Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak joko-aretoen sektorerako antolatutako prestakuntza-saioa eman du Ertzaintzak
2018.eko urriak 23
Joko-aretoetan lan egiten duten hogeita hamar pertsona bertaratu dira hitzaldira
Arabako joko-aretoen sektoreko hogeita hamar pertsonak parte hartu dute, gaur goizean, polizia judizialeko kideek eta polizia zientifikoko kideek Vitoria-Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prestakuntza-saioan. Prestakuntza-jardunaldia Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak antolatu du.
Arabako joko-aretoetako langileek parte hartu dute, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan antolatu den prestakuntza-saio batean. Prestakuntza-saio horretan, agiriak (NANa, pasaportea…) edo diruak faltsutzea aztertu da, baita indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretetan jarraitu beharreko jarraibideak ere.
Ertzaintzaren polizia zientifikoko kideek eta polizia judizialeko kideek eman dute ikastaroa, eta gaur egun indarrean dagoen araudiarekin lotzen diren alderdiak jorratu dituzte, hala nola 18 urtetik beherakoei sarrera debekatzea.
Aitor Uriarte Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizuneko zuzendariak eman dio hasiera prestakuntza-saioari; izatez, Sailak joko arduratsuaren jardunbide onen inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko eta jardunbide on horiek ezagutarazteko hartutako konpromisoen barruan sartzen da prestakuntza-saioa.