Osasun Saila

PAINNE. Proiektua Osasun Sailaren, Hezkuntza Sailaren eta Gizarte-Zerbitzuen arteko koordinazioak umeen arreta goiztiarra hobetuko du

2017.eko martxoak 29

  • Umeen urritasunen kasuan (Down Sindromea, gortasuna, garuneko paralisia, autismoa eta jaiotze-pisu oso eskasa, besteak beste) eman beharreko arreta goiztiarra esaten zaio ume horiei eta haien familiei eta inguruneari zuzendutako jarduera-multzoari. 
  • Kalkuluen arabera, umeen % 6-7k behar dute diziplina anitzeko asistentzia-mota hau. 
  • PAINNE Proiektuak bateratze-gida bat egin du, arreta goiztiarrean inplikatutako instituzioek (Osasun Saila, Hezkuntza Saila eta Aldundia) bete beharreko jarduera- eta koordinazio-prozedurak jasotzeko. 
  • Pediatriako taldeek Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin, gizarte-arloarekin eta hezkuntzakoarekin duten koordinazioaren ondorioz, baliabideak optimizatu eta diagnostiko eta arreta gozitiarra hobetzen dira. 

 

Umeen urritasunen kasuan eman beharreko arreta goiztiarra da ume horiei eta haien familiei eta inguruneari zuzendutako jarduera-multzoa. Hauek dira helburuak: 

  • Modu goiztiarrean detektatzea haurraren garapen normalean eragina izan dezaketen arrisku biologiko, psikologiko eta sozio-familiarreko faktoreak, baita alerta-seinaleak edo edozein garapen-alterazio ere.
  • Behar diren neurri terapeutiko indibidualizatuak ezartzea ahalik eta gaitasun gehien eta ahalik eta garapen pertsonalik handiena lortzeko, eta hezkuntzaren munduan eta gizartean ahalik eta ondoen txertatzeko.
  • Euren bizi-kalitatea eta familiena hobetzea. 

Kalkuluen arabera, umeen % 6-7k behar dute arreta goiztiarra, umeen ohiko beharrak gainditzen dituzten prozesu kroniko fisiko, psikiko edota emozionalak dituztelako edo horretarako arrisku handia dutelako. 

 

PAINNE PROIEKTUA 

Bizkaiko 200 profesional baino gehiago (Bizkaiko Pediatriako taldeetakoak, emaginak, psikologoak, gizarte-langileak, hezkuntza arloko profesionalak…) ikerketa-proiektu batean ari dira lanean, garapen-zailtasunak direla-eta behar bereziak izan eta arreta goiztiarra behar duten umeen asistentzia hobetzeko.

Ahalegin horretan, hainbat erakundetako profesional-talde batek prozesukako kudeaketako metodologia erabili du prozedurak adosteko, betiere paziente, familia eta profesionalen euren beharren identifikaziotik abiatuta. Azken helburua efikazia eta efizientzia hobetzea da haur hauei eta euren familiei eman beharreko atentzioan; eta, horrez gain, eurek egin beharreko ibilbidea erraztu nahi zaie, bai eremu sanitarioko asistentzia-mailen arteko trantsizioan (lehen maila, espezializatua, osasun mentala), bai eremu sozial eta hezkuntzakoari dagokienez ere. 

Osaun Sailaren/BIOEF-en ikerketa-proiektua elkarlanean egin da Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-zerbitzuekin eta Hezkuntza Saileko heziketa-behar bereziko umeen gaineko aholkularitzekin; eta, horren ondorioz, Jarduera Klinikorako PAINNE 2017 Gida eta PAINNE Bizkaia 2016 Baliabide Aurkibidea egin dira. Gida Bilbon “Jardunbide egokiak arreta integratuan” izenarekin egindako ekitaldian aurkeztu da. 

Gida egiteko, hiru urtez lan egin behar izan dute diziplina anitzeko sei taldek, osasungintzako, gizarte-arloko, hezkuntza-eremuko eta hirugarren sektoreko profesionalek osatutakoek, hain zuzen ere. 

Talde-lanari esker, pertsonen eta organismoen arteko komunikazioa hobetu ahal da; eta, horri esker, optimizatu egin daiteke kasu bakoitzari modu indibidualizatuan egin beharreko koordinazioa eta jarraipena. 

Bateratze-dokumentu bat da, arreta gozitiarrean inplikatutako instituzioek (Osasun Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Hezkuntza Saila) jarraitu beharreko jarduera- eta koordinazio-prozedurak biltzen dituena. Gida egiten, gurasoek eta hirugarren sektoreak ere hartu dute parte; eta, bertan azpimarratzen denez, funtsezkoa da Pediatriako taldeak koordina daitezela Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin eta gizarte- eta hezkuntza-eremuekin, horrela baliabideak optimizatu eta diagnostikoa eta arreta goiztiarra hobetzeko. 

Modu horretan, jarduera hauek kalitate-irizpideekin egitea lortu da, iparra eraginkortasunean eta pertsona horien onuran eta gogobetetasunean jarrita. 

Ezarpen-faseko lanaren hasierako emaitzek erakusten dute handitu egin dela arrisku psikosozialaren detekzio-maila Lehen Mailao Arretako Pediatrian 2015-2016an: Gabriel Saitua dk. proiektuaren koordinatzailearen arabera, Bilbao-Basurto ESIan, arrisku-faktoreen detekzioa % 50,05 eta % 61,78 izan zen, hurrenez hurren; eta, Barakaldo-Sestao ESIan, % 49´2 eta % 54´8. 

Era berean, Saitua doktoreak hau nabarmendu nahi du: “gidari jarraituz gero, hobetu egiten da Pediatriako taldeetatik Haurren Osasun Mentaleko Sarera deribatzeko adina, gaixotasun mental larriaren susmo diagnostikoa dagoenean (espektro autistaren trastornoak). Besteak beste, bateratu ahal izan dira erakunde arteko zeharkako lan-algoritmoak, hobetu egin da behar bereziak dituzten umeen arretaren koordinazioa, baita handitu ere gurasoen eta prozesuan inplikatutako profesionalen gogobetetasuna”.

  

Bilbo, 2017ko martxoaren 29a