Osasun Saila

Sortu da Adikzioen Euskal Kontseilua, adikzioen kontra borrokan dabiltzan gizarteko sektore guztien partaidetzarako organo gorena

2017.eko ekainak 14

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua presidente duela, gaur eratu da 63 pertsonak osatutako foro hau; pertsona horiek inplikazioren bat duten Euskadiko gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzte

 

Jon Darpón Sierra Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua izan da Adikzioen Euskal Kontseilua eratzeko bilkurako burua. Gaurdanik, kontseilu hori izango da adikzioen kontrako borrokan inplikatutako gizarte sektoreen partaidetzarako organo gorena; izan ere, bertan izango dute tokia arlo horietako guztietako 63 pertsona ordezkarik guztira.

Bizi balio, ohitura eta estilo osasungarriak sustatzea; prebentzioa; arriskuak murriztea; eta adikzioak dituzten pertsonei arreta ematea; horiek dira duela hiru hamarkada baino gehiago Euskadiko administrazioen ekintzarako finkatutako lan ildoa.

Iaz, apirilaren 7ko 1/2016 Lege berria onartu zen, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa, Eusko Legebiltzarrak ia aho batez babestua, eta mugarri bat izan zen. Hain zuzen, arau horren babespean eta, joan den apirilean, Eusko Jaurlartzak, diputazioek eta udalek osatutako Adikzioen Erakunde Arteko Batzordea sortu zen eta, horren ondoren, gaur Adikzioen Euskal Kontseilua eratu da.

Era horretan, amaitu egin da lege horretan aurreikusitako plangintza, koordinazio eta partaidetzarako organo guztien eraketa prozesua; Osasun Sailburuak nabarmendu duenez, horiek ezin bestekoak baitira bizi ohitura osasungarriagoak dituen Euskadi baterantz elkarrekin eta eraginkortasunez aurreratzeko, Euskadiko gizarte osoaren inplikazioari esker.

Alde horretatik, gaur sortutako Adikzioen Euskal Kontseilua organo erabakigarria da, bertan parte hartzen baitute arlo askotako 63 pertsonak guztira: prebentzioaren eta asistentziaren arloko erakundeak; droga kontsumitzaileen eta ludopatiek eta jokabidearen adikzioek jotako pertsonen elkarteak; gaiari buruzko pertsona adituak; gizarte komunikazioko ordezkariak…, baita erakunde publikoak ere.  

Lehendabiziko bilkuran, Adikzioen Euskal Kontseilua testua ezagutu eta baloratu du eta, azken eraldaketak eta ekarpenak behin sartuta, VII. Euskadiko Adikzioen Plana bihurtuko da, egun indarrean dagoenaren ordez.

Behin onartuta, Plan berria izango da Euskadin adikzioen arloan egiten diren plangintza, antolamendu eta koordinaziorako bitartekoa. Oso zeharkako gaia da, bertan bat egiten baitute osasunak eta beste arlo batzuek ere, adibidez, hezkuntzak, kulturak, gazteriak eta kirolak, baita gizarte inklusioak, politika komunitarioak, laneko osasunak, etxebizitzak, ingurumenak, segurtasunak, justizia administrazioak, espetxe erakundeek, publizitateak eta hedabideek.

Lehenengo bilkura honetan, gainera, beste alderdi batzuk landu dira, adibidez, euskal Legea indarrean sartu eta urtebetera egindako balantzea, edo hura arautzeak nolako garapena izan duen.