Ertzaintzak 250 agente berri izango ditu irailaren amaieran
2017.eko abuztuak 09
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak jakinarazi du irailaren amaieran 250 agente berri izango dituela Ertzaintzak, eta beste 300 agentek urrian hasiko dutela prestakuntza-aldia. Hartara, sailburuak aditzera eman du “Ertzaintza berritzeko prozesuan galdutako erritmoa berreskuratzen” saiatzen ari direla, Espainiako Gobernuak jarritako “betoaren" ondoren.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Segurtasuneko sailburuak aitortu du “akordio garrantzitsuak” lortu zirela duela bi hilabete egindako Segurtasun Batzordean, eta Ertzaintzaren berrikuntzarekin lotzen diren alderdiak ebatzi ahal izan zirela. Ildo horretan, Beltrán de Herediak adierazi du urte honen amaiera aldean, Segurtasun Sailak beste promozio baterako (27. promoziorako) deialdia egingo duela, 2017ko azken hiruhilean.
Beltrán de Herediak “prebentzioak” duen garrantzia nabarmendu du; are gehiago opor-garaian. Hortaz, eta etxebizitzetan izan daitezkeen lapurreten inguruan, aholkuak eman ditu: postontziak hustea, pertsianak aldian-aldian igotzea eta jaistea, edota etxeko giltza konfiantzako norbaiti uztea, etxeko atea ireki dezan eta, hartara, lapurrek erabiltzen dituzten markagailuen sistema saihets dadin. Susmo txarren bat hartuz gero, 112 telefonora deitu beharko da.
Halaber, intimitatearen aurkako jazarpen baten edo orotariko eraso baten aurrean, 112 telefonora deitu behar dela nabarmendu du, biktimari arreta berehala emateko eta erasotzailearekin eraginkorrago izateko.