Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak beste 20 erakunderi BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu dizkio Gasteizko Europa Jauregian

2018.eko abenduak 18

Bikain 10, zurekin hamaika!” lelopean, BIKAIN ziurtagirien banaketa ekitaldien hamargarren edizioa ospatu da Gasteizko Europa Jauregian. Urtemuga izanik, sorpresaz betetako ekitaldiaz gozatu ahal izan dute bertaratu diren 150 pertsonak. Orotara, 20 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria; horietatik hamaikak goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute, zazpik tartekoa den zilarrezkoa eta bik oinarrizkoa. Aurten 20 enpresa eta entitate horiek Bikainekin bat egin ostean, guztira 379 ziurtagiri banatu dira 10 urtetan, ekimen hau abian jarri zenetik. Ekitaldian Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, eta Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, parte hartu dute.

150 pertsonatik gora elkartu dira Gasteizko Europa Jauregian arratsaldeko 18:00etan hasita egin den BIKAIN ziurtagirien banaketa ekitaldian. Aurtengoa, gainera, berezia izan da, hamar urte bete baititu BIKAINek. “Bikain 10, zurekin hamaika” lelopean BIKAIN ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, entitate publiko zein pribatuetako, euskal kulturgintzako, administrazioetako, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak bertaratu dira.

Hamargarren urteurrena izanik, dotore jantzi da aurtengoan Europa Jauregia. Ongietorria berezia izan da, Txintxua Films-ek ekoitzitako Dantza filmeko dantzarien koreografia eta musikarekin. Ikus-entzunezko bereziak, bertsoek eta ebaluatzaileen zuzeneko bizipenek hamar urte hauetan BIKAIN ziurtagirien banaketa ekitaldiaren ibilbidea bertatik bertara ezagutzera eraman du.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du “inoizko baldintzarik onenak ditugula” euskara lan-munduan sustatzeko eta, bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du. “Urteak dira euskara lan-munduan sustatzeko bideari ekin geniola, arlo publikoan zein pribatuan. Bide horretan giltzarri izan da Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien proiektua, eta ehunka enpresa eta entitateren konpromisoa. Horiei guztiei gure esker ona agertu nahi genien proiektuak 10 urte betetzen dituen honetan. Zuei esker hamaika gara. Horrekin batera, gonbita luzatu nahi diet lagundu gaitzaten Eremu Sozioekonomikorako Plan Estrategikoarekin batera irekiko den bidean”.

20 ziurtagiri

Orotara, jarduera ekonomiko desberdinetako 20 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria hamargarren edizio honetan; horietatik hamaikak goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute, zazpik tartekoa den zilarrezkoa eta bik oinarrizkoa. Lurralde banaketari dagokionez, berriz, sei Bizkaikoak dira, hamahiru Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, eta Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, banatu dituzte ziurtagiriak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak enpresa eta entitateek euskara sustatzeko bidean egin dezaketen ekarpena nabarmendu du: “Euskara indartzeko bidea egunetik egunera idazten ari gara, eta datozen urteotan idatziko diren orrialdeotan protagonismo berezia izango dute enpresa eta entitateek. Lan-munduak tarte handia hartzen du gure bizitzetan eta eragin aktiboa izan dezake euskararen erabilera sendotzeko bidean”.

Tapia sailburuak, halaber, azpimarratu du euskara gero eta neurri handiagoan lotzen dela “bikaintasunarekin” enpresaren munduan: “Euskarari ateak irekitzea lan-munduan oso garrantzitsua da hizkuntzen kudeaketaren, erantzukizun sozialaren edota hizkuntza eskubideen errespetuaren ikuspegitik”.

Ziurtagiria jaso dutenen artean, ohi bezala, orotariko entitate publiko eta pribatuak daude: industrial nahiz tekonologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza alorrekoak edota administraziokoak. Horiek guztiek egiaztatu dute garapen maila bat edo beste euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketan.

BIKAIN kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diren, eta nola kuadetzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluatzen diren alorrak ondorengo hauek dira:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo-harremanak
  • Barne-harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Kanpo ebaluazio horiek BIKAIN Ebaluatzaile Klubeko kideek egiten dituzte eta, gaur egun, lan sektore ezberdinetako 630 profesionalek parte hartzen dute.

Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatu orok ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute, eta, lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (Beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenak (1.000 puntutik); tarteko maila (Zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek; eta goi maila (Urrezkoa), gutxienez 800 puntu eskuratu dituztenek.

Bikain 10, zurekin hamaika

Hamar urteotan euskararen erabilera areagotu nahi izan duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie BIKAIN ziurtagiriak, baita euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak 2008tik ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen duena.

Horrela, BIKAIN hamar urte doa euskararen erabilera areagotzen. Hamaika izateko. Hamar urte erakundeei ekarpen kualifikatuak egiten. Hamaika esateko. Hamar urte hamarrak jartzen. Hamaika ikasteko. Hamar urte Bikain ziurtagiriak banatzen. Hamaika ikusteko. Hamar urte eta 379 ziurtagiri. 68.000 langile. Hamaika kontatzeko. Hamar urte euskararen normalizazioan. Hamaika harritzeko. Hamar urte hazten. Hamaika familia, enpresa, elkarte, erakunde, pertsona… Bikain 10, zurekin hamaika. Zurekin bat gehiago baita BIKAIN. Hobea.

Hamar zenbakia bikaintasunaren sinonimoa da; baina BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagirien Banaketa ez da bikaintasunarekin konformatzen eta horregatik, egindako bideari eta lanari zor zaion errespetuarekin eta ahaleginarekin jarraitu nahi dute. Ekitaldian ahalegin horren parekoa egin duten entitate publiko eta pribatuen lana aitortu da hamar urte hauetan guztietan.