Urtebete baino gutxiagoko haurrei elgorriaren txertoaren gomendioak
2018.eko uztailak 24
Atzo, astelehenean, Espainiako Pediatria Elkarteko Txertaketako Aholku Batzordeak EBra bidaiatzen diren urtebete baino gutxiagoko haurrei elgorriaren txertoa jartzeko egin zuen gomendioaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak lasaitasun-mezua eman nahi du; izan ere, Euskadin txertaketa-estaldurak oso handiak dira eta haurrak oso ongi babestuta daude elgorriaren aurrean.
Nazioarterako bidaiarik egingo bada, biztanleei gogorarazten zaie komeni dela haurren txerto-egutegia eguneratuta egotea. Bidaiaren helmuga Europar Batasunetik kanpokoa denean, garrantzitsua da, gainera, neurri osagarririk hartu behar den egiaztatzea, herrialdearen arabera. Horretarako, nazioarteko txertaketa-zentroetara jo behar da, hilabete edo bi hil lehenago.
Elgorriaren kasu zehatzean, gaur egun Europako ia herrialde guztietan izaten ari dira gero eta kasu gehiago, batik bat txertaketa-estaldura baxuko biztanle-taldeak daudelako. Kutsadurak Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Grezian eta Errumanian ari dira areagotzen, batez ere.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak gogorarazten du Europako herrialdeetara turismo-bidaiak egiteko ez dela neurri berezirik hartu behar, kasu zehatzetan baino ez, besteak beste, iraupen luzeko egonaldietarako (hilabete baino gehiago) eta helmuga den guneko egoera epidemiologikoaren arabera, elgorriaren aurkako txertoa hartzeko neurriak gomenda daitezke eta, kasu horietan, sei eta hamabi hilabete bitarteko umeetan txertoaren dosi gehigarria emango da.
Aparteko txerto hori eraginkorra izateko, gutxienez bidaia hasi baino 3 aste lehenago hartu beharko da. Hala ere, dosi horrek ez ditu 12 hilerako eta 4 urterako haurren txerto-egutegian gomendatutako txertoak ordezkatzen.
Aurten, orain arte, elgorriaren bi kutsadura-kasu baino ez dira egon gure ingurunean, eta horietako batek ere ez zuen txertoa jarrita. 2012tik, Euskadin ez da orain arte patologia horren kasurik detektatu. Data horren aurretik detektatutakoak Euskaditik kanpora bidaiatu ziren eta ez zeukaten txertoa jarrita.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzatik, txertoak jartzea gaixotasun infekzioso larriak prebenitzeko zer garrantzitsua den nabarmendu nahi da, bai eta txertoen egungo segurtasuna ere.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 24a