- Lanok Getxoko Udalak eta URAk hitzartutako lankidetzarako hitzarmenaren barne dira, udalerriko ibai-erreketan mantentze lanak egiteko
- URAk Udalekin hitzarmenak sustatzen ditu ertz eta erriberetan mantentze-lanak egiteko
URAk Gobela ibaiaren ertz eta erriberetan mantentze-lanetan dihardu Leioako zubitik (Artatza Hotelaren aurrean) eta Salsiduko zubitik ibaian gorainoko arteko tartean. Lanok —hilaren 3an hasitakoak— Getxoko Udalak eta URAk iragan apirilean sinatutako lankidetzarako hitzarmenaren barne dira: udalerriko ibai-erreketako ertz eta erriberetan mantentze lanak egiteko hitzarmena.
Lankidetzarako hitzarmenaren pean, iragan urteko bukaeran Udalak eta URAk hainbat ekintza adostu zituzten, eta lehentasunak eta ekintza komunak elkarrekin zehaztu zituzten.
Hitzartutako plangintza komun horretatik abiatuta, Uraren Euskal Agentziak uda aurretik mantentze lanak egin zituen Lexarretako zubitik eta Gobelako ikastola arteko tartean: bai ingurumen-berreskuratzea sendotzeko, baita zonalde horretan dagoen uholde-lautadak ur-goraldiak laminatzeko ahalmen handiagoa izan dezan; alegia, ur-goraldiaren indarra moteldu dezan, hartara, ibaian behera goraldiak sortutako erasanak murrizteko.
Ibaien mantentze-lanak herriguneetan
Ibai eta errekak badira ere balio ekosistemiko nabarmena duten espazio publikoak, eta gure herriguneak han-hemenka zeharkatzen dituzte. Haien mantentze onak ezinbesteko ditu bai ertz, erribera eta ibilguetan dagokion tokiko landaredia ahal den tarte guztietan sustatzea; baita hondakin solido urbanoak edota ibilgua buxatu lezaketen bolumen handiko gaiak kentzea. Horiek egiteko, administrazio hidraulikoa eta udal administrazioa eskutik joatea ezinbestekoa da, biak ala biak lortuko badira.
Uraren Euskal Agentziaren ibaien mantentze-zerbitzuak xede nagusi du Euskadiko ibaietako ertz eta landaredia berreskuratzea eta babestea; eta bidenabar, ibilguaren balizko estuguneetan ahalmen hidraulikoa mantentzea.
Orobat, Getxoko Udalak funts-kopuru nabarmena bideratu du udalerriko ibaien mantentze lanak egiteko: herri-guneetako tarteez haratago ere, ibilgu eta ertzetan lanak lehenetsiz.
Erakunde biek ala biek elkarrekin dihardute landaredi inbaditzaileei aurre egiteko —beren beregi, Fallopia Japonica, eta Cortaderia Selloane o Pampa-lezka— eta espezieok erauzitako zonaldeetan tokiko landaredia landatzeko —askatutako gune horietan inbaditzaileak birsortu ez daitezen—.