Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk elkarrekin egingo dute lan Euskadiko natura ondarearen hobekuntzan eta difusioan

Argitalpen-data: 

  • Arriola sailburuak eta Nekane Balluerka errektoreak 2020ra arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute.
  • Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzarako UPV/EHUren UNESCO Katedrako koordinatzaile nagusiak Euskadiko Milurtekoko Ekosistemak ebaluatuko ditu, Natura 2000 Sarearen espazioetan eta Urdaibai Erreserban arreta berezia jarrita.

Ingurumen Sailak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu dute gaur, Euskadiko natura ondarearen ikerketan eta difusioan elkarlanean aritzeko. Iñaki Arriola sailburuak eta Nekane Balluerka errektoreak sinatutako akordioak bi erakundeen arteko lankidetza ofizialdu du, orain arte elkarrekin aritu baitira lanean ingurumen eta jasangarritasunaren kudeaketa hobetzen eta EAEko natura espazioen balioa nabarmentzen.

UPV/EHUren lana Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzarako UNESCO Katedrak hartu du bere gain, haren ikerketa eta prestakuntza jardueraren xedea EAEko espazioetan garapen jasangarriari lotuta dauden arazoak ulertzea eta konpontzea baita, arreta berezia jarrita Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, leku hori gaiari lotutako esperientziak frogatzeko eta erakusteko gune izatea nahi baita.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean egindako sinadura ekitaldian, nola Arriola sailburuordeak hala Nekane Balluerka errektoreak azpimarratu dute zer-nolako garrantzia duen “natura sistemak babesteko eta hobeto ezagutzeko administrazioaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza, garapen jasangarri bat bermatzeari begira”.

Hitzarmenak babestuko duen jarduera nagusia UNESCO Katedrako taldeak Euskadin Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioari buruz egingo duen proiektua izango da; hau da, natura ekosistemek zuzenean nahiz zeharka gizakien ongizateari egindako ekarpenak (zerbitzuak) neurtuko dira, baliabideen hornidurarako iturri gisa, ingurumena erregulatzeko faktore gisa, eta ezagutzarako nahiz pertsonen gozamenerako iturri gisa. Ekimena, beraz, guztiz bat dator 2000rako EAEko IV. Ingurumen Esparru Programaren edukiekin, programa horren xedea baita giza garapena natura ingurumenaren jasangarritasun eta kontserbazioarekin bateragarria izan dadin, horretarako ingurumen aldagaia politika guztietan txertatuta eta haren hobekuntzaren erantzukizuna eragile sozioekonomiko guztien artean banatuta.

Ekimenek nazioarteko hedapena izango dute bai UNESCO Katedren eta Biosfera Erreserben munduko sarearen bidez, bai ikergaiari lotutako Nazio Batuen foroetan izandako partaidetzaren bidez.

Hiru urteko indarraldia, luzatzeko aukerarekin

Ekosistemen zerbitzuei dagokienez, hitzarmenaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: zerbitzuak hobeto ezagutzea, Natura 2000 Sarearen ekarpena aztertzea, lehentasunezko ekintzak identifikatzea, eta biodibertsitatearen galera konpentsatzeko ekintzak baloratzea.

Urdaibairi dagokionez, MaB programa (pertsonen eta ingurumenaren arteko harremanak hobetzea) eta ekosistemen zerbitzuen ebaluazioaren metodologia nola aplikatu landuko da, Biosferaren Erreserban, eta eremu hartan izandako eboluzio sozioekonomikoa aztertuko da.

Ekintza horiek aurrera eramateko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 95.000 euro emango dizkio urtero UPV/EHUren UNESCO Katedrari. Sinatutako hitzarmena indarrean egongo da 2020ko abendura arte, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.