Segurtasun Sailak hemezortzi ohorezko aipamen banatu ditu Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan

2017.eko ekainak 21

Sariak bigarren urtez jarraian banatu dira Segurtasun Sailak 2016ko martxoan agindua onartu zuenetik

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak banatu ditu, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak lagunduta, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak. Dekretua onartu zenetik eta segurtasun pribatuaren arloko agindua argitaratu zenetik sari hauek banatzen diren bigarren aldia da. Aginduan ezartzen da zer errekonozitzen zaien segurtasun pribatuko enpresa eta langileei, bai eta esparru horrekin erlazionatutako organismoei ere, ohorezko aipamen horiekin, hainbat faktoreren arabera, hala nola arriskua edo aitortutako egitateen garrantzi publikoa.  

Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusiko bilera-gelan egin den ekitaldian,  Segurtasuneko sailburuordeak 18 aipamen banatu ditu, zehazki ohore-domina bat eta segurtasun pribatuko langileentzako hamabi ohorezko sari. Bestalde, segurtasun-enpresentzako bi diploma eta pertsona fisikoak, instituzioak, korporazioak, entitateak edo establezimendu publiko edo pribatuak errekonozitzen dituzten lau ohorezko plaka ere banatu ditu.

Sariak banatzeko ekitaldian, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak zoriondu egin ditu saritu guztiak, eta segurtasunaren arloko zerbitzu publikoen eta pribatuen arteko lankidetza azpimarratu du, eta esan du “gaur egun beharrezkoa da, baina etorkizunean oraindik ere beharrezkoagoa izango da elkarrekin lan egitea informazioaren, inteligentziaren eta berrikuntzaren esparruetan”. 

Erakundeetatik berriz balioetsi eta aitortu nahi izan dugu errekonozitutako meritu guztiek eta bakoitzak Euskadiko segurtasun publikoari egiten dioten ekarpen erreala, zehatza eta eraginkorra.  Eta zuek ordezkatzen dituzuen segurtasun-zerbitzu pribatuen eta Ertzaintzak egunez egun eskaintzen duen polizia-zerbitzu publiko eta integralaren arteko lankidetzari egindako garrantzi handiko ekarpen esanguratsua dela esan behar da”, adierazi du Segurtasuneko sailburuordeak.  

Bere esku-hartzean, Zubiagak zibersegurtasun-zentro publikoa sortu izanaren garrantzia azpimarratu du, bai eta Euskadiko Segurtasun Batzordean hartutako erabaki eta akordioena ere, “gure herritarren segurtasunaren aldeko ekintza positiboak” baitira, esan du.

Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan ohorezko aipamenak emateko Ebaluazio Batzordeak guztira 49 proposamen aztertu ditu, eta horietako 18 saritzea erabaki du.

Segurtasun pribatuari emandako sari garrantzitsuena, ohore-domina, Metropor etxeko segurtasun-buruari, José Ramón Basterretxeari, eman diote, bere ibilbide luzeagatik eta, bereziki, 2016ko irailean Plentzian gertatutako sexu-eraso batean Ertzaintzak erasotzailea atxilotzen eta identifikatzen lagundu izanagatik.  

Bestalde, ohorezko sariak jaso dituzte Juan Bernabé Ramos Muñozek (Prosegur), Enrique Medina Blazquezek (Bilbo Guardas), Rubén Ferreras Fernandezek (Prosetecnisa), eta ALSEko Victor Manuel Domínguez Gonzalezek eta Raúl Rosique Pérezek (Alse), Prosegurreko Jorge Pérez Arroyok eta Patxi Fernandez Calvok eta Securitaseko Manuel de Cabo Cepero eta Sergio Barba Morenok. Ohorezko saria jaso dute Sabico, BBVA eta EITBeko segurtasun-zuzendari Antonio España Iglesiasek, Jorge David García Arriagak eta Jon Aitor Villa Barayak ere.

Ekitaldian diploma bat eman zaio Gasteiz de Vigilancia segurtasun-enpresari. Eta, azkenik, ohorezko lau plaka banatu dituzte: Renfeko Carlos López Torregori, Banco de Sabadelleko segurtasun-zuzendari ohia den Eduard Zamora Perali, Telefónica/Moviestarreko José Luis Echevarria Agirregoicoari eta Ondarroako Portuko zuzendari Antonio María Golzarri Marínezi, guztiei ere Ertzaintzarekin lankidetzan jarduteagatik.