Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak sindikatuei dei egiten diete Osakidetzaren irudia zikintzeko eta Urdulizko Ospitale berriaren osasun-zerbitzuen irekiera etengabe oztopatzeko estrategiari uko egin diezaioten
2017.eko martxoak 23
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak sindikatuei dei egiten diete beste behin, arduraz jokatu eta Osakidetzaren irudia zikintzeko eta Urdulizko Ospitale berriaren osasun-zerbitzuen irekiera etengabe oztopatzeko estrategiari uko egin diezaioten, ospitalearen helburu bakarra Osakidetzak inguruko 175.000 biztanleei eskaintzen dien osasun-arreta hobetzea baita.
Ardurazko ariketa horretan, 60 milioi euroko inbertsioa izan duen eta 400 lanpostu berri ekarriko dituen ospitalearen irekieraren aurrean -2016n Estatu osoan tamaina horrekin ireki den ospitale bakarra- agertu duten jarrera bakarra azaldu beharko liokete sindikatuek Uribe Eskualdeko, Bizkaiko eta Euskadi osoko biztanleriari: hau da, ospitale berriaren irekiera osoa eta pixkanakakoa etengabe oztopatzea eta, bidenabar, Euskal Osasun Sistema publikoari eta bere profesionalei aipua kentzea uneoro.
Demagogiaren pankarta utzi, erantzukizuna hartu eta laguntzen hasteko unea iritsi da, inguruko biztanleek lehenbailehen izan dezaten bere esku erabateko errendimenduan egongo den eta Euskal Osasun Zerbitzuko beste ospitale guztien kudeaketa-eredu berberarekin funtzionatuko duen ospitale bat, euskal gizarteak oso positiboki baloratzen duten kalitate handiko arreta bermatuko baitzaie honela.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aldetik, datozen hilabetetan lanean jarraituko dugu Uribe eskualderako osasun-zerbitzu berriak abian jarri ahal izateko, 38.000 metro karratuko ospitale baten jarduera abiarazteak dakarren konplexutasunaren eta Urdulizko Ospitalearen irekiera atzeratzeko xedearekin sindikatuek jartzen ari diren helegite eta oztopo guztien gainetik.
Gasteizen, 2017ko martxoaren 23an