Eusko Jaurlaritzak eta Salvamento Marítimok lankidetzan dihardute, Mediterraneoan giza erreskaterako itsasontzi berria abian jartzeko

2018.eko ekainak 07

  • Aita Mari abuztuan itsasoratuko da, nazioarteko uretara, Libiako kostaldearen aurrean, “Euskadi Basque Country” marka giza eskubideei lotuz
  • Erreskateez gainera, osasun-laguntza eskainiko die errefuxiatuei, portuan dauden bitartean
  • Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko ekarpena egingo du, Maydayterraneo izeneko proiektua errealitate egiteko

Eusko Jaurlaritza eta SMH-Salvamento Marítimo Humanitario Aita Mari Mediterraneorako giza erreskaterako itsasontzi berria abian jartzeko lanean ari dira. Maydayterraneo izeneko baterako proiektu hori gaur goizean aurkeztu dute, Donostia/San Sebastianen, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Iñigo Mijangos eta Amaia Martínez GKEeko arduradunek. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko ekarpena egingo dio ekimen horri; ekimenaren helburua da mediterraneoan errefuxiatuta dauden pertsonek bizi duten krisiari erantzutea.

32 metro luzeko arrantza-ontzia izango da, Getariako ontzidikoa; gaur egun berriztatzen ari dira eta erreskate-misioetarako prestatzen. Itsasontziak, erreskateak egiteaz gainera, ospitaleko materiala izango du, errefuxiatuei portuan dauden bitartean osasun-laguntza eskaintzeko. Aurreikusten da ontzi berria aurtengo udan erabiltzeko moduan egotea eta abuztuaren hasieran nazioarteko uretara itsasoratu ahal izatea, Libia kostaldearen aurrean, herrialde hartan gerratik ihes dabiltzan pertsonei laguntzeko. Maydayterraneo proiektuak aurtengo urterako eremuan bost hilabetez egotea aurreikusten du; horrela, erreskateko 10 misio egin ahalko ditu eta horietan 100 boluntario inguruk parte hartuko dute. 

Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esan du itsasontzi horren proiektuarekin lankidetzan jardutea “ohore handia" dela; izan ere, “horren bidez gertakarien bidez isla daitezke nazioarteko eremuan Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planean zehaztu ditugun asmoak”. Proiektu horren bidez, esku hartzeko ildoa irekiko da, lehentasunezko eremu batean: mediterraneoan errefuxiatuta dauden pertsonek jasaten duten krisiari erantzutea. “Itsasontzi honek ordezkatu egingo gaitu; euskal gizarteak ekintzarako eta elkartasunerako duen konpromisoa erakutsiko du, solidaritaterik ezeko eta justiziarik ezeko egoeran”, esan du Fernándezek.

EUSKADI BASQUE COUNTRY ETA GIZA ESKUBIDEAK

Fernándezek euskal gizarteak eta euskal erakundeek nazioarteko eremuan giza eskubideen kausan laguntzeko egiten duten ahalegina nabarmendu du: “Herrialde txikia gara, gaitasun mugatuekin; baina gure ekarpena egin nahi dugu”. Hori horrela ziurtatu du “konpromisoa irmoa” dela, eta gogorarazi du 2017-2020rako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planak bere egiten duela “Euskadi Basque Country marka giza eskubideekiko konpromisoarekin lotzeko” helburua.

Zehazki, planak zera dio: “Eusko Jaurlaritzaren jarduketak ahalegina egin behar du, apaltasun osoz baina erabakitasunez, nazioarte-eremuan indarrak batzeko, giza eskubideekiko errespetua defendatzeko”. Eta esan du Eusko Jaurlaritzak prest egon behar duela “giza eskubideen, gatazken ebazpenaren, biktimen eta bakearen inguruan edo bazterketaren, arrazismoaren, indarkeriaren, terrorismoaren eta gerraren aurrean egon daitezkeen” nazioarteko ekimenetan parte hartzeko. Ekimen hori, Jonan Fernándezen hitzen arabera, bat dator Planean jasotako ideiekin.

MEDITERRANEOA

Gaur egun, Mediterraneoak jarraitzen du munduko migrazio-bide arriskutsuena izaten. Tripoliko Gobernuarekin (Libia) Europar Batasunak eta Italiak adostutako akordioak herrialde horretako kostazainek migratzaileekiko eta erreskaterako GKEekiko duten etsaitasuna sustatu du.

Nazioarteko uretako gorabeherak gero eta maizago gertatzen dira. Horren ondorioz, gaur egun erreskaterako bost itsasontzi baino ez daude. Maydayterraneo seigarrena izango da. Gainera, Italian dagoen ezegonkortasun politikoak mugak kanporatzeko doktrina finkatzeko mehatxu egiten du.

Iaz, Mediterraneo osoan, 3.139 pertsona hil ziren; % 90 (2.853) ibilbide horretan hil ziren. Aurten, 715 pertsona hil dira Europara heltzeko ahaleginetan; horietako 385, erdialdean. Ia 5 pertsona hiltzen dira egunean.