Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Tapiak azpimarratu du garraio-azpiegiturei Euskadin emandako bultzadak ez duela atzerabueltarik

2017.eko martxoak 29

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia Bilboko Portuko* gurutzaldietako terminal berria inauguratzeko ekitaldian izan da, eta azpimarratu du garraio-azpiegituren aldeko bultzadak “ez duela atzerabueltarik”.

Getxon izandako ekitaldian, sailburuak aditzera eman du terminal hau izango dela, bisitatuko gaituzten milaka pertsonentzat, Euskadin sartzeko lehen atea, eta herri gisan “nahitaezkoa dugula haienganako erakargarri eta lehiakor izatea,  datozenetik doazen arte”. Euskadin eskaintzen diren zerbitzuei, eta, bereziki, azpiegitura- eta garraio-sareari zuzendutako aipamen zehatza izan da.

Horren haritik esan du Europar Batasunak argitara eman duenez Euskadi izan dela, Madrilekin batera, lehiakortasun erregionaleko indizean kalifikazio ona lortu duen erkidego bakarra, eta hala ere, oraindik badirela gure azpiegituretan egin beharreko hobekuntzak, baina, emandako bultzada berriak dagoeneko “ez duela atzerabueltarik”. Besteak beste, aipatu ditu Bilboko eta Pasaiako portuetan egindako aurrerapenak –lurraldearen jarduera ekonomikoari zuzenean lotuak–; hiru lurraldeetako aireportuen suspertzea; Abiadura Handiko Trena; Frantzia eta Jundiz lotuko dituen tren-autobidea; eta luze itxarondako baina dagoeneko hitzartua den Hegoko Tren Saihesbidea, Bilboko Portuaren lehiakortasuna areagotzeko interes bizikoa.

*Honekin batera doa gurutzaldietako terminal berria inauguratzeko ekitaldiari buruzko prentsa-oharra