Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gazteek alkoholaren aurrean duten espiritu kritikoa saritu du

Iceberg2017.jpg

2017.eko ekainak 05

Enkarterriko DBHko ia 1.200 nerabek Iceberg Programaren hirugarren edizioan parte hartu dute. Alkohol-kontsumoaren aurrean gazteen prebentzioa eta prestakuntza sustatzeko programa bat da hori

 

Sariak emateko ekitaldiaren buru izan da Osasuneko sailburuordea, eta euskal erakundeek bilatzen eta bultzatzen duten kultur aldaketarantz aurrera jarraitzearen alde egin du ekitaldian

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIrekin eta Enkarterriko udalerrien mankomunitatearekin batera saritu ditu gaur III. Iceberg programan parte hartu duten DBHko lehen eta bigarren zikloko ikasleak. Osasun Sailak bultzatu du ekimen hori bere lerro estrategikoen artean, «Adingabeak eta alkohola» programaren barruan; helburu nagusitzat ditu, besteak beste, adingabeen artean alkohol-kontsumoa eragoztea eta jokabide horien aurrean gizartean dagoen permisibitate-giroari amaiera ematea.

Hala bada, Iceberg programak nerabeen prestakuntza eta gaikuntza bultzatzen ditu, alkohola kontsumitzeko presioei aurre egin diezaieten; horrela aukera emanez presio horien aurrean erantzun asertiboak garatzeko, alkoholari eta haren ondorio eta arriskuei buruzko ezagutzak aldatzeko, eta bizi-estilo osasungarriak sustatzeko. Eskola eta aisiako esparruan ez ezik, baita familian, irakaskuntzan eta esparru sanitarioan ere.

Sodupeko Kultur Etxean egindako ekitaldian DBHko hainbat mailatako 1.186 ikasleek egindako lana aitortu eta proiektu irabazleak saritu dituzte honako agintari hauek: Iñaki Berraondo, Osasuneko sailburuordea; Joseba Bidaurrazaga, Osasun Publikoko zuzendariordea; eta Santiago Rabanal eta Juanmi Campayo, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko kudeatzailea eta Integrazioko zuzendaria hurrenez hurren; Esther Lasa, Enkarterriko Mankomunitateko presidentea; Álvaro Parro, Balmasedako alkatea eta Xabier Cuellar Trapagarango alkatea.

Ikasleek ikasturteari buruzko bideo txiki bat egin behar zuten aurtengo edizioan. Trapagaraneko Franciscanas de Montpellier ikastetxeko DBHko 4. mailako D taldearen Alkohola ez da jolasa bideoa izan da proiektu irabazlea; finalisten artean, berriz, Balmasedako Zubi Zaharra ikastolaren, Zallako Maristen ikastetxearen eta Franciscanas de Montpellier ikastetxeko beste talde baten lanak izan dira. 

Nolanahi ere, ekitaldiari hasiera eman dion Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondok adierazi duenez, «irabazleak ez dira saria eskuratu dutenak soilik, hala ere baitira parte hartu duten Enkarterriko DBHko 1.186 ikasle guzti-guztiak; horiek dira, izan ere, alkoholak sortzen dituen kalteen kontzientzia hartzean gehien irabaziko dutenak, era horretan osasunean, beren osasunean inbertituko dute eta». 

Sailburuordeak adierazi du, orobat, lehen mailako osasun-arazo bat dugula aurrean, eta badagoela aspalditik Jon Darpón buru duen Sailaren lehentasun gorenen artean. Mundu osoko arazoa da, eta Euskadi ez da salbuespena. Hori horrela, «gaztetasuna, jaia eta alkohola» lotzen dituen trinomio kaltegarria hautsiko duen kultur iraulketa lortzearen alde egin du, eta azken urteotan erakundearteko eta sektorearteko elkarlanaren esparruan Euskadin lortutako aurrerapen handiak nabarmendu zituen; besteak beste, «Adingabeak eta alkohola» programaren tankerako ekimenei esker, eta, duela urtebetetik gora, Eusko Legebiltzarrean ia aho batez onartu zen Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearen bitartez.

Lanaldia amaitzeko mahai-ingurua ere egin dute Carlos Sota Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariordeak bideratuta; parte-hartzaileen artean alor horretako aditu handiak izan ziren; honako hauek, besteak beste: Javier Elzo psikologoa; Teresa Laespada, Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatua; Javier Ayesta, Kantabriako Unibertsitateko Farmakologiako irakaslea; Santiago Mintegi, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdietako pediatra, eta Mª Luz Peña, Osakidetzako «Adingabeak eta alkohola» programako koordinatzailea.

 

Sodupe, 2017ko ekainaren 5a