Osasun Saila

Euskadik proiektu berritzaile bat jarri du abian ekimen zehatzekin elikaduraren bitartez osasuna hobetzeko

2017.eko urriak 30

  • “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektu berritzaile bat da, modu koordinatu eta kolektibo batean landua, elikadura osasungarriarekiko konpromisoan erreferente berezi gisa kokatuko duena Euskadi
  • 5 jardute-lerro eta lehentasunezko 18 proiektu biltzen ditu gizartearen eremu desberdinetan jateko ohitura osasungarriagoak bultzatu eta sustraitzeko
  • 1.000 egunetan lortu nahi ditu aurreneko emaitza positiboak eta lau helburu zehatz ditu: fruten eta barazkien eguneroko kontsumoa % 20 gehitzea haur eta gazteen artean; gatz-kontsumoa % 20 murriztea; azukre askeen kontsumoa % 20 murriztea eta euskal populazioaren elikadura osasungarriaren alde lan egiten duten eragileen eta ekimenen % 50ek gutxienez sarean lan egitea lortzea.
  • Elikadura osasuntsuarekin konpromisoa duen entitate zein talde oro atxiki ahal izango da proiektura, Osasun Sailaren web-orrian gaurtik aurrera erabilgarri egongo den atxikitze-prozeduraren bidez.

 

Elikaduraren bitartez osasuna sustatuko duen ingurune bat irmotzea, banakoaren eta taldearen osasuna hobetzeko helburu zehatzekin, eta era horretan elikadura-eredu desegokiei lotutako gaixotasun kronikoen goranzko joera eteten laguntzea. Horixe da “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektuaren asmo nagusia. Horretarako, 5 lerro estrategiko eta 18 proiektu jasotzen ditu, eta asmoa da aurreneko emaitza positiboak 1.000 egunetan lortzea pertsonen elikaduran esku hartzen duten eragileen inplikazio aktiboarekin.

Hala adierazi du gaur Osasuneko sailburu Jon Darpónek. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Olatz Garamendi, Eneko Atxa sukaldaria eta Mugaritz jatetxeko I+D ko zuzendaria den Daniel Lasa lagun zituela, gaur goizean eman du ezagutzera proiektua, Osasun Saila buru duena eta era koordinatu, kolektibo eta sortzaile batez landua ondokoen partaidetzarekin: Eusko Jaurlaritzako beste Sail batzuk, bereziki Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila eta Hezkuntza Saila, zenbait erakunde, Osakidetza eta Osalan, besteak beste, baita hainbat sektoretako 50etik gora profesional, enpresa eta erakunde ere, modu aktibo batean eragiten dutenak pertsonek elikatzeko dituzten jokabideetan.

Osasuneko Sailburuaren hitzetan, pertsonen osasun-egoeraren eta ongizatearen garrantzizko faktore erabakigarria da elikadura; onartuta dago minbiziaren, diabetesaren, hipertentsioaren, bihotzeko gaixotasun iskemikoaren eta, jakina, obesitatearen kasuen % 30entzat elikadura-portaera jakin batzuek osasuna babestu edo arriskuan jar dezaketela. Gaur egun, Euskadiko gaixotasun kronikoen % 95 elikadura-ereduekin, nutrizio-hutsune jakin batzuekin edo ariketa ez egitearekin lotuta daude, besteren artean.

Horregatik, elikaduraren eta osasunaren arteko lotura ukaezinaz jabetuta, “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektua bultzatuko du Osasun Sailak, Jon Darpónek adierazi bezala, “Osasun Sailari ez ezik, Eusko Jaurlaritza osoari ere dagokion konpromisoari erantzuten diona, baita Osasun Plana 2013-2020an bildutako helburuei ere”. Proiektu berritzaile honek elikaduraren bitartez osasuna sustatzeko jardute-esparru orokorra osatzen du, sentsibilizazioa areagotuz eta elikadura on baterako aukera gehiagori bide emanez, eta horretarako, Sailburuak adierazi duenez, beharrezkoa da gizartearen eremu guztietan ahalegin koordinatuak egitea eta giza elikadurarekin zerikusia duten eragile eta sektore guztiek parte hartzea, elikatzeko ohitura eta ereduetan eragina dutenek, alegia.

Hortaz, emaitza positiboak 1.000 egunetan eta lau helburu zehatz lortu nahi ditu proiektuak, jarrera errealista batetik hautatuak, elikadura-eredu osasungarriak bereganatu dituen euskal gizarte baterantz aurrera egiteko erreferentzia eta pizgarri gisa balio izango dutenak:

1.   Frutak eta barazkiak egunero jaten dituzten gazteen eta haurren indizea % 20 goratzea; hau da, gazteen % 60k fruta egunero kontsumitzea eta % 22k barazkiak egunero kontsumitzea lortzea.

2.   Gatz-kontsumoa % 20 murriztea, 9,6 gr/egun kontsumitzetik –pertsona bakoitzeko batez besteko kontsumoa– 7,5 gr/egun kontsumitzera.

3.   Azukre askeen kontsumoa % 20 murriztea, 100gr/egun kontsumitzetik –pertsona bakoitzeko batez besteko kontsumoa– 80gr/egun kontsumitzera.

4.   Euskal populazioaren elikadura osasungarriaren alde lan egiten duten eragileen eta ekimenen % 50ek sarean lan egitea lortzea, eta Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenek biltzen dituzten ekintzetakoren batekin gutxienez bat eginda.

