Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak "La Bilbao refugio" errefuxiatuen aldeko lasterketa solidarioan hartu dute parte
2018.eko ekainak 23
Errefuxiatuen Munduko Eguna izan zen ekainaren 20an eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak CEAR Euskadik antolatutako "LA BILBAO REFUGIO" herri lasterketa solidarioa sustatu dute. Lasterketa gaur izan da Bilboko kaleetan.
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta bozeramaileak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariak parte hartu dute lasterketan. Bilboko Udaletik, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko Zinegotzia eta Iñigo Pombo Gizarte Ekintza Saileko Zinegotzia izan dira. Instituzio ordezkariek ekimen honekin bat egin dute errefuxiatuen aldeko konpromisoa eta elkartasuna erakutsiz.
Bilboko erdigunetik 5 kilometro igaro dituen lasterketa solidarioaren bigarren edizio honetan, izen-emateetan bildu den dirua errefuxiatuei laguntza emateko proiektuetan erabiliko da, CEAR-EUSKADI erakundearen barruan.