2018ko Aurrekontu Lege Proiektuaren Aurkezpena: Ogasuna eta Ekonomia

2018.eko azaroak 06

AZPIAZUK ADIERAZI DU GOBERNUA EZ DELA ONGIZATEA HIPOTEKATUKO DUTEN ABENTURA EKONOMIKOETAN SARTUKO

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua izan da lehena EAEko 2019ko Aurrekontu Orokorren Lege-proiektuari buruz hitz egiteko agerraldi parlamentarioen txandan parte hartzen. Sailburuak adierazi die Gobernuko taldeei ez dela herritarren ongizatea hipotekatuko duten eutsi ezinezko abentura ekonomikoetan sartuko. “Akordioa bilatuko dugu negoziatzeko benetako borondatea duenarekin eta gizarte-hobekuntzak zein arloetako politika zentzuzkoak itundu nahi dituenarekin”, adierazi du.

Bere agerraldian, oposizioko alderdiei gogora ekarri die herritarrentzako aurrekontu positibo batzuen inguruko ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko erantzukizuna dutela. Horrez gain, aurrekontu horiek aurrera ateratzeko bideragarritasun politikoa sortzeko konpromisoa hartu du, aldaketa batzuk egitea onargarria baita, baina ez guztiz kontrako beste proposamen bat. “Errealitateaz jabetu behar dugu, konplexutasun sozial eta ekonomikoaz, eta funtzionamendu instituzional eta normatiboaren esparruaz”, ondorioztatu du.

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA

Agerraldian, Ogasun eta Ekonomia Sailaren kontu-sailei buruzko informazioa eman da; izan ere, 52,6 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako. 2018arekin alderatuta, 1.828.000 eurokoa da igoera, hau da, %3,6koa.

Ogasun eta Ekonomia Sailaren gastua egiturazkoa da nagusiki. Langileen arloko gastuak, lehena sailkapen ekonomikoan, 602.600 euroko igoera izango du, ordainsarien %2,25eko igoeraren ondorioz eta beste aldaketa batzuengatik, besteak beste, Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarrien gorakadarengatik eta langileen antzinatasunarengatik. Funtzionamendu-gastuak 2018koen antzera mantenduko dira, %1eko igoera izango baitute.

Transferentziei eta diru-laguntzei dagokienez, milioi bat euro baino pixka bat gehiagokoa izango da igoera, Eustati eta Lehiaren Euskal Agintaritzari 2018an baino ekarpen handiagoak egitearen ondorioz, 887.800 euro gehiagokoa eta 213.000 euro gehiagokoa, hurrenez hurren.

 Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikitako erakundeak:

 

  • Euskal Estatistika Erakundea, EUSTAT: 13.400.000 euro.
  • Lehiaren Euskal Agintaritza: 1.433.000 euro.
  • Finantzen Euskal Institutua: 12.000.000 euroko ustiapen-aurrekontua eta 146.000.000 euroko kapital-aurrekontua, ekoizpen-ehunari, zentro teknologikoei, ETE berritzaileei eta kapitalizazio ertaineko enpresei laguntzeko programak kudeatzeko.

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 6a