Koldo San Sebastián kazetariaren liburua "Newyorktarrak" Bilbon aurkeztuko da, Maiatzaren 23an UPV/EHUko Paraninfoan

Koldo San Sebastián kazetaria.

2018.eko maiatzak 18

Eusko Jaurlaritzaren Urazaindi bildumako (diasporaren gainekoa) 30. liburukia da

Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Gorka Álvarez Aranburuk eta Koldo San Sebastián kazetariak NEWYORKTARRAK – Origen de la Comunidad Vasca de Nueva York, 1880-1955 izeneko liburua aurkeztuko dute Bilbon. Liburua Koldo San Sebastián eta Bizkaiko jatorrikoa den Anna M. Aguirre aritu diren elkarlanaren emaitza da.

Aurkezpen ekitaldia UPV/EHUko Paraninfoko (Abandoibarra etorbidea, 3) Arriaga aretoan izango da, datorren asteazkenean, maiatzak 23, arratsaldeko 18:30etan. NEWYORKTARRAK Eusko Jaurlaritzaren Urazaindi bildumako (diasporari eta kanpoan den euskal presentziari buruzkoa) 30. liburukia da.

Newyorktarrak lanean euskaldunek New Yorken izandako presentzia aski ezezaguna gertutik ezagutzea proposatzen da. Orrialdeetan, egileak xehetasun handiz ikertzen du euskal etorkinek Amerikako Estatu Batuetako iparraldean utzitako arrastoa, non bereziki garrantzitsuak diren etxe orratzen hiria eta New York nahiz New Jersey estatuak.

Nortzuk dira New Yorkeko euskaldunak

San Sebastianek euskal etorkin haien aztarnak bilatu ditu garai hartako prentsan, telefono aurkibideetan, korrespondentzian eta askotariko dokumentazio administratiboan. Hala, informazio horren guztiaren bidez kontatzen digu zein ziren euskal “aitzindari” horiek, zer egiten zuten New York hirian eta haren ondoko estatuetan, eta nondik zetozen.

Liburu hau, ordea, New York erdigunean den Estatu Batuetako ipar-ekialdera iritsitako euskal komunitatearen historia baino zerbait gehiago ere bada. Koldo San Sebastiánek bere proiekzioaren eremua zabaltzen digu, eta, haren atzealdean, euskaldunek iparraldeen kokatutako Amerikan egindako ekarpenaren epopeia handia ere deskribatzen digu: esplorazioa, nabigazioa, merkataritza, baita ondorengo immigrazioa ere; hori guztia lehen bale ehiztarietatik hasita XX. mendera arte.