2019ko Aurrekontuaren jarraibideak: emaitzetara zuzenduta, herrialde mailako lau erronkei aurre egiteko (Gobernu Bilera 2018-06-12)

logoconsejo.jpg

2018.eko ekainak 12

Gobernu Kontseiluak 2019ko Aurrekontuaren Jarraibideak onetsi ditu gaur. Horietan jasotzen denez, 2019. urtea Gobernu Programaren eta Nazio Batuen 2030 Agendaren arteko lerrokatzeak markatuko du, Euskadi Basque Country 2030 Agendan adierazten den bezala. Pertsona guztientzako oinarrizko zerbitzuak eta kalitate handiagoko enplegu aukerak sortuko dituen giza garapen jasangarriaren aldeko euskal apustua indartu egingo da. “Pertsonarengan zentratutako munduaren ikuspegiaren emaitza den binomio banandu ezina”, azaldu du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak.

Jarraibide horiek 4 erronka dituzte aurrean, demografiaren erronka, hezkuntzaren erronka, digitalizazioaren erronka eta nazioartekotzearen erronka, hain zuzen ere. 2018an aurrekontu estrategikoen bideari ekin ondoren, aurten emaitzetara zuzentzean sakondu gura da. “Helburua ez da egin beharrekoa modu egokian egitea, egoki dena egitea baino”, adierazi du Azpiazuk. Horri Berdintasunerako pauso irmoa gehitu behar zaio, lehen aldiz Sail bakoitzaren helburu nagusien barruan egon behar diren arau teknikoetan sartuko baita.

DEMOGRAFIAREN ERRONKA: FUNTSEZKOA EUSKADIREN ORAINALDIRAKO ETA ETORKIZUNERAKO 

Garrantzi handiagoa hartuko dute:

  • Osasun arreta eredu integratuak, gaixotasun kronikoen etengabeko tratamendura zuzenduta, arreta sozio-sanitarioa finkatuz eta lehen arretak hartzen duen lekua indartuz.
  • Gizartearen pixkanakako zahartzeari eta jaiotze-tasa bultzatzeko beharrari erantzungo dioten izaera sozialeko eta demografikoko politiken garapenak.
  • Dagoeneko familiako erantzukizunak dituzten eta familia osatu nahi duten pertsonei, euren bizitza proiektua ahalik eta baldintza hoberenetan aurrera eramaten lagunduko dieten politiken garapenak.
  • DSBEa seme-alabak dituzten familietara hobeto egokitzeak, umeen pobrezia murrizteko.
  • Etxebizitza duinerako sarbidea erraztuko duen etxebizitza politika bultzatzeak eta alokatutako etxebizitzarako sarbidea errazteak.
  • Seme-alabak oso gazteak direnetik gurasoei eskaintzen zaizkien haurtzaindegi zerbitzuek.
  • Gazteei euren kontura bizitzen jartzeko aukerak errazteak.

HEZKUNTZAREN ERRONKA: GIZARTE BATEN INBERTSIORIK ONENA 

Ezinbestekoa da hezkuntza bikaina, unibertsala eta inklusiboa izatea. Aniztasunaren errespetua eta pentsamendu eta sinesmen askatasuna bermatu behar ditu, eta baita giza eskubideak eta dibertsitatearen defentsa ere.

Ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen hezkuntza gizarte kohesioan eta jasangarritasunean egiten den inbertsioa da. “Euskadik ezin ditu gaurko gazteak alde batera utzi, biharko helduak izango direlako eta etorkizuneko hazkundeari eta ongizateari eutsiko diotelako”, baloratu du Azpiazu Sailburuak. Ondo prestatutako giza kapitala biltzea funtsezko estrategia da Euskadiren etorkizunerako.

Halaber, bikaintasuneko ikerketa zientifikoa, gizarte aurreratu orok, unibertsitateen, ikerketa taldeen eta bikaintasun zentroen bitartez landu eta garatu behar duen ekonomiaren garapenerako bektore gisa hartzen da.

DIGITALIZAZIOAREN ERRONKA: LAUGARREN IRAULTZA INDUSTRIALA 

Erronka horrek, Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Estrategian (“RIS3”) hartutako I+G+Bren aldeko etengabeko apustua berriztatzen du, Euskadiren indarguneen aldeko apustua egingo duten eta ezagutzaren gizartearen nodoei eta erronka orokorrei tokiko erantzunak emango dizkien munduko leku gisa duen posizionamendu globala indartuko duten eskalako ekonomiak lortzeko gida gisa. Helburua berrikuntza zientifikoan eta teknologikoan aurrera jarraitzea, industrializazio planaren bitartez laugarren industria iraultzari aurre egitea eta enpresaren eraldaketa digitala bultzatzea da.

