Osasun Saila

Osasun Sailak 400.000 " inguru bideratuko ditu aurten hiri eta herrietan ariketa fisikoa eta eskoletan mugikortasun aktiboa sustatzera (Gobernu Bilera 2017-05-23)

logoconsejo.jpg

2017.eko maiatzak 23

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 400.000 euro inguru bideratuko ditu aurten hiri eta herrietan ariketa fisikoa eta eskoletan, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko asmoz, mugikortasun aktiboa sustatzera, Gobernu Kontseiluan gaur onartutako bi aginduren bitartez.  

Alde batetik, Osasun Sailak, aurten ere, hiri eta herrietan jarduera fisikoa sustatuko duten ekintzak bultzatzeko laguntzak emateko deialdia egin du. Hala egingo du Euskadin jarduera fisikoa bultzatzeko MUGIMENT estrategiaren barruan finkatutakoarekin eta  2013-2020 Osasun  Planean  jasotakoarekin bat etorrita. Plan horren lehentasunen arabera, gizarte aktiboagoa lortu nahi da, sektoreen arteko elkarlanaren eta  herri mailan eta komunitatean egindako lanaren bitartez.

Aurtengo deialdian 292.000 banatuko dira pertsonen eguneroko bizitzan jarduera fisikoa sustatzeko, erregulartasunez egindako jarduera fisikoak osasuna sustatzen duelako, gaixotasunei aurrea hartzen laguntzen duelako, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituelako, onura ekonomikoak dakartzalako eta ingurumenaren iraunkortasunean laguntzen duelako.

Proposatutako ekintzen artean honakoak daude: hiri eta herrietan sedentarismoari aurrea hartzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin  ekintzak eta estrategiak koordinatzeko sareak sortzea, eta hiri edo herri barruan eta inguruetan ibilbideak edo pasealekuak egokitzea eta dinamizatzea aurreikusten dituzten programak eta esku-hartzeak osatzea. Azken horiek herritarrentzako, oro har, prestatuko dira, modu seguruan eta behar bezala seinalatuak, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa eta/edo aisia aktiboa sustatzen laguntzeko.

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak beste agindu bat ere onartu du, hain zuzen ere, aurten 94.000 euroko laguntza bideratzeko EAEko Ikasleen Gurasoen Elkarteentzat (IGEak), Ikasle Elkarteentzat eta Irakaskuntza Kooperatibentzat, 2017-2018 ikasturtean Euskadiko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko ekintzak garatzeko.