Gobernuak gehienez 350.000"-ko diru-laguntza emango dio Elkargi, S.G.R.-ri (Gobernu Bilera 2018-12-03)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 03

Abaletan 154 milioi € formalizatu dira eta, urtea ixtean, metatutako saldoa 750 milioi €-tik gorakoa izango da

Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Elkargi, Elkar Bermatzeko Sozietateari gehienez 350.000€-ko diru-laguntza zuzena ematea, bere hornidura teknikoen funtsa sendotzeko. Diru-laguntza hori emateko, lankidetza-hitzarmena adostuko da Elkargi, S.G.R.-rekin.

Eusko Jaurlaritzak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren bidez, euskal enpresa txiki eta ertainen finantzaketa-baldintzak hobetzen laguntzen du; horretarako, hitzarmenak formalizatzen ditu finantza-erakundeekin, eta, besteak beste, elkar bermatzeko sozietateekin.

Horretarako, arlo horretan Elkargi S.G.R.-k eginiko lan esanguratsua aintzat hartuta, adostutako akordioaren helburua bere funtsak sendotzea da eta, horretarako, sozietate horren hornidura teknikoen funtsa areagotzea; horrela, abalak emateko duen ahalmena areagotu ahalko da eta, beraz, ETEen eta EAEko banako enpresaburuen eta profesional autonomoen finantzaketa-aukerak zabalduko dira.

Elkargi S.G.R.-k, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, aurtengo irailera arte finantza-abaletan guztira 154,3 milioi formalizatu ditu; horrela, mailegu edo kredituen antzeko zenbatekoa formalizatu ahalko da, eta horrek bultzatu egingo du euskal ETEen finantzaketa. Urtea ixtean, metatutako saldoa 750 milioi €-tik gorakoa izango da.