratzeko prest:

http://bit.ly/bcwp-anthonymyint

  • 2018an, Eskoziako Jock Zonfrillo chefak eskuratu zuen Basque Culinary World Prize saria. Australiako jatorrizko herrixken elikadura oroimena gordetzeko ari da lanean, eta kultura zahar hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko zereginean dabil buru-belarri.Kolonbiako Leonor Espinosa chefak eskuratu zuen saria 2017an, Funleo fundazioaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagatik.Inaugurazio urtean, berriz, Venezuelako María Fernanda di Giacobbe chefak jaso zuen saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako ekimen bati esker. Kakaoa zeukan ekimenak ardatz, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa.
  • Basque Culinary World Prize Euskal Jaurlaritzak ematen duen sari bat da, eta Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan sartzen da.Herri marka bat, indargune eta berezitasunetatik abiatuta bikaintasunaren erreferente, bizi kalitatearen eta kohesio sozialaren eredu gisa eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa posizionatzen ari den herri batena.
  • Basque Culinary Center, berriz, erakunde akademiko bat da, aitzindaria munduan, unibertsitateko hezkuntzaren arloan eta gastronomiak hezkuntzarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotuta duen ahalmena garatzeko lanean ari dena.2009an Donostian sortu zenez gero, ahaleginak egin ditu sektorearen profesionalizazioan laguntzen duen diziplina arteko espazio bat sortzeko.
  • Informazio gehiagorako jo basqueculinaryworldprize.com helbidera.