NAZIOARTEKOTZEAREN ERRONKA: IKUSPEGI ZEHARKAKO, INKLUSIBO ETA INTEGRALETIK 

Oso estu erlazionatuta dago gainerako “3iekin”: inbertsio publikoa azpiegituretan, innobazioa edo berrikuntza (I+G+B aurrekontu publikoa urtero %5 handitzeko konpromisoarekin) eta industria. Erronka nagusia sailen plangintzan zeharkakotasunaren sustapenarekin jarraitzea, horren ezarpenerako erakundeen arteko koordinazio handiagoa eta eragile sozioekonomikoen eta instituzionalen bat egitea lortzea izango da, hori guztia Euskadi-Basque Country proiektatzeko, atzerrian posizionamendu hobea lortzeko, nazioarteko abangoardiarekin eta erabaki guneekin konektatzeko, aukerak geureganatzeko eta erronka globalei erantzun eraginkorrak eta efektiboak emateko xedez.

Horrez gain, ingurumen arloko erronkaren konplexutasunari hainbat ikuspegitik ekiteko apustua egiten da:

  • Energia berriztagarriak; aire energia berriztagarria, biomasa (hondakinetatik energiara), fotovoltaikoa, geotermikoa eta, batez ere, itsasokoa.
  • Garraio eredu garbi, jasangarri eta eraginkorrerako bilakaera.
  • Euskadi lurralde orekatu eta jasangarri gisa egituratzea, egoera txarrean dauden inguruneak murrizteko eta birsorkuntzaren eta bizitza kalitatearen aldeko apustua egiteko.
  • Energia berriztagarrien erabilera hiri barruko garraioan eta energiaren eraginkortasuna bultzatzea eraikinetan.
  • Lehorreko eta uretako (ur gezak eta gaziak) bioaniztasuna kontserbatzea.
  • Uraren eta hondakin uren kudeaketa jasangarria egitea.

2018-2019 AGERTOKI MAKROEKONOMIKOA 

2017an, euskal ekonomia %2,9 hazi zen, eta hiruhilekoko bilakaerak gorako soslaia erakusten du. Datu hoberenak urtearen bigarren erdialdean erregistratu ziren, eta 2018. urtearen hasierako gorako joera are nabarmenagoa izan da. Inguruko ekonomien berraktibatzea, Europakoena batez ere, dago emaitza on horren ostean.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak gorantz berrikusi ditu bere aurreikuspenak, eta %2,8ko hazkundea planteatzen du 2018rako eta %2,3koa 2019rako.

 

Euskadiko 2017-2020 lauki makroekonomikoa

 

2017

2018

2019

BPG

2,9

2,8

2,3

Azken kontsumoa

2,8

2,6

2,1

    Etxeetako kontsumoa

3,0

2,7

2,1

    AP kontsumoa

2,4

2,2

1,8

FBC

3,5

3,5

2,9

Barne eskaria

3,0

2,8

2,3

Kanpoko eskariaren ekarpena

-0,1

-0,1

-0,1

BPG nominala

3,9

4,0

3,8

BPG deflatorea

1,0

1,2

1,5

Enplegua

2,1

1,9

1,4

Langabezia tasa

11,2

10,8

10,0

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

 

Jarduera ekonomikoaren indarra prezioen adierazleetara eramango da pixkanaka, baina BPGren deflatorea oraindik ere Europako Banku Zentralak ezarritako %2,0ko erreferentziatik urrun egongo da. Lehengaien garestitzeak nabarmendu egingo du modu puntualean prezioen igoera, baina soldata igoera txikien ondorioz, inflazioak ez du gora egingo.

Aurreikuspenak, 2018an 17.800 enplegu garbi sortuko direla erakusten du (aurreko aurreikuspena 17.000koa zen) eta hurrengo urtean sortuko diren beste 13.200rekin osatuko dira (aurreko datua 13.000koa zen). Langabezia tasa %10etik beherakoa izango da 2019ko bigarren erdialdean eta, ondorioz, bete egingo da Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako zuen helburu estrategikoetako bat.

Nazioartekotzearen testuingurua 

Nazioarteko ikuspegiari dagokionez, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF-FMI) aurreikusten duenez, 2017ko hazkunde globala %3,8koa izan zen, eta 2018rako eta 2019rako %3,9ko balioak aurreratzen ditu. Gorako eta garapen bidean dauden herrialdeek, lehengaien merketzearen ondorioz galdu zuten protagonismoaren parte bat berreskuratuko dute, merketze hori dela eta herrialde horietatik garrantzitsuenetako batzuk atzerako bidean sartu baitziren, eta euren emaitza globalak hobetuko dituzte, bi urteetan hazkundea %5,0 inguruan jarri arte, azelerazio soslai txikiarekin. Hori guztia, Txinak dezelerazio txiki prozesuarekin jarraituko duen arren, kontsumoan eta zerbitzuetan gehiago oinarrituta egongo den eredura egokitzen ari baita.

