Osasun Saila

Medikazioa uztartzeko programa batek agindutako medikamentu kopurua murrizten du, Bidasoaldean

farmacia2.jpg

2017.eko urriak 03

Programa, azken urte honetan garatu da, eta, bertan, 143 gaixok, Irungo eta Hondarribiako 10 farmaziek eta Bidasoako ESIren lehen mailako arretako medikuek, erizainek eta farmazialariek parte hartu dute. Egiaztatuta geratu da gaixoaren osasunerako onuragarria dela.

Bidasoako ESIk (Osakidetza) eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak eraman dute aurrera programa.

 

Donostian, 2017ko urriaren 3an.- Irungo eta Hondarribiako lehen mailako arretako farmaziek, medikuek eta erizainek medikazioa uztartzeko programa batean parte hartu dute urtebetez, Bidasoa ESIren lehen mailako arretako farmazien laguntzarekin.

Medikazioa uztartzea gaixo bakoitzak baliatzen dituen medikamentuen zerrenda era sistematikoan eta protokolizatuan erkatzea esan nahi du, arreta-mailen artean trantsizioa eman ostean, aldez aurretik eta ondoren, dagozkion esku-hartzeen bidez uneko tratamendu farmakologikoa beharrezkoa, eraginkorra eta segurua dela bermatzeko.

Farmazialariek Komunitateko Farmazian ematen duten zerbitzu profesionala da medikazioaren uztartzea.Horren bidez, farmazialariek desadostasunak antzematen dituzte, eta, gero, gaixoaren medikuak desadostasun horiek aztertu, ebaluatu eta ebatzi egiten ditu. GSEtik jakinarazi digutenez, zerbitzuak interes berezia du gaixo bati ospitaleko alta eman eta etxera bueltatzen denean, medikuaren kontsultara joan eta gero (lehen mailako arretan, arreta espezializatuan eta kontsulta pribatuan)...

Programaren emaitzak

Programan, tratamenduarekin desadostasunak erakusten zituzten 143 gaixok parte hartu dute. Programaren xedea gaixoaren segurtasuna hobetzea izan da medikamentuak hartzeari dagokionean, eta gaixoen eta osasun-profesionalen artean segurtasunaren kultura sustatzea ere bai, lehenengo horiek beren tratamentuetan inplikatzearen bidez.

Parte-hartzaileen adina 72,3 urtekoa izan da batez beste, eta % 64,3 emakumeak izan dira. Programa aurrera eraman den denboran, farmazialariek 259 desadostasun antzeman dituzte, eta medikuak jakinaren gainean jarri dituzte. Programak eta bidezko esku-hartzeek urtebete iraun dute, eta emaitza hauek lortu dituzte: medikuak  aldaketaren bat egin zuen antzemandako desadostasunen % 75,4an; 125 agindu bertan behera utzi ziren (% 54,8), 16 agindu berri eman ziren (% 7,0) eta aldaketaren bat egin zen beste 31 agindutan (% 13,6).

Osakidetzatik, Bidasoa ESIren zuzendari medikoak, Mª Eugenia Alkiza doktoreak, azpimarratu du “medikazioa uztartzea praktika erabilgarria eta beharrezkoa dela eta osasun arloko agente guztiok kolaboratu egin behar dugula gaixoarekin batera.

Bestalde, GSEko lehendakariak,  Ángel Garay jaunak, nabarmendu du uztartzeko programak egiaztatu duela “eguneratutako historia farmakoterapeutiko bakar batek gaixoaren segurtasunerako eta sistemaren eraginkortasunerako hobekuntzak dakartzala. Komunitateko farmazialariak gaixoengandik hurbil daude, eta, horregatik, aipaturiko historian desadostasunak antzemateko agente aproposak dira”, erantsi du.

Esku-hartzeak eta emaitzak

 

  • Farmazien esku-hartze gehienak (% 66,7) eman dira gaixoak ez zuelako haren historia farmakoterapeutikoan agindutako medikamentu bat hartzen. Eta esku-hartzeen bigarren kausa izan da (%13,2)  gaixoak haren historia farmakoterapeutikoan agertzen ez zen medikamentu bat hartzen zuela.
  • Gainera, gaixo bakoitzeko batezbeste medikamentu bat murriztu da, eta antzeman da larrialdi-zerbitzuetara bisitak eta ospitaleratzeak murriztu egin direla, % 16an eta % 45an, hurrenez hurren.
  • Osasun arloan lortutako emaitza horiei onura ekonomikoak gehitu behar dizkiegu; izan ere, gaixo bakoitzeko egokitutako medikazioaren eguneko batezbesteko kostua  0,79€-tik 0,37€-koa izatera pasa da, eta, beraz, % 53,16 murriztu da PSPn.

 

Azterketa-aldia amaitu da, eta ikusita emaitza onak lortu dituela, uste dugu praktika kliniko hori farmazietan ezarri beharko litzatekeela eta beste toki batzuetara estrapola daitekeela”, amaitu dute esanaz GSEtik.

Medikazioa uztartzeko programak medikamentuen zentzuzko erabilerarako eta segurtasunerako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Estrategien barruan daude.

 

Informazio gehiagorako: Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko prentsa kabinetea.

943 22 37 50 / 654 41 01 11 / sandra@crcomunicacion.com