Gobernuak EAJ-PNV eta PSE alderdiek Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema eguneratuko duen legea prestatzeko batera egin duten proposamena ospatu du (Gobernu Bilera 2018-05-22)
2018.eko maiatzak 22
Lege-proposamena kontuan hartzeko irizpena adierazi du; izan ere, testu horrek prestazioa egungo premietara egokitu, sistema hobetu eta babeseko eta gizarte-kohesioko indizeak areagotu nahi ditu
Gobernu Kontseiluak, gaur, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak talde legebiltzarkideek batera aurkeztutako “Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako” lege-proposamenaren aldeko irizpena adierazi du.
Eusko Jaurlaritzak aitortu du DSBEak ematen duen euskal babes-sistemak ez duela parekorik Estatuan, eta txalotu egin du bi alderdi politikoek aurkeztutako testuaren helburua Gobernua bera kudeatzean urteetan antzeman diren disfuntzioak zuzentzea izatea eta, horrela, prestazioa egungo errealitate sozioekonomikora egokitzea. Gobernuak ongi ikusten ditu aldaketa horiek; izan ere, sistema hobetzea eta orain arte emandako babes- eta kohesio-indizeak areagotzea dute helburu.
Gobernuak ospatzen du bi taldeek lana batera egin izana; izan ere, Legebiltzarreko ekimenak bermatu egingo ditu, horrela, gutxieneko baliabide batzuk, ekonomikoki txarren daudenek bizitza duina izateko, eta, halaber, gizarte-bazterketako egoerarik egon ez dadin lagunduko du.
SISTEMA EGUNERATUA, AUTONOMOA ETA HURBILA
Araudi-testuaren helburua da Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema eguneratzea, sistema autonomo gisa, prestazioen onuradunek lan-merkatura sartzeko eta gizarteratzeko dituzten aukerak hobetzea, herritarrengandik hurbilago egongo den sistema ezartzea laguntza “pertsonalizatuak” errazago emateko, eskainitako prestazioen babesa hobetzea eta prestazioen kudeaketaren hobekuntzan aurrera egiteko eta epeak bete ahal izateko baliabideak ematea.
Gobernuaren iritziz, proposamen ausarta eta integrala da, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistema:
- Autonomoa izateko, baina Euskadiko hiru erakunde-mailen kudeaketa eta funtzionamendu partekatuarekin.
- Babesa pixkanaka areagotzeko aukera ematen duten funtzionamendurako egitura-oinarriak izateko, gizarteratzeko tresna ekonomiko, sozial eta lanekoen konbinazioari esker.
- Euskadi barruan sistemaren homogeneotasuna bermatzeko, zuzentasun- eta berdintasun-irizpideekin
- Prestazioak kobratzen dituzten pertsonak lan-merkatuan sar daitezen bultzatzeko
- Prestazioak kobratzen dituzten pertsonen gizarteratzeari bide emateko