Segurtasun Saila

Larrialdietako zerbitzuek koordinazio ona dutela argi utzi dute Bakioko hondartzan egin den erreskate eta isuri kutsakor simulazioan.

Argitalpen-data: 

Gaur goizean garatu den ariketa horri esker Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetan gorabeherak gertatzen direnean martxan jartzen dituzten koordinazio- eta mobilizazio-prozedurak aztertu ahal izan dira eta foru erakundeak hondartzak kudeatzeko duen sistema integratuaren eskakizunei erantzuna ematea lortu da, zeinak Bizkaiko hareatzetako kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea bilatzen duen.

Bakio, 2018ko ekainaren 27an. Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ondo amaitu du Bakio hondartzan egin duen larrialdi-simulazioa. Bertan, itsasontzi bateko bi tripulatzaile erreskatatu dituzte itsasotik eta isuri kutsakor bat kontrolatu dute. Jarduketa honetan erakutsi da foru erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak zuzendutako larrialdi zerbitzuek koordinazio ona daukatela. Beraz, jarduketa honek Bizkaiko hondartzetan aplikatzen den kudeaketa sistema integratuaren exijentziei erantzuten die. Kudeaketa sistema honek kalitate eta ingurumen baldintzen etengabeko hobekuntza du helburu, batez ere garbiketa eta salbamendu eta sorospen zerbitzuei dagokienez.

Jarduketa goizeko 11:30ean hasi da eta bertan parte hartu dute Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza foru zerbitzuek, hondartzetako garbitasun eta kontrolerako zerbitzuek eta hondartzainek. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritzako zerbitzuak, Ertzaintzaren zuzendaritza eta Bakioko Udala ere parte-hartzaileen artean egon dira.

Jarduketa garatzea

Simulazioa hasi denean, hainbat pertsonek SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora deitu dute Bakioko hondartzaren mendebaldean itsasontzi bat hondoratzen ari zela eta bi tripulatzaileek itsasora salto egin dutela jakinarazteko. Zentro horrek itsasalde-kostaldeko salbamenduko taktika operatiboa jarri du martxan eta Euskadiko Larrialdi Sistemako zerbitzu operatibo ezberdinak mobilizatu ditu.

Hiru minutu geroago, Gernikako Ertzain-etxeko herritarrak babesteko patruila batek uretan arazoak zituzten bi pertsona zeudela eta naufragoetako batek botatako ke-poto bat hondarrera zihoala jakinarazi du Bakioko hondartzatik.

Ondoren, hondartzako gune batean zikin-orban handiak zeudela jakinarazi da. Informazio hori SOS DEIAK zentroari helarazi zaio, eta berehala, Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza foru zerbitzuei, hondartzetako garbitasun eta kontrolerako zerbitzuei eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hondartzainei eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zerbitzuari ere jakinarazi zaie. Era berean, hondartzaren inguruan mobilizatu diren zerbitzu operatiboen arduradunez osatutako aginte postu aurreratua ezarri dute.

Ertzaintzaren helikopteroak hondoratu den itsasontziko tripulatzaileetako bat erreskatatu du itsasotik, eta Gurutze Gorriak eskaintzen duen Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza foru zerbitzuko langileek beste tripulatzailea artatu dute uretan eta itsasertzera eraman dute bertan berpizteko maniobrak egiteko.

Aldi berean, azken zerbitzu horretako langileek eta Ertzaintzaren ontzi batek orban kutsakorraren jarraipena egin dute eta, aipaturiko isurketa lokalizatu ostean, sorosleek protokoloan jasota dauden jarduketak gauzatu dituzte. Bertan barne sartzen dira kutsatzeko arriskuan dagoen eremuaren balizamendua -hondartzainekin batera- eta SOS DEIAK zentroarekin harremanetan jartzea isurketaren kokapenari, isurketa motari, ondorioei, dimentsioei, ezaugarriei eta balizko eraginari buruzko informazioa emateko.

Osasun Publikoko teknikaria hondartzara bertaratu da uraren kalitatean eta hondartzaren erabilera ludikoan sortutako eraginak balioztatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko garbitasun zerbitzuek foku kutsatzailea kontrolatzeari eta eragindako eremua garbitu eta tratatzeari ekin diote, betiere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak ezarritako ingurumen-prozeduren arabera.

Bakioko hondartzan antolatu den operatiboan zehaztutako eszenatokia segurtatu eta berriz ere ezarri ondoren, jarduketa itxi da eta bukatutzat eman da simulazioa.