Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Proiektua 11.059 milioi eurokoa da, eta gizarte politikei eta enplegua sortzeari ematen die lehentasuna (Gobernu Bilera 2017-02-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko otsailak 21

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua 2017ko ekitaldirako. Horien zenbatekoa 11.059,7 milioi euro da. Horrek % 1,2ko igoera dakar joan den urtearekiko, hau da, 126 M/€ gehiago. Bi jardun-ardatz nagusi ditu: politika publikoak bermatzea eta garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea.

Ostegun honetan, otsailak 23, erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean.

1.- Neurrizko hazkundeko testuingurua  

2017rako aurrekontuak neurrizko hazkundeko testuinguru ekonomiko globalaren barruan egin dira. Testuinguru horretan, zalantzak gai hauen inguruan ardazten dira: hazkunde-ereduaren aldaketa Txinan, Britainia Handiaren irteera Europar Batasunetik, bertako zenbait herrialdetako hauteskunde-prozesuak eta Estatu Batuetako lehendakaritza berriaren bultzada protekzionista aurreikusgarriaren ondorioak.

Munduko jarduera ekonomikoa % 3,1 inguru hazi zen 2016an. Estatu Batuen hazkundea % 1,6ra mugatu zen 2016an, eta Europar Batasunarena % 1,9ra. Bestalde, suspertzen ari diren ekonomiek izandako emaitza onaren arrazoiak izan dira, batetik, Txinan eta Indian bultzadari eutsi izana (% 6,7 eta % 7,0tik gora, hurrenez hurren) eta, bestetik, 2015ean zailtasun handiak izan zituzten herrialdeetan jaitsiera txikiagoa izatea, Errusian eta Brasilen bereziki (biak lehengaien prezioen gainbeherak baldintzatuta).

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 3,1 hazi zen 2016an. Tasa horrek bi hamarren hobetzen du 2015eko emaitza. Aldakuntza-erritmo biziena da 2007 ezkero, eta 2008an, justu krisiaren aurretik, izandako BPGaren maila berreskuratzeko balio izan du. Oreka egon da industriaren eta zerbitzuen hazkundean. Biek % 3,0tik gorako aldakuntza-tasa izan dute. Gainera, eraikuntzaren susperraldia baieztatu da.

2017an munduko ekonomiak izandako hazkundeari dagokionez, NDFk dio % 3,4 gora egingo duela. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Ogasun eta Ekonomia Sailak % 2,3ko igoera aurreikusi du 2017rako, 2016koa baino zortzi hamarren txikiagoa. Hazkunde hori % 2,1eko izango litzateke Espainiarentzat, CEPREDEren arabera. Bi kasuetan, zifra horiek balio minimotzat hartu behar dira.

Eskaria, berriz, barne-eskariaren sendotasunean oinarrituko da oraindik, % 2,0 haziko den azken kontsumoaz eta % 2,7ko igoera izango duen kapital-eraketa gordinaz. Etxeetako kontsumoaren erritmoa egokitu egingo da ekonomia osoaren erritmora, eta kontsumo publikoaren aldakuntzak aurreikusita dagoen defizitera moldatzeko beharra islatuko du.

2016an, enplegu garbiak % 1,9 egin zuen gora, hiru hamarren 2015aren gainetik. 2017an, % 1,7 inguruko igoera espero da. Euskal Autonomia Erkidegoak, gaur egun, % 12,3eko langabezia-tasa du; hau da, krisiaren aurretik zegoen enpleguaren % 10 galdu du, nahiz eta okupazioak 35.000 lanpostuko igoera izan duen 2014tik.

2.- 2017ko aurrekontuen testuinguru ekonomiko-finantzarioa 

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak 2016ko 9.102,9 M/€-ko zenbatekotik aurtengo 9.103,2 M/€-ra pasatu dira. Horrek guztizko aurrekontu-sarreren % 82,3 hartzen du.

Jaurlaritzaren aurrekontu-politika egonkortasun eta iraunkortasun finantzarioari buruzko araudiak finkatzen du. Araudi hori jasota dago Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatuan eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoan. Hala, 2017rako, BPGaren % 0,6ko defizit- eta zorpetze-helburua hitzartu da Estatuarekin; eta, zorrari dagokionez, % 13,8raino jaitsi behar izango du.

2017rako finantza-karga (interesak eta printzipala ordaintzearen ondoriozkoa) 1.036 M ingurukoa izango da. Kopuru horretatik, 788 M amortizazioari egokituko zaizkio, eta 248 M, gutxi gorabehera, interesen ordainketari. Bi kontzeptuek (amortizazioak eta interesek) jaitsiera izan dute aurreko ekitaldiarekiko.

3.- Gobernu-ekintzaren estrategia eta helburuak 2017rako 

Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuak herritarren oinarrizko bi kezka hauei erantzuten die: pertsonen oinarrizko beharrak beteko direla bermatzea eta kalitatezko enplegua lortzeko aukerak sortuko dituen hazkunde iraunkorra bultzatzea.

