Beltrán de Heredia: "Euskadi herrialde segurua da; lan egin behar dugu segurtasunaren pertzepzioa datu errealekin bat etor dadin"

beltran_heredia_radio_03.jpg

2018.eko urtarrilak 30

Segurtasuneko sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadin

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azpimarratu du Euskadi “herrialde segurua” dela eta Ertzaintzak bildutako datuek horixe erakusten dutela. Datu horien arabera, delituen tasa ia ez da aldatu 2017. urtean, eta mila biztanleko 37 delitukoa da. Hala ere, sailburuaren ustez lan egiten jarraitu beharra dago, azken gertaeren ondoren gizartera “lasaitasuna itzul dadin” eta “oso gauza pertsonala den segurtasun-pertzepzioa datu errealekin bat etor dadin”. Horixe adierazi du gaur goizean, Radio Euskadiko Boulevard programan egin dioten elkarrizketan.

Beltrán de Herediak gaineratu duenez, kriminalitate-indizea Europako batezbestekoaren azpitik dago. Gaur goizean bertan argitara eman den txostenak azpimarratzen duenez, Europar Batasunak Erkidegoaren esparruko segurtasunaren bilakaerarako “estrategikotzat” hartzen dituen arau-hausteek (hain zuzen ere arau-hausterik larrienek eta, beraz, gizartean alarmarik handiena sortzen dutenek, hala nola etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretek, indarkeria erabiliz egindako lapurretek eta ibilgailu motordunen osteek) behera egin dute Euskadi osoan. Izan ere, Euskadin egindako delituen % 75 ebasketak dira (hala nola diru-zorroen edo mugikorren lapurretak). Nolanahi ere, sailburuak aitortu du oraindik badagoela “hobetzeko tarte” bat, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu du babesa hobetzeko neurriak hartzeko garaian.

Herritarren laguntza, hain zuzen ere, funtsezkoa izan da duela gutxi Bilbon gertatutako krimenak argitzeko. Sailburuak inplikazio hori, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin egindako lana eta erakundeen lana eskertu nahi izan du, horri esker ikerketak emaitza onak izan baititu.

Jon Barcena gaztearen gorpuaren agerpenari dagokionez, kriminalitate-zantzurik aurkitu ez dela berretsi du.