6,4 milioi euro bideratu dira Euskadiko udalerrietan eraikin publiko eta kaleetako irisgarritasuna hobetzeko plan eta jarduketetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2018-09-04)

logoconsejo.jpg

2018.eko irailak 04

Gobernu Kontseiluak, gaur, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindua onetsi du; horren bidez, 2018 ekitaldirako udalentzako eta toki-erakunde txikientzako eta onura publikoko gizarte-helburuak dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzak deitzen dira, irisgarritasun-planak prestatu edo eguneratzeko eta hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak gauzatzeko.

Laguntzen helburua 1997ko Irisgarritasun Legea bultzatzea da eta honako alderdi hauek sustatzea: 1) hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraioak eta dagoeneko dauden informazio-sistemak pixkanaka egokitzea helburu duten irisgarritasun-planak prestatu eta eguneratzea; 2) udal eta toki-erakunde txiki eta onura publikoko gizarte-helburuak dituzten erakunde pribatuen irisgarritasun-planetan aurreikusten diren hiri-ingurune eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obrak gauzatzea; eta 3) udal eta toki-erakunde txikietako irisgarritasun-planetan jaso diren hiri-ingurune eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta jartzea.

Jarduketa horietarako, guztira, 6,4 milioi euro bideratuko dira; alegia, 2017ko deialdiko 3,3 milioiak bikoiztu egingo dira. Kopuru horretatik, 480.000 euro 2018 ekitaldi honetakoak dira, 2.960.000 2019koak eta gainerako 2.960.000 milioiak 2020koak. Diru-laguntza jasoko duten jarduketak 2018ko urtarriletik aurrera hasi beharko dira, eta planek, gehienez, 2019ko azaroaren 15erako egon beharko dute amaituta eta obrek, 2020ko urriaren 31rako; obrak deialdiaren aurretik hasi daitezke. 

Guztira, Euskadiko 65 udalek parte hartu zuten deialdian iaz; bertan, hiri-igogailuak jartzeko jarduketak lehenetsi ziren, horien kostua eta oinezkoentzako hiri-loturak hobetzean zeukaten gizarte-eragina kontuan hartuta. Aurretik irisgarritasun-planetan aurreikusitako proiektuak aurkeztu ondoren diru-laguntzak jaso zituzten udalerrietatik, 26 Gipuzkoakoak ziren, 32 Bizkaikoak eta 7 Arabakoak.

Aurtengo deialdian, diru-laguntza eskatutako aurrekontuaren % 50 izango da gehienez, irisgarritasun-planen eta horien eguneratzeen kasuetan izan ezik, % 75ekoa izango baita. Era berean, degradatu edo birgaitze integratu gisa aitortuta dauden hiri-arloetako obretan gehienez eskatutako aurrekontuaren % 60 lagundu ahalko da diruz, eta, gehienez, udalerriko edo erakundeko, 300.000 euro.

Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Diru-laguntzen ebazpena gehienez sei hilean emango da, epea ixten denetik.   

450.000 euro ERAIKAL programarako

Era berean, ERAIKAL programako 2018ko laguntzen deialdia onetsi da; programa horren bidez, kudeaketa-sistemen ezarpena, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatearen sustapena eta Euskadiko egoitza-eraikuntzaren sektoreko irisgarritasunaren eta berrikuntzaren sustapena eragiten dira. Diru-laguntza horiek 450.000 eurokoak dira, eta horietara egoitza-eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorearekin lotura duten profesional, enpresa eta elkarteek jo ahalko dute.