Segurtasuneko sailburuak eta Gurutze Gorriaren presidenteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ahultasun egoera berezian dauden kolektiboen segurtasunik ezari aurrea hartzeko prestakuntza eskaintzeko

01.jpg

2017.eko martxoak 27

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Euskadiko Gurutze Gorriaren presidente Iñaki Irustak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan, ahultasun egoera berezian dauden kolektiboen segurtasunik ezari buruzko informazio-ekintzak garatu eta prebentziorako prestakuntza eskaintzeko.  

Hitzarmenaren helburua da baldintza eta konpromiso batzuk ezartzea batetik, ahultasun egoeran dauden kolektiboen, besteak beste, adinekoen eta migratzaile edo errefuxiatuen, segurtasunean hauteman diren mehatxu nagusiei aurrea hartzeko eta, bestetik, kolektibo horiek Ertzaintzan konfiantza handiagoa izatea lortzeko, jarrera proaktiboa izan dezaten egoerak edo delituak salatzean, horiek biktima direnean, eta, aldi berean, poliziak erantzun hobea eman dezan kolektibo horiekin lotutako jardueretan.  

Helburu horrekin, informazioa emateko hitzaldiak eskainiko dira Gurutze Gorriak Euskadin dituen egoitzetan, komunikazio eta lankidetza inguruneak sortzeko adinekoekin eta migratzaile edo errefuxiatuekin Gurutze Gorriak segurtasun-arazoei buruzko informazioa helarazteko dituen erreminten bitartez.