Jaurlaritzaren ekintzak herriaren lau oinarri nagusiak aintzat hartzen ditu (koalizio-hitzarmenean formulatutakoak): 1) Enplegua, suspertzea eta iraunkortasuna; 2) Giza garapena, gizarteratzea, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzu publikoak; 3) Bizikidetasuna eta giza eskubideak; eta 4) Autogobernu handiagoa eta hobea.

Era berean, adierazi beharra dago aurrekontuan planteatzen den inbertsio-ahalegina. Inbertsiora zuzendutako kapituluen zenbaketak (VI., VII. eta VIII. kapituluak) eskatzen du 2017an zifra 1.239 M-raino areagotzea. Horrek ia 43 M-ko igoera dakar joan den ekitaldiarekiko. Euskal “Y” trenbidea eraikitzeko kudeaketa-aginduaren eragina kontuan izan gabe, kapitulu horien zifra sendotu egin da 889 M/€-rekin 2017rako.

Aurrekontu-proiektuaren 11.059,7 M/€-ko guztizkoak 230 M-ko gehikuntza operatiboa dakar 2016arekiko, nahiz eta zorra amortizatu ondorengo gehikuntza 126 M-tan geratu. Horrek % 1,2ko igoera dakar joan den urtearekiko.

4.- 2017ko ardatzak: Gizarte-politikak eta enplegua sortzea 

2017ko aurrekontuaren gastuaren % 76 gizarte-politikei dagokie. Politika horietan biltzen dira, batik bat, osasungintza, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak, eta helburu dute Euskal Autonomia Erkidegoak berdintasunezko gizartearen profilari eustea, EBrenak baino pobrezia- eta desparekotasun-adierazle baxuagoekin.

Sailei dagokienez, Osasun Sailak izan du igoerarik handiena, 3.537 M/€-tik gorako aurrekontuarekin; hau da, 2016an baino 116 M/€ gehiagorekin. Kontu-sail nagusiak dira Osakidetzarenak (2.697 M/€ baino gehiago), eta Farmaziarenak eta tratamenduetara atxikitzeko laguntzenak (501 M/€-tik gora). Hezkuntzak, bestalde, ia 2.663 M/€ ditu; hau da, % 2,1eko igoera izan du 2016arekiko.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ia 1.000 M/€-ko aurrekontua du. Laguntza horiek dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, 491,3 M/€-ko zenbatekoaz (hau da, 30,3 M/€-ko igoera 2016arekiko), eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, 27 M/€-ko zenbatekoaz (iaz baino 4 M gehiago). Sail horrek 45 M/€-tik gorako gehikuntza izan du 2016aren aldean. Adierazitako kopururik, 5 M eransten zaizkio gazteen enpleguari zuzendutako berariazko kontu-sailei (dagoeneko aurreikusita daude).

Bestalde, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ia 192 M/€ ditu, eta 12,9 M-ko gehikuntza izan du 2016arekiko; batik bat, Etxebizitzari buruzko Legean ezarritako obligazioen ondorioz; merkatu librean etxebizitzarik eskuratu ezin dutenei (bereziki, gizarte-bazterketako egoeran daudenei) etxebizitza duina, egokia eta hurbilerraza lortzen laguntzeari dagokionez.

Jaurlaritzak, 2017an, gastu-bolumen nabarmen bat esleitu du ekonomia bultzatzeko, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 1.042 M/€-tik gorako aurrekontua izango du (ia 29 M-ko igoera 2016arekiko). EAEko ekonomia dagoen susperraldi ekonomikoaren esparruan, aipatu beharra dago 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) aldeko apustua. Izan ere, Jaurlaritzak 410 M/€ zuzenduko ditu plan horretara; hau da, 23,6 M-ko gehikuntza –% 6koa– egongo da aurreko ekitaldiarekiko. Beraz, Jaurlaritzak bere gain hartutako konpromisoa gainditzen du (% 5eko igoera aurreikusi zuen).

2017an, Segurtasun Sailak 626 M/€-ko aurrekontua izango du, 8 M inguruko jaitsieraz, aurten ez baitago hauteskunde-gasturik. Jaurlaritzan urteko kontu-sailean jaitsiera izan duen sail bakarra da.

2017rako aurrekontu-proiektua sailkapen ekonomikoaren ikuspegitik aztertuz gero, Langile-gastuak I. kapituluaren zenbatekoan, Administrazioaren zerbitzurako langileen ordainsariaren % 1eko igoera jasotzen da, baita Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarrien gehikuntzak ere. Gastuari buruzko Transferentziak eta diru-laguntzak IV. kapituluak 3.359 milioi euroko bolumena jasotzen du. Antzeko zifra bat, 3.386 milioi euro, Funtzionamendu-gastuak II. kapitulura zuzentzen da. Bertan sartzen da Osakidetzaren kontratu-programarako zuzkidura.

Gastuei buruzko aurreko hiru kapituluek biltzen dituzten jardunetan sartzen da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) finantzaketa edota EAEko hezkuntza-sistemaren finantzaketa, gastu kopuru handienetakoak dituzten jardunetako batzuk aipatzearren.

Finantza-gastuak III. kapituluko gastuei dagokienez, 30 M-tik gorako jaitsiera izan dute 2016arekiko.