Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Bodegas Remelluri aitzindaria Europan, bere bero-premia guztiak Biomasa-planta bat erabiliz betetzen dituelako

EVE_Remelluri.jpg

2018.eko ekainak 07

  • Berrikuntza teknologikoa eta tradizioa uztartzen dituen proiektu honi esker, Bodegas Remelluri-k bere instalazio guztietako energia-premiak iturri berriztagarrien bitartez estaltzen ditu modu integralean, besteak beste produkzio ekologikoko 250.000 botilako produkzioari erantzuteko moduan.
  • Enpresak bat egin zuen Energiaren Euskal Erakundearen laguntza-sistemarekin, biomasako kondentsazio-galdarak erabiliz district heating sistema ezartzeko, eta, horri esker, % 40 aurreztuko du energiaren fakturan.

Energiaren Euskal Erakundeko ordezkaritza batek, Iñigo Ansola zuzendari nagusia buruan, Bodegas Remelluri (Bastida) finka bisitatu du gaur Toloño mendilerroaren magalean. Energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin dute bertan, beren energia-azpiegitura osoa biomasako kondentsazio-galdaren sistema batera egokituz (materia organikoa, basokoa kasu honetan, energia-iturri gisa erabiliz), berokuntza eta ur beroa sortzeko premia guzti-guztiak betetzeko, produkzio-prozesuak barne.

Familia-upeltegi honek obra handiak egin ditu bere instalazioetan, eta, eraldaketaren ondorioz, lehendik zeuden bost sorkuntza-puntuetatik bi galdarako gela bakar batera igaro da, eta bi galdara horiek beroa eta ur beroa banatzen dute finka osoan barrena. Hala, energia-iturri gisa C gasolioa zerabilen 370 kW-ko sistemaren ordez baso-biomasan (pellet formatuan) oinarritutako energia-iturri berriztagarria darabilen 140 kW-ko sistema bat ezarri dute, eta, horri esker, instalazioa hobetu dute, eta noski energia-kontsumoa murriztu. Gainera, energia berriztagarrien aldeko apustuak % 40ko aurrezte ekonomiko handia suposatu du.

Egokitzapen horren zerikusia dauka, halaber, finkaren jabeen jarduna gidatzen ari den balio nagusietako batekin. Izan ere, Rodríguez familiak ardoaren artisau-produkzioa berreskuratu du, eta apustu hori, hain zuzen, enpresaren nortasun-ikur nagusia da dagoeneko.

Instalazioa dimentsionatu beharra

Bodegas Remelluri-n ur beroaren eta berokuntzaren premiei erantzun ahal izateko, biomasa ezartzerakoan sistema dimentsionatu behar izan da, kontuan hartuta kontsumogune guztiek ez dituztela aldi berean premia berberak izaten ur beroari eta berokuntzari dagokienez.

Hala, egungo instalazioek 70 kW-ko bi galdara dituzte batetik, ura 80ªC-raino berotzen dutenak (kondentsazio-galdarak dira, pelletez soilik dihardutenak, siloetatik galdararaino elikadura pneumatikoa izanik), eta bi ehun-silo bestetik, guztira 9,5 tonako edukiera izanik erregaia biltegiratzen dutenak kamioi batetik pneumatikoki iristen denean. Instalazioa hiru inertzia-deposituz osatzen da, bata 1.000 litrokoa eta galdara-gelan kokatua, eta beste biak 500 litrokoak; azken horietako bat jangelatik eta upelak garbitzeko eremutik gertu dago, eta bestea etxebizitza hornitzekoa da.

Lehengo upeltegiek C gasolioko bost galdara behar zituzten, eta 20.000 litro kontsumitzen zituzten urtean. Upeltegiak garbitzeko eremuak, berriz, 150.000 litroko kontsumoa eskatzen du urtean, gutxi gorabehera.

Upeltegien premiei erantzun ahal izateko energia elektrikoaren kontsumoa, gutxi gorabehera, 120.000 litro etxeko ur bero zen urte bakoitzeko, hau da, 10.000 kWh-ko energia elektrikoa edo 5-6 etxebizitzaren kontsumo elektrikoa. Egindako lanek energiaren kontsumoa %40 gutxitzea ahalbidetu dute.

Biomasa, energia berriztagarri nagusia Euskadin

Euskadin energia berriztagarriak izan dira energia dibertsifikatzeko bide nagusietako bat. 1982an barne-kontsumo gordinaren % 2 baino gutxiago izatetik 2016an % 7,5 sortzera igaro dira.

Energia berriztagarrien artean biomasa izan da nagusia, 2016. urtean % 81etik gorako parte-hartzea izan duelako energia berriztagarri guztien artean. Atal horren barruan, baso-biomasa kontsumo berriztagarriaren % 54 da, bioerregaiak % 15, eta hiri-hondakin solidoak eta biogasa, biak batera, % 12, hurrenez hurren. Industria-sektorean biomasa-kontsumo osoaren bi heren kontzentratzen dira, baina esan beharra dago beste sektore batzuetan, bizitegi- eta zerbitzu-sektoreetan adibidez, erabilera gero eta handiagoa dela.

Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen eta HAZiren bitartez egin berri duen azterlan baten arabera, Euskadik hainbat biomasa mota aprobetxa ditzake energia-xedeetarako, baina horietako batzuek baino ez dute kontuan hartzeko moduko garapen-ahalmena. Nabarmentzekoa da baso-azpiproduktuen aprobetxamendu-ahalmen handia eta nekazaritza-azpiproduktu eta hiri-hondakin solidoen aprobetxamendu-ahalmen ertaina. Nagusiki baso- eta nekazaritza-jatorria duen biomasa-erregaiaren prezioak lehiakorrak dira beste energia mota batzuekiko, energia-aprobetxamendu jakin batzuetarako.

Biomasa erabiltzea, eta bereziki gure basoetatik eratorritako biomasa energia-baliabide gisa aprobetxatzeko arduraz erabiltzea, zuzenean edo zeharka, basoen kontserbaziorako onuragarria da, baita aberastasuna eta enplegua sortzeko, landa-ingurunean batik bat, eta ingurumena hobetzeko onuragarria ere.

Diru-laguntzak biomasa bultzatzeko

Gaur egun, aurreko ekitaldietan bezala, Energiaren Euskal Erakundeak biomasa-galdaren instalazioa bultzatzen du laguntza-programen bitartez. Biomasa-programa honek Euskadiko mota guztietako erabiltzaileak ditu jomugan, hala nola enpresak, pertsona fisikoak, jabekideen erkidegoak, udalak, etab. Laguntzaren zenbatekoa instalatutako potentziaren eta instalazio motaren araberakoa da. Euskadik biomasa-aprobetxamenduko 3.000 instalazio baino gehiago dauzka, eta gehienek EEEren diru-laguntza jaso dute.

Indarrean dagoen euskal Energia Estrategiak (3E2030) aurreikusten duenez, 2030erako bertako berriztagarriek estaliko dute barne-kontsumo gordinaren % 15, eta biomasak nagusitasunari eutsiko dio, berriztagarrien eskari osoaren % 72tik gora izango delako. Ildo horretan, EEE eta HAZI sustatzen ari dira baso-biomasa energia-xedeetarako sustatu eta erabiltzeko tresna interesgarrienetako bat. Horren bitartez 26 euskal udalerri jardun eta proiektuak garatzen ari dira, baso-baliabidea kudeatzeko batetik, eta baliabide hori, biomasa-galdaren bitartez, energia termikoaren produkziorako aprobetxatzeko bestetik.