Jon Darpón Sailburuak azaldu duenez, “Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak” proiektuak 5 jardute-lerro eta 18 proiektu zehatz ditu, ondokoei lotuta: informazioa eta ezagutza; eragileen inplikazioa; jarduta espezifikoa lehentasunezko segmentuetan, gazteek eta haurrek, eta helduek osatutakoetan; gizartean eragina izango duten kontzientziazio- eta gaikuntza-programak, eta kontrol- eta ebaluazio-sistema sinkronizatua.

Horien artean, sektoreen (ostalaritza, jatetxeak, elikagai-industria, banaketa) ahalik eta atxikimendu gehienak lortzea baita instituzio, erakunde edo beste kolektibo batzuenak ere, elikaduraren arloan hobekuntzak bultzatzea lortzeko eta hainbat elikagaitan gatza, azukrea eta gantz aseak murriztea lortzeko edo fruten eta barazkien kontsumoa sustatzeko, besteren artean. Horretarako, atxikimendu-prozedura bat egin da, eta Osasun Sailaren web orritik sartu daiteke bertan.

Gainera, eskola-jangeletan ere burutuko dira ekintzak. Gaur egun, % 50 inguru dira egunero eskola-jangeletan jaten duten haur eta gazteak, eta horregatik, ingurune horietan egiten den kontsumoan eragina izateak nabarmen lagundu dezakeela uste da haurren eta gazteen populazioaren elikadura-ereduak hobetzen, besteren artean arrazoi hauengatik:

 

  • inplikatutako haurren eta gazteen kopurua handia delako,
  • janariekiko gustuak eta ohitura garatzen diren adinak direlako,
  • eta, gure haurren eta gazteen elikadura-ereduek eragin nabarmena dutelako beren familien elikatzeko moduan.

Horregatik guztiagatik, “eskola-jangelen eguneratzea 360º” proiektua jarriko da abian, helburutzat duena fruten eta barazkien kontsumoa handitzea, eta horretarako berrikuntza-bideak aktibatuko dira bi eremutan: batetik, menuak lantzean eta aurkeztean, platerei eta elikagaiei itxura erakargarriagoa emanez, eta bestetik, kontsumo-inguruneetan, alderdi fisikoari nahiz janaria ahoratzeko erritmoen kudeaketari dagokienez.

Proiektu honi estu lotuta dago sukalde nagusien kontratazio-pleguen eta jarraipen-programen eguneratzea, era horretan ikastetxeetan elikadura osasungarria eta, orain arte bezala, NAOS Estrategiarekin (Nutriziorako, jarduera fisikorako eta obesitatearen prebentziorako estrategia) bat datozen menuak eskaintzen jarraitzeaz harago fruten eta barazkien benetako kontsumoa areagotzea lortu ahal izateko.

Hezkuntza-ekosistema osasungarria sortu nahi da eta indartu egingo da elikadura on bat mantentzeko moduari buruzko ezagutza, helburu honekin: ikastetxeak eta beste eremu batzuk, ohiturak eta ereduak eraikitzen eragina dutenak, besteren artean famili eremua edo gazteek partekatzen dituzten hainbat espazio, elikadura osasungarriaren aldeko eragin-eremu bihurtzea.

Bizi-ohitura osasungarrien ezagutza eta praktika gazteen artean bultzatzeko beste bide interesgarri bat hau da: App ludiko/pedagogiko bat sortzea, baita twitter kontu bat ere, sarea astintzeari ekingo diona eta zeregin pedagogiko bat bete eta elikadura osasungarria hedabideetan indartuko duena.

Lan-eremuan ere jardungo da, asko baitira egunero lantokian jaten dutenak, jangela edo catering zerbitzu bat dutelako edo beren janaria etxetik ekartzen dutelako. Horregatik, enpresa eta lantokietarako orientazio-programa bat bultzatuko da, hainbat neurri adosteko alderdi hauek hobetzeari begira: zer jaten den (janari osasungarriagoak), noiz jaten den (laneko ordutegiak, janaria ahoratzeko erritmoak…) eta nola (jatera zuzendutako gune partekatuak lantzea).

Beste helburuetako bat da ostalaritzaren eta jatetxeen sektorearekin batera lan egitea, eta multimedia-gida bat landuko dugu, ostalaritzako establezimenduak orientatuko dituena sektore horretan eskaintza osasungarri bat izan dezaten.

Vending adimentsua eta osasungarria eskueran izatea da hartu beharreko beste neurrietako bat eskaintzen diren elikagaien % 50ek gutxienez NAOS Estrategiaren baldintzak bete ditzaten.

Bestalde, osasuneko profesionalei lagundu eta haiek prestatuko dira elikadura osasungarri baterako eskaintzen dituzten jarraibide orokorrak homogeneizatzeko eta elikadura gehitzeko osasuna hobetu eta patologiak prebenitzen dituen faktore gisa.

Azkenik, proiektuak antolamendu-agertoki bat jasotzen du, programa honetan lehentasuna eman zaien proiektuak bultzatu, garatu eta haien jarraipena egiteaz gain, instituzio, erakunde eta eragile desberdinen atxikimendua biltzeko aukera emango duena pertsonen elikadura hobetzeko konpromiso bateratu bat lortzeko.

Horretarako, batzorde bat eratzea aurreikusi da, parte hartzen duten sail eta instituzio desberdinetako ordezkariek osatua, baita kontsultarako eta partaidetzarako foro bat ere, Euskadin elikadura osasungarriaren alde lan egin nahi duten sektoreen arteko etengabeko elkarrizketa-bidea izateko. Bai batzordeak bai foroak kudeaketa-unitate baten laguntza jasoko dute, zeinak programaren abiarazpena, dinamizazioa, garapena, ebaluazioa eta jarraipena koordinatuko dituen.

 

www.euskadi.eus/informazioa/elikadura-osasungarriaren-aldeko-ekimenak-euskadin/web01-a2osabiz/eu/