Eusko Jaurlaritzak Euskadin soldata-arrakala txikitzeko Estrategia eta Plan Operatiboa onartu ditu (Gobernu Bilera 2018-11-27)

2018.eko azaroak 27

Estrategiaren helburua da 2030. urtean Euskadi Europako herrialdeetan soldata-arrakala txikiena dutenen pare egotea

Hiru dira landu beharreko erronkak: (1) soldata-diskriminazioa ezabatzea, (2) lanbide arteko bereizketa gutxitzea eta (3) berdintasunerako eta berdintasunetik hezten sakontzea

Plan Operatiboak 4 ekintza-ardatz ditu, 20 zuzentarau, 60 neurri zehatz eta 283 milioi euroko baliabide ekonomikoen aurreikuspena 2019-2020ri begira

Estrategiaren eta Plan Operatiboaren edukia

Gobernu Kontseiluak Euskadin soldata-arrakala txikitzeko Estrategia eta Plan Operatiboa onartu ditu. Dokumentu honetan, 2030. urterako Euskadi soldata-arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean jartzea da helburua. Plan Operatiboak 4 ekintza-ardatz ditu, 20 zuzentarau, 60 neurri zehatz, eta 283 milioi euroko baliabide ekonomikoen aurreikuspena hurrengo bi urterako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak bere XI. Legegintzaldirako Gobernu Programan konpromiso bat hartu du: benetako berdintasuna bultzatzea, eta, horregatik, dokumentu hau aurkeztu du, soldata-arrakalak emakume eta gizonen arteko gure gizarteko desparekotasuna erreproduzitu eta betikotzen duen faktore bat  baita eta, beraz, gure erantzukizuna da hura suntsitzea, jabetuz, aldi berean, soldaten desparekotasuna arazo bihurria dela, eta dimentsio askotakoa; ondorioz, askotariko dimentsioetatik landu behar da, eta inplikatutako eragile guztiek elkar hartu behar dute horretarako.

Emakundek egindako Euskadiko egoerari buruzko diagnostikoaren arabera, 2016an, EAEko pertsona langile baten urteko batez besteko irabazia 27.480 euro izan zen: 31.000 € gizonek, eta 23.423 € emakumeek. Horrek esan nahi du EAEn % 24,4ko soldata-arrakala dugula. Arazo bihurria da, eta dimentsio askotako neurriak eskatzen ditu. Bada, Estrategiaren eta Plan Operatiboaren edukiak hiru erronkari erantzun nahi die: (1) soldata-diskriminazioa ezabatzea, (2) lanbide arteko bereizketa gutxitzea eta (3) berdintasunerako eta berdintasunetik hezten sakontzea.

EKINTZA-ARDATZAK 

  • 1. ardatza – Soldata/orduko desparekotasuna murriztu: hainbat ekimen adierazi dira; adibidez, ikuskapen-lanak sendotzea, erabakimenean emakume eta gizonen arteko presentzia orekatua bultzatzea; estereotipoetatik aske dauden hezkuntza- eta lan-ibilbideak bultzatzea; gazteentzako erreferentziazko ereduak eskaintzea…
  • 2. ardatza – Eguneko lanaldiari buruzko desparekotasuna murriztu: proposamenetako bat da bateragarritasun erantzunkideetarako neurriak ezartzen enpresei akonpainatu eta laguntzea, eta ordaindu gabeko zainketa-lanak balioetsi eta bistaratzea, hitzarmen eta akordio kolektiboetan berdintasunaren aldeko neurriak sartzen saiatzea…
  • 3. Ardatza – Hezkuntza eta gizartea sentsibilizatu: hainbat ekimen nabarmentzen dira, adibidez, ikastetxeek genero-ikuspegia beren ekintzetan sartzea bultzatzea; baterako hezkuntza gaietan irakasleek dituzten gaitasunak hobetzea…
  • 4. Ardatza - Enpresak eta sindikatuak sentsibilizatu: hainbat ekimen aurreikusi dira, adibidez, berdintasunerako diagnostikoak eta planak egin ditzaten, enpresa txiki eta ertainei laguntzea, negoziazio kolektiboan parte hartzen duten enpresa- eta sindikatu-arloko eragileen heziketa bultzatzea, emakumeen berdintasuna errazten duten plan edo neurriak dituzten enpresei lehentasuna emateko gizarte-klausulak ezartzea…

GOBERNANTZA-EREDUA 

Gobernu Kontseiluan onartutako dokumentua parte-hartze prozesu baten fruitua da. Hasierako dokumentua kontrastatu egin zen hiru hiriburuetan egindako saioetan, joan den irailean. Saio horietan bildutako ekarpenen fruitu, 15 neurri hartu dira.

Estrategia eta Plan Operatiboak ezartzeari begira, jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat aurreikusi da. Era horretan, Estrategiaren Gobernantzarako, koordinazio eta jarraipenerako 3 bitarteko erabiliko dira:

  • Sail arteko lantaldea (Gobernantza Publikoa eta Autogobernua; Ekonomiaren eta Azpiegituren Garapena; Ogasuna eta Ekonomia; Hezkuntza; Enplegua eta Gizarte Politikak; Lana eta Justizia)
  • Erakunde arteko Koordinazio Taldea (EJ, Foru Aldundiak eta Eudel)
  • Euskadiko Elkarrizketa Mahaia (Soldata Arrakalari buruzko Topagunea)