Herrialde garatuei dagokienez, 2018rako dinamismo handiagoa aurreikusten da. Estatu Batuetako ekonomiak erakusten duen bultzada garrantzitsua azpimarratu behar da, bertako gobernuak aurrekontuak pizteko martxan jarri dituen neurrien ondorioz.

Euroguneari dagokionez, urte bietan agertoki makroekonomikoaren dezelerazio txikia hautematen da. 2018an %2,3 igoko litzateke, eta 2019an %1,9. Diru politikaren orientazioa aldatuz joango da, hain erosoa izango ez den tonurantz, hasiera batean aktibo gutxiago erosiz eta, ziurrenez 2019ko lehen erdialdean etorriko den interes tasen igoerarekin. Eurogunearekin erlazionatutako beste arrisku batzuk Britainia Handiarekin adostuko den soluziotik edo nazioarteko harremanak kaltetu ditzaketen eta gerra komertziala eragin dezaketen neurri protekzionistak hartzetik igaroko dira. 

Estatuaren kasuan, 2017ko %3,1eko hazkundetik, 2018ko %2,7kora eta 2019ko %2,4kora pasatuko da.

 

Inguruneko aldagaien portaera

 

2017

2018

2019

Euriborra

-0,3

-0,3

-0,1

Kanbio tasa (euroak/dolarra)

1,129

1,227

1,248

OCDEko BPGren hazkundea

2,5

2,6

2,4

Euroguneko BPGren hazkundea

2,5

2,3

1,9

Espainiako BPGren hazkundea

3,1

2,7

2,4

Espainiako kontsumo pribatuaren deflatorea

1,8

1,8

1,6

Espainiako ondasunen esportazioaren deflatorea

3,1

1,2

0,8

 

AURREKONTU EGONKORTASUNA ETA FINANTZA JASANGARRITASUNA

Kontzertu Ekonomikoaren 2017ko uztailaren 19ko Batzorde Mistoan, Estatuarekiko defizitaren eta zorraren azken bidea adostu zen, %0,1ekoa 2019an eta %0koa 2020an, horrela aurrekontu oreka lortuz. Halaber, 2019rako zorraren gehieneko helburua %13,8an ezarri zen, eta 2020rako %13,2an. Gastu erregelari dagokionez, 2019ko ekitaldirako erreferentzia tasa %2,7koa da, baina kontuan izan beharko da izaera egonkorreko diru-sarreren igoeraren ondorioa.

Aurrekontu jarraibideak 

LEHENA: Langileen gastuak

2019ko aurrekonturako langileen gastuen kalkulua Ogasun eta Ekonomia Sailak egingo du. Sektore publikoaren zerbitzuan ari diren langileentzako planteatuko den ordainketen igoera 2019ko Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztutakoaren mende egongo da. Aurrekontu proiektuaren ondorioz lantaldea ez da handituko 2018ko abenduaren 31n zegoen plaza kopuru osoarekin alderatuta. 

BIGARRENA: Funtzionamendu eta Ohiko transferentzia gastuak

Administrazio instituzionaleko erakundeei egindako transferentziak, langileen gastuak finantzatzen dituzten partean, aurreko atalean jasotako orientazioak kontuan izanda kalkulatuko dira.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Sailek, Erakunde Autonomoek eta bestelako Erakundeek, euren diru-laguntza gastu politikak aztertuko dituzte, horien arrazionaltasunaren azterketa eginez, eta, hala denean, onuradunen gaitasun ekonomikoa izango dute kontuan, biztanleriaren babes edo sustapen hobea eta ekitate handiagoa lortu ahal izateko. 

HIRUGARRENA: Inbertsio Errealak, Kapital Diru-laguntzak eta Finantza Aktiboen Aldaketa

Aurreko ekitaldietako obligazioak dituzten jarduketen kredituen zuzkidura egingo da. Planteamenduaren plangintzak urte anitzeko epemuga izango du, eta horretarako, horrek dakartzan ustiapen gastu berriak izango ditu kontuan. 

LAUGARRENA: Finantza Gastuak eta Finantza Pasiboen Murrizketa

Zor Publikoaren interesak eta amortizazioa zenbatetsitako kostuaren arabera jasoko dira aurrekontuetan.

BOSGARRENA. Ez da Sektore Publikoko Erakunde gehiago sortzea aurreikusten